Albisteak
[ERREPORTAJEA] Harrizko alfonbra miresgarria
— 2023-05-11Plazako zorua desmuntatzen ari direnean eta errekarriak pilora botatzerakoan egiten duten zartateko hots hori. Harriztatzerakoan, harginak segundo laurden batean egiten duen ekintza itxuraz automatiko hori, hau da, harri egokiena aukeratzea kasu bakoitzean, dena ondo trabatuta eta bere mailan gera dadin. Errekarria bezalako gauza irregular bat parrilla geometriko baten mendean jartzeko lan hori, zeinetan nerbioak eta koadraturak obedientzia itsua eskatzen duten…
Egunetan nahiz une labur batean lanei begira egonez gero, hargintzaren munduaz ezer ez jakin arren han begira egonez gero, obra handi eta noble baten aurrean gaudela ohartzen gara. Eta iraunaraztea merezi duela.
Horrek bultzatu gaitu plaza hurbilagotik ezagutzera. Bidean, gure agiri zaharrez gain, Breogan Agulla hargin galiziarra aurkitu dugu (eta bere laguntzaileak); bokaziodun pertsona, bere lanbidea miresten duena eta harrien hizkuntza entzuten eta ulertzen dakiena. Baina plazaren kontu hau oso historia luzea da eta pixkanaka egingo dugu bidea.
Kalegurutzetik plazara
Zestoako plaza ez da beti izan gaur egungo neurrikoa. Segurua da XVI. mendearen bukaerara arte edo beranduagora arte ez zela kalegurutze bat baino askoz gehiago izan: “En la crucijada de la calle de la Iglesia de la dicha Villa al cantón de las casas de mi el dicho Esteban de Eztiola”, dio udal eskribauak 1553an; hau da, Elizkalea eta Zesareo Diaz kaleen arteko bidegurutzea.
Pentsa daiteke, beraz, Koiote eta udaletxe arteko orubea, toril aurrea, etxeak izango zirela, kalea libre utzita, jakina. Behe aldean, berriz, Iraeta etxe ingurua harresiz kanpo zegoen; 1666an eskuratu zuen kontzejuak lursail bat “plaza zabaldu eta itxura hobetzeko zezenketetarako eta bestelako jai eta funtzioetarako”. Handik 100 urte eskasera, udaletxea plaza aldera begira jarri zuten, balkoia atera zitzaion (1738), harrizko armarri ederra ere bai (1740 ingurua), eta torila eraiki zen (1767). Handik aurrera, gure plazak oraintxe bezalako neurriak izango zituen.
Nolako zorua zuen garai hartan? Agiriek ez dute deus esaten, ezta Errasti udal-eskribauak 1785ean Errege Akademiara bidali zuen txostenean ere, nahiz eta goraipatzen dituen gure kaleak “con calzadas curiosissimas y losas labradas a cordel por ambas ceras”. Labur mintzatzen dira orduko paper zaharrak.
‘Plazaren harriztatze berria’
1893a zen. Urtero bezala, udalak atera zuen lehiaketara zekorketak antolatu eta barrerak muntatzeko deialdia, eskatu zitzaion Gobernadoreari festak egiteko baimena, ospatu ziren festak, barrerak ateratakoan hasiko zen euria orduan ere, iritsi zen udazkena eta 1893ko urriaren lehenean hartu zuten erabakia zinegotziek: “Incontinenti, se tomó el acuerdo de satisfacer desde luego las obras del nuevo empedramiento de la plaza de Arrona, llevadas a cabo recientemente, y proceder inmediatamente a las del también nuevo empedramiento de la plaza mayor de esta Villa y construcción del paso comprendido entre la alhóndiga y la casa llamada Illarraga.” Bistan denez, aurrena Arroagoiko plazako zorua egin zuten eta, dirudienez, zestoarroi gustatu nola geratu zen, eta gurean ere antzeko zerbait egitea erabaki zuten.
Lana kurioso egin zutela esan digu Breogan Agulla hargin galiziarrak. Pontevedrakoa da jatorriz baina Orion bizi da duela hogei urte pasatxotik. Anaiarekin batera, Cantería Espiga enpresaren jabea da (EScultura, PIedra GAlicia), eta harri mota guztiak hornitzen eta jartzen dituzte. Beraiek dabiltza gure plaza zaharberritzen. “Lanean gabiltzan guztioi zirrara eragiteaz gain gustatu egiten zaigu, oso artisau-lana delako eta oso gurea delako. Desmuntatzen ari garenean, konturatzen gara zein ondo eginda zegoen; hainbat geruza ditu, eta horietan ikusten da aurrena zoru edo oinarri on bat egiten zutela, [harriei] eusten diena; gero ikusten duzu nola estutzen zuten [amordazar, dio berak] errekarri bakoitza, nola hondarrarekin jartzen zuten eta trinkotzen zuten. Eta berriro ere horrela egiten dugu guk, berriro heltzen gara beraiek hain ondo gogortu zuten zoru horretara (…) eta horrela konturatzen gara nola iritsi den gaur arte: ondo eginda zegoelako iritsi ahal izan da”.
Agiriek diotenez, oinarria egiteko materiala eta gaineko harriei eusteko hondarra Zumaiatik ekarri zituzten, herri hartako Jose Leon Etxeberriari eta Jose Maria Mitxelenari erosita (hurrenez hurren, 29 gurdikada eta 40). Orain, gaineko harriak desmuntatzerakoan, garbi-garbi ikusten du Breoganek zer dagoen azpian: “Azpian harrizko zera konpaktu bat dago, adreilu apurrekin eta hondarrarekin nahastuta (…). Trinkotzen zuten materialak bilatu zituzten eta ondo zapaldu zituzten, gure azpian zoru oso gogorra egiteko”.
Alfonbra egiteko harri biribilak Zumaia eta Zarautz arteko itsasertzetik ekarri zituzten (“piedra menuda que recogió en la orilla del mar entre Zumaya y Zarauz”). Sebastian Alkorta eta Migel Antia
zumaiarrak arduratu ziren biltzeaz. Galtzada-harria, berriz –adoquín mayor deitzen diote agirietan– Migel Antia eta Manuel Aizpuru zumaiarrei erosi zitzaien. Ikusten denez, herri-arkitekturan bezala, garai hartako harriztatze-lan haiek egiteko ere, inguruan biltzen zen material nagusia. Zentzu horretan, hirigintza jasangarriaz hitz egin dezakegu: egitura sinpleak itxuraz, eta inguruko baliabidetara egokituak.
Duela 130 urte plazan ibili zen lantaldea dena herrikoa zen. Bi hargin (Jose Unanue eta Jose Maria Kerejeta) eta haiekin batera peoiak: Jose Zulaika (71 egun), Roman Elustondo (57 egun), Jose Antonio Urbieta (49), Joan Maria Zulaika (31), Jose Manuel Irureta (29), Ramon Aldalur (29), Patrizio Murua (19) eta Benito Zubimendi (9). Garraio lanetan, berriz, Anizeto Regil (15 egun), Frantzisko Aizpuru (12) eta Jose Manuel Odriozola ibili ziren. Azpimarratzekoa da langileak zestoarrak izatea. Lehen, gurea bezalako herri koskor batean baziren horrelako lan bati heltzeko eskarmentua zeukaten harginak. Gaur egun, Agullak dioen bezala, “harriztatzea hargintzaren ezagutzarekin, lehen nola egiten zuten jakinda, modurik onenean nola egin daitekeen jakinda, tira… Harginak baserriak eta egiteko, hori bai, badago zerbait baina lantegi serio bat duen enpresa bat… Garai batean, harriztatutako leku ugari zeuden edonon, Euskal Herrian asko, etxe barrutan ere bai, eta galdu egin den gauza bat da”.
Kontuak kontu, orduko zestoar haiek ilusio ikaragarriarekin egingo zuten lan hura bere herria edertzeko helburuz eta inguruko plazarik ederrena egiten ari zirela sinetsita. Eta obraren tamaina ikusteko hor daude datuak: 400 m2 galtzada-harri, 1.000 m2 inguru harri, 69 gurdikada hondar… 85 eguneko lana, 567 bat egun langile denen jarduera batuz gero.
130 urte
Errekarriz edo itsasoko harri biribilarekin harriztatutako eremu asko galdu ditugu gure herrian. Urrutira joan gabe eta geure oroimen laburrera mugatuz, Zelaiakoa etxeak zeukana, kanpoko plazatxoan eta sarreran, Arroagoiko plazakoa (Zestoakoaren garai berekoa) eta abar. Gaur egun, San Joan ermitaren atariko alfonbra zoragarria geratzen zaigu –hondatzen ari dena eta ondo kontu egin beharko litzaiokeena– eta, jakina, herriko plaza. Jende franko dago herrian plazako harri hori begien aurrean ikusi nahi ez duena baina, behingoz, ondare-balioa nagusitu da irisgarritasunaren kontzeptu gaizki ulertuaren aurrean.
Iaztik dabiltza konponketa lanetan. Hasieran, zati txiki batzuk –toril aldea, Koiote eta eliz ataria…– berritu zituzten baina aurten behetik goraino dena bukatzeko asmoa dute. Deigarria da prozesu osoaren artisautza-izaera, duela 130 urteko hargin zestoarren lana egiteko moduetatik gehiegi bereizten ez dena.
Etorkizuna
Breogán Agulla galiziarra eta bere lantaldea, etorkizuna dira. Pixkanaka galtzen doan lanbide tradizional hori, bere edertasuna, bere funtzionaltasuna, jasangarritasuna gaurko gizarte modernoarekin uztartu nahi dute. Harriarekin elkarbizitzen ikasi dute, eta pasioz egiten dute bere lana.
Bi anaiak –Santiago eta Breogan– Pontevedrako Escola de Canteiros de Poio delakoan trebatu ziren; Espainiako gisa horretako eskola publiko bakarra da eta Europako bakarrenetakoa. Eskolaren helburua Galiziako lanbide zahar eta nobleenetako bat kontserbatzea eta sustatzea da, hain zuzen ere, harria lantzen irakastea: “Eskola horretan hargintzari buruzko ezagutzarik handiena lor dezakezu. 3 urte eginda hargin titulua ematen dizute eta 5 egindakoan hargin-maisu titulua. (…) Bertan dituzu eskultura, modelatua, zizelkatzea, hargintza… Bost urteak amaitzean, hargintzan edozer zizelkatzeko eta egiteko gaitasuna duzu”.
Ez dute familian aurrekari nabarmenik: “Birraitona hargina zen, baina gure gurasoak ez… Gustatzen zitzaigun, ezagutza hori hartzen joan ginen eta horretan pixka bat nabarmendu egiten ginen, nik uste. Hala, 3–4 metroko irudiak diren Madrilgo Almudena katedraleko eskulturak egitera joatea proposatu ziguten, zizelkatzera (eredua eskultore batek egina zuen baina harrira pasatu behar ziren). Artean Escola de Canteiros-en prestakuntza guztiz amaitu gabe, lan haiekin baliozkotzea proposatu ziguten”. Bi urte eman zituzten irudi haiek egiten. “Han Euskal Herriko jendeak ezagutu gintuen, hemen hargintza ezagutzen duen jende gutxi zegoela esaten ziguten, etortzera gonbidatzen gintuzten eta honantz etorri ginen. Enpresa bitan banatuta daukagu: anaia tailerraz arduratzen da eta han hiru mutil daude, eta gero nik eramaten ditut obrak eta bost gaude obran. 20 urte baino gehiago daramatzagu hemen, Orion gaude, bertan dugu gure baserria, eta gure tailerra”.
Era guztietako lanak egiten dituzte: “Gipuzkoara etortzean, hargintza tradizionalean sartu ginen, eskultura pixka bat utzi egin genuen, baina gauza txikiak egin ditugu, hala nola armarriak, tximiniak, iturriren bat… Baserriak egiten ibiltzen gara, txaleten paretak harriz estaltzen…”. Donostian, esate baterako, zaharberritze enpresa garrantzitsuenekin kolaboratzen omen dute, eta Bilbon ere lan egiten dute (beraiek kendu omen dute Moyua plazako Ogasunaren eraikineko armarri frankista).
Zestoari dagokionez, beren lehen hartu-emana kanpandorrea izan zen. Tximistak jo eta zaharberritu behar izan zenekoa: “Arkitektoak ziurtasunez jakin nahi zuen nork izan zezakeen lan hori ondo egiteko gaitasuna, eta Teusa zaharberritze enpresari deitu zion, baina haiek zaharberritzaile gisa bai, baina hargintzan ez, eta gurekin kontatu zuten, kontratatu gintuen eta guk fabrikatu eta kokatu genituen harriak. Nik uste dut udalak hortik ezagutzen gaituela, kanpandorretik…”
Miresgarria da entzutea nola kontatzen duen Breoganek, eta zein poztasunez, plazan egiten ari diren lana. Oinarri trinkoaren gainetik dauden 20
zentimetroetan ari dira: “[Lehengoek] zoruaren gainetik hareazko geruza bat botatzen zuten, eta hori bai, guk kendu egiten dugu tokia behar dugulako. Geruza horretan, hargin zaharrek harria finkatzen zuten, eta kantoika jartzen zuten, indar gehiago izan zezan, eta gero hondar berarekin juntatzen zuten; dena egiteko aukera ematen duen hondar xehea izaten da, karga desberdinak emateko edo lodiera desberdinak emateko, harriari eusteko ere bai harik eta harri-betegarriak nerbioen tartean eduki arte… Marrazkia osatzen duen egitura hori da aurren-aurrena egiten duguna, eta hor, harriak desberdinak direnez eta tamaina desberdina dutenez, nahiz eta kantoika egon, bada material kantitatearekin jokatu behar da”.
“Gero, horrek erresistentzia izan dezan, marrazki bakoitza harri txikiagoz bete eta beste posizio batean jarri eta presiopean sartu, estutu, estutu eta estutu egiten zuten, dena presioan geratzeko. Gu gauza bera egiten ari gara, baina harea izan ordez erresistentzia handiko morteroa jartzen ari gara; orduan, demagun, plazaren erresistentzia biderkatu egiten dugula lehen zuenarekiko, gauza bera eginez: morteroak lerro horiei eusten laguntzen digu, eta marrazki horri, nerbio horiek linean eusten, eta lokarriak jartzen ditugu marrazkia nolakoa den kalkulatzeko, altuera eta lerroa eramateko soilik; eta leku batzuetan galduz joan den altuera berreskuratzeko”.
Gustura ari omen dira lanean: “Guretzat plazer handia da horrelako lanetan jardutea; oso gureak dira, gustatzen zaizkigu, laguntzen digute… txispa horrekin jarraitzen, betidanik gustatu zaiguna, hau da, hargintza, gal ez dadin eragiten, eta motibatzen gaitu geure burua mantentzeko eta hor jarraitzeko lanak egotea, eta ez aldatu behar izatea gure zaletasuna ez den igeltserotzara. Eskerturik gaude jendea pozik egoteagatik eta gu horren parte izateagatik, eta horrek gurearekin jarraitzera animatzen gaitu, hori baita egitea gustatzen zaiguna, hargintza. Uste dut herriko jendea horretaz jabetzen dela, jendea gelditu egiten da, galdetu egiten dizu nola egiten dugun eta zergatik…”
Tira bada, etorkizun bikaina opa diogu gure plaza maiteenari.
Fernando Arzallus
Egin zaitez bazkide