Albisteak

[ERREPORTAIA] Bidaiatu nahi? Miguel Santamaria

Uztaileko zenbakian, begiak itxi eta bidaia ezberdinak egiteko aukera proposatu dizuegu. Jarraian duzue Miguel Santamariak kontatu ziguna. Zuk ere zeurea bidali nahi diguzula? gustora jasoko dugu info@danbolin.eus-en

Asia Bira 2019

Miguel Santamaria Pizarro

Oso garbi neukan Txinara joatea nahi nuela 2019ko nire urriko oporretan. Interneten informazioa biltzen hasi nintzen eta zer esatea nahi duzue, ikusi nuena ez zen batere ona. Txina ikaragarri zabala da, beraz eskualde bat aukeratu behar, hegaldi merkeak, baina berrehun euroko bisa ordainduta; urriko lehen astean txinatarrek Golden Week ospatzen dute, txinatarren urteko turismo sasoi garaiena da; hondartza onenak Hainan uhartean daude eta hara heltzea nahiko korapilatsua da; txinatarrekin, oro har, ingelesez hitz-egiteko gaizki (erne! ni ere ez naiz ingelesean aditua baina moldatzen naiz).

Egoera eskasa zen, baina azken urteetako bidai esperientzietatik ikasita, planak moldatzen eta egokitzen joan nintzen. Horrela, Txinan Golden Week ospatzen ari ziren bitartean, Malaysiara joan nintzen atseden bila. Kuala Lumpur Malaysiako hiriburua izateaz gain, Asiako low cost hegaldien paradisua da. Lehendik ere ezagutzen nuen, beraz, ez nuen denbora gehiegirik pasa eta ipar-mendebaldean dagoen Langkawiko penintsulara joan nintzen eguzki, hondartza eta snorkel bila.

Han nengoela, inguruan dagoen Koh Lipe (Thailandia) uharte txiki eta zoragarri batez hitz egin zidaten eta plan hoberik ez neukanez, ferrya hartu eta hara joan nintzen. Sekulako tokia aizue!! Bost egun hondartza ia hutsetan palmera azpian etzanda eta snorkel tourrak egiten! Izan ere, Langkawi ondo dago, baina turismo familiarrari zuzendua dago eta Koh Lipe (Thailandia osoa bezala) nahiko motxileroa da eta hori izan ohi da nire giroa.

Koh Lipen nenbilela, hurrengo tokiaren bila hasi nintzen eta Singapurrera hegaldi oso merkea aurkitu nuen. Askorentzat Singapur erosketa eta luxuaren hiria bada ere, niretzat, lehendik ezagutzen nituen auzoetan dauden Hawker Centre deritzen espazioak sekulako paradisu gastronomikoak dira. Jakina, ezin nien nire dastamen papilei ezetzik esan; beraz… Singapurrera!

Egun batzuk geroago, autobusa hartu eta Malakara joan nintzen (Malaysia). Bi egun pasa nituen han, baina egun-pasa egiteko modukoa da, historia asko izan arren, ikusteko gehiegirik ez baitago, Trishaw kitshc delakoak ez ahaztekoak badira ere.

Kuala Lumpurrera itzuli, Batu kobak bisitatu, hegazkina hartu eta azkeneko txangora zuzenean: Shanghai (Txina, azkenean!). Kontua zera da: pasadizoan (transitoan) bazabiltza, Txinak, hiri batzuetan Stop Over egiteko aukera ematen dizula: hiru edo sei eguneko baimena hiria bisitatzeko bisarik ordaindu gabe. Aukera aprobetxatu eta azkeneko egunetan Shanghain izan nintzen.

Etxera itzultzeko bi egun falta zitzaizkidala, lagun batek luxuzko erloju fake bat erosteko eskatu zidan. Horri esker ezagutu nituen Shanghai erdiguneko merkatu beltzeko pertsona, azoka, kale eta ate ezkutuak. Erlojua lortzeaz gain, hango saltzaileei “alkandora-kamiseta-polo” hiru horien arteko aldea esplikatu nien. Azken erosketa horrekin bukatu zen nire bidaia.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide