Albisteak
[ERREPORTAJEA] Arroarrak hegan
— 2023-08-18Uztaileko zenbakitik ekarritako artikulua:
Nork ez du inoiz txori bat hegan ikusi eta inbidia pixka bat sentitu? Zer ote da hegan egiten jakitea?
Garai bateko zaletasuna indarra galduta egon bada ere, azkenaldian berriro jende mordoxka dabil Endoia gainean koloretako zapiak dantzatzen. Badirudi parapentea berriro ere moda-modan dagoela. Hori aitzakia hartuta, gu ere Endoian izan gara, Arroagoiko Mikel Huegun (1966), Mikel Urrestilla (1976) eta Jon Eizagirrerekin, (1980) mundu hau gertuagotik ezagutu nahian.
Mikel Huegunek txikitatik izan du hegan egitearen ideia buruan bueltaka. Gogoan du nola egurrezko hegazkinak egiten zituen. Aurreneko delta-hegalak 80ko hamarkada inguruan ikusi zituen Arroan. “Hombre pajaro” edo txori-gizon deitzen zieten Arroagoiko zeruan aurrena agertu ziren haiei. Umea zela festetan egiten ziren ikuskizunak ez dauzka ahazteko. Jende pila bat izaten zen Arroan delta-hegalak ikusten, eta eskola ere izan zen Arroagoian bertan.
Huegunek, noski, probatu zuen delta-hegala, baina ez zitzaion gehiegi gustatu. Parapentea asmatu zuten gero, ordea, eta hura bai, hura asko gustatu zitzaion, eta ordutik dabil hegan. “Parapentean ibiltzea hegan egitea da, eta hori gauza handia da, laino azpian sartu, laino artean ibili, putreekin batera hegan egin…”dio Huegunek.
Parapentea 86-87 inguruan egin zen ezagun, eta ez zen urte asko pasa Huegunek Sopelan ikastaroa egiterako. 1988-89 inguruan egin zuen: “23 urte izango nituen. Pare bat asteburutan ikastaroa egin, parapentea erosi, eta hemen ibiltzen nintzen, egunean hiru bat aldiz igo Endoira eta jaitsi, behin eta berriz. Egun batean txarrantxaren kontra, hurrengoan zuhaitzaren adarra… baina azkenerako ikasi!”.
Gauza guztietan bezala, honetan ere, oinarrizkoa ikastaroan ikasten bada ere, gero orduak sartu behar dira. “Teoria berehala ikasten da, baina parapentean ibiltzen denborarekin ikasten da. Gehienbat metereologia ikasi behar da, eguraldia ezagutu eta kontrolatu. Bestela, parapentea erraza da, eta gaur egungo materialekin oraindik eta errazagoa; ia ez da korrikarik ere egin behar hegan egiteko. baina, behin goian zaudela, burua argi izan behar da, eta zertan ari zaren jakin”.
Garai hartan jende asko zegoen inguruan parapentean ibiltzen ikasi nahi zuena, eta eskola ere jarri zuen martxan Huegunek. Eskolara kanpoko jende asko etortzen zen Arroagora. Aurrena behean ibiltzen ziren gora eta behera zelaian. Huegunek ikaslea prest ikusten zuenean, Endoiara igotzen ziren. “Ez zen arroar asko geratu parapentea probatu gabe. Dozena bat arroar edo elkartuko ginen” dio Huegunek.
Izarraitz delta-parapente izeneko kluba ere bazen orduan. 30 bat lagun elkartzen ziren tarteka, eta irteerak egiten zituzten. Uztaileko aurreneko asteburuan, beti, Piedrahitara joaten ziren. 4.000 metroko altuera hartzen da han, eta 200 kilometro inguru egiten dira hegan. Toki “potentea” da.
Inertziaz ezagutu zuen mundu hau Urrestillak: “14-15 urte nituela, frontoia eta nire baserria arteko zelaian zeukan Huegunek parapente eskolako praktikak egiteko gunea. Guk futbol zelairik ez genu-enez, hauxe zen han zegoena! Jende mordoxka biltzen zen etxe ondoko zelaian eta ni saltsara gertu-ratzen nintzen, girora. Mikelek, eskolako materiala uzten zigun eta zelaian praktikatzen ibiltzen ginen. Halako batean ea gotik hegan egin nahi al nuen galdetu zidan, eta nik ez nuen duda izpirik izan”.
Urrestillak ez dauka ahazteko hankak airean sentitu zitueneko aurreneko aldi hura: “Gogoratzen dut nola korrika egin eta tira sokei eta halako batean hankak zelaitik altxa eta nola airean sentitu nintzen. Hegan ari nintzen. Ordutik askotan ibili naizen arren, aurreneko sentsazio hori hor gelditzen da, ez da ahazten”.
Berarentzat parapentea “denbora pasa eder bat” da. Mendizalea izanik, berau uztartzen duen beste jarduera bat. “Batzuetan, gotik ateratzen zara eta agian haize gutxi, edo eta borroka pila bat egin behar da hegan goian irauteko, eta erdi pintxatuta zaudenean, ia behean zaudenean, eta termika burbuilatxo bat aurkitzen duzu eta pazientziarekin hartu eta, arrisku punttu txiki bat, lurra gertu edo zuhaitzak baldin badaude ere… Halako batean pixkanaka goraka hasten zara, eta erremontatzen duzu, eta berriro gora… hori mundiala da”. Baietz egiten du buruarekin Huegunek ere.
Urrestillarentzat altxorra da hegan egiteko toki hau eskura izatea. Etxetik dozena bat kilo inguruko motxilarekin oinez igo Endoira, eta hegan itzultzea etxera: “Arroara, hainbat tokitatik etortzen da jendea hegan egitera, batzuek ordubete edo gehiago egiten dute kotxez. Hau, surf zalea izan eta ondo formatzen den olatu baten aurrean bizitzea bezala da!”.
Hainbat momentu ditu gogoan Urrestillak: “altura irabazten ari zaren heinean lurrarekiko hartzen duzun prespektiba nola aldatzen den sentitzea, edo termika bera putreekin konpartitzen duzunean, beraiek gora egiten duten tokian, parapenteak ere gora egiten du, eta hor zaude zu, arrotz, elkarri begira termika berean jiratzen…”.
Jon Eizagirre
Ez zituen dozena bat urte izango Jonek Hueguni parapenteak jasotzen laguntzen hasi zenean. Okasio guztiak baliatzen zituen kanpotik etorritakoei ere jasotzen laguntzeko, eta, bide batez, ahal zuen guztietan pixka batean erabiltzeko: “Beraiek gustura parapentea jasotzen , eta ni ere bai”. “Artista bat zen hau parapenteak jasotzen! Ba al dakizu zenbat ordu egin dituen horretan?” dio Huegunek.
Urte batzuk beranduxeago, Huegunen ikasleak goitik aireratzeko prest zeudenean, Endoira laguntzen zien hark atera aurretik dena ondo zutela errebisatzera, eta behean gelditzen zen Jon walkie-talkieekin lurreratzen laguntzen: “Eskuinera, ezkerrera, frenatu eta horrelakoak esaten nizkien. Behetik ezin duzu gauza handirik egin, aginduak eman bakarrik, hegan datorrenak egin behar du egin beharrekoa. Noiz frenatu eta nola egin esaten nien, eta ni oraindik inoiz gora joan gabe nengoen!”.
Aurreneko aldirako prest zegoenean, adingabea zen oraindik, eta aitaren firmarekin igo zela gogoratzen du Eizagirrek. Orain bera da aita, eta denbora asko ez dela alaba Goranerekin ibili da. Bi plazakoan egin dute biek hegan, eta oroitzapen polita dute; hiru ordu laurden ibili ziren hegan patxada ederrean.
Azkenaldian gutxixeago dabil, ordea, eta konfiantza galdu duela pixka bat dio: “Ahaztu ez da egiten, baina gutxiago ibilita, gauza guztietan bezala, honetan ere konfiantza galdu egiten da. Buruak lan asko egiten du”.
Berriketa saio ederra egin dugu, eta inguruko guztiak aireratu dira. Gure bikotearen txanda da. Eizagirrek ez du hegan egiteko asmorik ekarri gaur. Azken pare bat hitz egin eta agur! Hor doaz hegan. Bakea transmititzen dute hegalariek, eta isilik gelditu gara gu ere.
Idatzi gabeko legeak
Eguraldi ona denean zerua ere zabalagoa da, baina, horren ona ez denean, leku gutxiagoan elkarren gainean ibili behar, eta, batez ere horrelakoetan, arau batzuk garbi izatea beharrezkoa da. Esate baterako, mendia eskuinera edo ezkerrera duzun, batek edo besteak du lehentasuna. Edota norbait termika batean jiratzen ari bada, eta zu han sartzera bazoaz, haren norabidea errespetatu behar duzu. Hasieratik markatuta dauden arauak dira, eskoletan ere erakusten dira.
Modalitateak eta lehiaketak
Parapentearen munduan ere modalitate asko daude. Frantsesek paraxuta hartu, mendia igo, eta hegan azkar jaisteko bidea aurkitu zuten parapentearekin. Baina hegan egitearen kontzeptua sartu zen gero, eta horrekin batera modalitate asko: akrobatak, speedflying…
Gure lagunak ez dira lehiaketetan ibiltzen; hauena altuera hartu eta termiketan mugitzea da, Zumai aldera joan eta etorri, Andutz aldera joan eta etorri, afizioa.
Endoitik gure ondoan ateratzen ari diren asko dabiltza lehiaketetan, ordea. Ibilbide bat puntuz puntu egin behar da ahalik eta denbora gutxienean. Maila ezberdinak daude, baina proba askotan sei ordutik gora egiten dituzte airean. 500 kilometro hegan. Goian daudela egin behar dute dena; jan, edan eta gainontzekoak.
Eguraldi-gizonak
Oso beharrezkoa da eguraldiaz jakitea. “Eguraldia errespetatu egin behar da, kontra ez egin, zu baino gehiago da eta; zu trapu batekin zoaz!” dio Jonek.
Garai batean Arroako gurutzetik, antenen ondoan dagoen gurutzetik, salto egiten zutela esan digute, baina gaur egun antenetatik egiten dute. Beti itsas aldera begira. Aireratzerakoan altuera hartu behar da, eta horretarako termika baten sartu behar. Aire beroarekin gora egiten da, eta hotzarekin behera. Endoitik itsasorantz ez dago mendi handirik parean, eta haizea garbia da. Atzera egiteak, Zestoa aldera egiteak, alegia, bere zailtasunak ditu. Mendiaren atzean, haizea beti da nahasiagoa eta arriskutsuagoa. Zestoa aldera egiteko hego haizea behar da, bestela ezin da haizearen kontra berriro Endoira itzuli. Egin izan dute Endoian atera eta Samiñon jaitsi ere. Baina hego haizea beti narrasagoa izaten da.
Gaur egun informazio asko dago, prebisio onak. Gainera, haizea normalean ez da kolpera aldatzen, badakite galerna sartuko al den, lainoa zenbaterainokoa izango den, termikak, sabaia non dagoen, alegia, zenbateraino igotzeko modua izango duten, haizeak ze indar duen, non, noiz…
Ezustekoak, sasoia eta bertigoak
Ezetz esan dute aurrena, baina gero hasi dira gogoratzen, eta, tarteka, sustotxoak ere izan dituzte horrenbeste urtean. Gehienak lurreratzerakoan, hanka gaizki jarrita egindako lesioak. Adinaz galdetu diogu gure ondoan atera berri denari, eta 66 urte dituela aitortu digu. Baina sasoia galanta! 72 urteko laguna ere badabilela oihukatu digu. Esfortzu fisikoa baino gehiago mentala behar da kirol honetan.
Bertigoaz ere aritu gara. Hankak lurrean ez daudenean ez dagoela bertigorik esan du Huegunek. Ez dela gauza bera labar ertzetik begiratzea, edo goitik dena batera ikustea.
Materiala eta tresneria
Gaur egungo materiala hobea da, pisu gutxiago du, soka finagoak… Azken finean, haizeari erresistentzia gutxiago eta kontrol gehiago.
Lehiaketetan ibiltzen direnek gauza gehiago eramaten dituzte, baina hauek altibarioa eramaten dute; metro segundoko pi-pi egiten duen aparatu bat, gora edo behera zoazen jakinarazten duena. Paraxuta ere bai, noski. “Guk bat eramaten dugu, baina jendea bi eramaten hasi da orain. Garai batean batere gabe ibiltzen ginen, ezta kaskorik ere! Bizikletakoa agian?”
Hau dio Eizagirrek paraxuta dela eta: “Beti pentsatzen duzu ez duzula sekula botako, baina aukera bat gehiago da. Dena den, jakin behar da honekin ere segundoko 5-6 metro behera zoazela. Hori gabe azkarrago, baina honekin ere hartu egin behar”.
Jone Bergara
Egin zaitez bazkide