Albisteak

Erniarraitzek bertso eskoletarako izen ematea ireki du

Erniarraitz Bertsozale Elkarteak ikasturte honetan ere bertso eskolak eskainiko ditu Azkoitian, Azpeitian, Errezilen eta Zestoan. Gaztetxoei, gazteei eta helduei zuzendutako saioak eskainiko dituzte.

Gaztetxoen eskolan LH 4. mailatik gorakoek eman ahal izango dute izena, eta lagunartean bertsolaritzaz gozatzeko ordubeteko saioak izango dira. Gazteen saioak bertsoaren oinarrizko ezagutza duten eta bat-batean trebatu nahi dutenentzat izango dira. Heldu hasiberrientzako saioak, berriz, bertsotan ikasteko eta zaletasunaz lagunartean gozatzeko aukera izango da.

Edozein bertso eskolatan izena eman nahi duenak erniarraitz@gmail.com helbidera idatzi beharko du datu hauek bidalita: izen abizenak, adina, herria, telefono zenbakia (haurren kasuan arduradun batena), helbide elektronikoa  (haurren kasuan arduradun batena) eta zein bertso eskolatan eman nahi duen izena (gaztetxoenean, gazteenean edo heldu hasiberrienean).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide