Albisteak

[ERREPORTAJEA] Galtzada-harrizko kaleak, urtez urte, lerroz lerro

Gurea baino lurralde txiroagoetan bizi eta hona etorri den jendeak behin baino gehiagotan esan izan du atentzioa ematen diela zerak: hemengo kale eta errepide denak urbanizatuak egoteak, txukun-txukun, harlauzaz edo asfaltoz edo antzeko beste teknika batez, berdin dio. Ez da beti hala izan, ordea. Agiriek ez dute gauza garbirik esaten gai horietaz, baina, seguruenik, lehen saiakerak Ilustrazio garaiko higienizazio ikuspegitik egingo ziren. Joan Ignazio Errasti udal-eskribauak 1785ean Errege Akademiara bidali zuen txostenean, esate baterako, honela zioen: “Con calzadas curiosissimas y losas labradas a cordel por ambas ceras” (Galtzada bitxiekin eta, bi espaloietan, zuzen-zuzen landutako harlauzekin).

Dirudienez, XX. mende hasierara arte kale nagusietara (Erdikalea eta Kaleokerra) mugatuko zen zoladura berezi hura, eta nahiko txukun egongo ziren kale horiek. Gainontzean, ordea, galtzada zeharo hondatuta zegoen, hartxintxar eta lur nahasketa bat, euria egiten zuenean lokatz-toki bikaina, eta zabor narraskeriak nonahi. Horren adibide da, esate baterako, Zestoan ospatzear zeuden Lore Jokoen bezperatan (1898. urtea) Udalak agindu zuena: “Gurutze Santu kaleko galtzada arreta handiz garbitzea, Ariztondo etxetik Illarraga izkinaraino eta Atxaranguatik Gurutze muturreraino, pilatuta dagoen zaborra jasoz eta herritik kanpora gurdietan ateraz; eta lehenengo puntuan galtzada konpontzea eta bigarrenean galtzada berria egitea bertako harria aprobetxatuz; eta, azkenik, Illarraga etxearen eta Apategi etxearen artean eta horren eta Elizako sakristiaren artean utzitako hondakin pilak ere desagerraraztea”. Panorama, ikusten denez, ez zen oso higienikoa.

Herriko kaleen zoladura jartze eta bazterrak txukuntze orokorra, agiriek erakusten dutenez, XIX. mende amaieran eta, batez ere, XX.aren hasieran nagusitu zen. Oso esanguratsua da 1902an Ramon Cortazar arkitektoak Zestoako beharren inguruan egin zuen txostenak dioena: “Hainbat eta oso garrantzitsuak dira konpondu beharreko arazoak, baina guztien artean garrantzitsuena higieneari eta saneamenduari eragiten diena da”, hau da, lehendabizi ura etxeetara eramatea eta ondoren estolderia on bat. Beharrezko beste azpiegituren artean, asiloa, eskolak eta hiltegia nabarmentzen ditu Cortazarrek. Horrek guztiak, batez ere urak eta estolderiak, kale guztiak hankaz gora jartzea zekarren, eta kaleak berritu beharra ekarri zuen.

Gehienetan, lehengo galtzada zaharra altxatu eta harrizko zoladura berria jarri zuten. Esate baterako, 1883-84. urtean Calle Correo-koa (orain Gesalaga), 1908an Gurutzeagatik Labekora arteko zatia, 1917an Travesía deituriko errepidekoa (Toribio Altzaga)… 1920ko hamarkadarako ur-hoditeria eta estolderia ia guztiz amaituta zeuden, eta kaleetako lauzadura txukuna. Hurrengo mende erdian Udalak ia mantentze-lanak bakarrik egin zituen.

1970eko hamarkadarekin hasi ziren berriro zoladura lanak: XVIII. mendean harlauza zabal-zabal bikainez egindako espaloiak desmuntatu egin ziren, eta hareharrizko lauza arrunt batzuk jarri zituzten. Lehengo zaharrak lau haizetara zabaldu ziren: herriko zenbait eraikuntzatan aprobetxatu ziren (gure ustez Akoako ermitan, besteak beste) baina ba omen dira partikularren esku geratutako makina bat harlauza ere.

Gaur egungo zoladura duela 30 urtetik hona egindakoa da. Historia pixka bat egite aldera, 1988an, Estanis Narbaiza bide ingeniariari enkargatu zitzaion herriguneko zoladura proiektua egitea. 1991n, berriz, Kemen enpresari. Hark idatzitako azpiegituren eta zoladuraren oinarrizko azterlana eman zuen ontzat Zestoako Udalak 1992an.

Lanen lehen fasea 1993an hasi zen, San Joan bidetik (gaur egun Gesalaga) Erdikale pareraino. 1999an ekin zitzaion bigarren faseari, hau da, Portale kalea bukatu (gaur egun Gesalaga) eta Kale Okerretik Zesareo Diaz kalera bitartekoari. Bide batez, Laranjadiko plaza eraberritu zen. Handik denbora batera, plazarainoko kale-zatia konpondu zen (Elizkalea).

Horrela egin ziren lanak, pixkanaka, eta, bukatzeko, 2004an ekin zitzaion Erdikaleko eta Foru plazako galtzada-harria berritzeari.

Ohitu egin gara oraingo itxurara baina argazkiei erreparatuta, nostalgiak bereganatzen gaitu. Azpiegitura (ur hoditeria, estolderia, argindar kableak…), irisgarritasuna eta beste hainbat gauza asko hobetu baziren ere, nolabaiteko uniformetasun kutsua hartu zuten gure kaleek, eta eskuz egindako lanen nortasun berezi hori galdu egin zuen. Irakurleok zeuok epaitzea izango da onena.

 

Kostaldera harri bila

Zestoako kaleetarako erabilitako harria askotan goraipatu izan dute harginek eta adituek. Bere ezaugarri bikainena da ez dela irristakorra, eta hori gauza garrantzitsua da batez ere aldapa lekuetan, esate baterako, Portaleko aldapan. Ez du edozein harri klasek balio lauzadura latz bat egiteko; kare-haitz arrunta, esaterako, denborarekin labainkorra bihurtzen da.

XX. mende hasieran, zoladura lanak lehiaketara ateratzeko paperetan, argi eta garbi jartzen zuten harriaren kontu hori: “Galtzada-harriek Zumaia eta Deba arteko itsasertzeko harrobietakoak izan behar dute, edo beste edozeinetakoak, baldin eta haiek bezain onak edo hobeak badira”. Itsasertz horren ezaugarria, flysch deritzana, zera da, geruza gogorrak (kareharria) eta bigunak (margak) tartekatzen direla eta geruzok bertikalki tolestatuta daudela. Egoera ez-horizontal honek higadura errazten du eta geruzak ageri-agerian uzten ditu. Hori dela-eta, harginentzat askoz errazagoa zen galtzada-harriak lantzea. Geoparkearen zati bat, beraz, hementxe daukagu, Zestoako kaleetan.

 

Hondarra eta morteroa

Lehengo lauzaduratan ez zen, gaur egun bezala, hormigoizko morteroa erabiltzen oinarrian eta harrien juntak hartzeko. Garai haietan hondarra erabiltzen zen nagusiki: “Galtzada-harria ondo jarri behar da ilaretan, behar den hondarra bota behar da, eta, ondo jartzeko, ondo finkatu behar da, junturak hondar onarekin ondo betez, zulorik eta desorekarik gera ez dadin”.

Oinarrian hondarra erabiltzeak ez zion, agian, morteroak adinako gogortasuna emango zoladurari baina bere abantailak ere bazituen, gaur egun plazan ederki ikus dezakegun bezala: hondarrezko zoruarekin, ura iragazi egiten zen, eta, ondorioz ez zuen berarekin eramaten junturetako hondarra, baina hormigoiez egindakoan ura ez da iragazten eta gaineko hondar geruza dena berarekin garraiatzen du, juntura guztiak biluzik utzita.

 

Harriak bi puska…

XX. mende hasieran, zoladurak enkantera ateratzerakoan, garbi adierazten ziren galtzada-harrien neurriak: luzean 18-30 zentimetro, zabalean 11-18 cm eta sakoneran 14-18 cm. Azken lauzatze-lanetan, ordea (1990ko hamarkada) galtzada-harri zahar haiek bitan ebaki ziren, sakonera 14-18 izan beharrean 7-9 zentimetroko harriak utziz. Beraz, ez zen harri faltarik izan. ¿Non ote dira sobratu zirenak? Ondare publikoa lau haizetara zabalduta berriro ere.

 

Buruzuriak

Duela 24 urte Erdikaleko eta Foru plazako galtzada-harria berritzen hasi zirenean, lan horiek eragina izan zuten zezen-plazako egituraren zenbait elementuetan, hala nola, buruzuriak deitzen diren harrietan. Ehunka urtetan erabili izan ziren harri haiek zezen-plazaren zati esanguratsua ziren. “Gerta liteke –antzeko beste plaza batzuetan gertatu den bezala– pixkanaka elementu berriak eta konbentzionalagoak ezartzen joateagatik zezen-plazaren xarma eta balio historikoa erabat galtzea”, zioen herritar batek eta iritzi bera zuten beste askok ere, baina entzungor egin zuen Udalak. Zorionez, Iraeta etxearen aurrekoak errespetatu egin dira.

 

Lerroak

Lehengo zoladura zaharrak –eta oraingo berriak askoz gehiago– ematen duen lehen inpresioa erregulartasuna da. Zerikusia du horretarako harriak lerroan edo a cordel jarri izanak eta beren tamaina uniformeak. Horretan, zorrotzak ziren enkanteetako pleguak: “Galtzada-harrietako bakoitza konpondu eta landu egin beharko da, oinarrian eta ertzetan aldarorik eta irtenik izan ez dezan. Pikoz konpondu eta landuta egon beharko dute, enkantean agerian egongo diren ereduen arabera”. Neurriak ere, zehatz-mehatz ezartzen ziren: luzean 18-30 zentimetro, zabalean 11-18 cm eta sakoneran 14-18 cm. Hala ere, eskuz landuak izaki, erregulartasunaren gainetik aniztasuna nagusitzen zen.

 

Estolderia

Herriko estolderia oso garrantzitsutzat jo zen XX. mende hasieran: “Ez dadila egon etxerik herrigunean hodi biltzaileren batera bere hustubidea ez duenik. Hodi biltzaile horiek etxeetako urentzat ez ezik, euri-urentzat edo bide publikoak ureztatzerakoan erabilitako urentzat ere balio behar dute”, zioen Ramon Cortazarrek Zestoako Udalari egindako txostenak.

Estolderia lan horiek eragin nabarmena izan zuten herriko zoladuran, eta horren erakusgarri da irudia. Kaleko urak husteko egitura sinplea, bi zulotxo, nahiko handi ur dezente irensteko, nahiko txiki zaborrak eta adaxkentzako.

 

Estetika zatiak

Hainbat txokotan, konturatu ere egin gabe pasatzen diren interesgune bikainak daude. Hemengo honetan, zoladurak berea duen zuzentasuna (harriak lerro horizontaletan edo bertikaletan) kurba batekin bateratu behar da, efektu sinple eta dotore hori sortuz.

 

Fernando Arzallus

Argazkiak, Jone Bergara




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide