Paperekoa
[ERREPORTAJEA] Haur guztiek dutelako aisialdiaz gozatzeko eskubidea
— 2024-09-05Zestoako Udalak, Euskara Foroak bultzatako ekimenaren baitan, Zestoako eskolaz kanpoko ekintzetan parte hartzeko dirulaguntza lerroa jarriko du martxan irailetik aurrera. Eskatzaileek dagoeneko eska dezakete dirulaguntza.
Aurrekariak
2021eko martxoaren 24an abiatu zen Euskara Foroa, euskararen normalizazioan aurrera pausuak emateko helburuarekin. Bertan, herrian euskara arloan dabiltzanak, hezkuntza arloko eragileak eta gaian interesa zuten herritarrak bildu ziren. Hasiera samarrean identifikatu zen aisialdiak herriko haur eta gazteengan duen eragin positiboa, bai euskararen erabileraren alorrean eta baita sozializazio beharrak asetzerako orduan ere.
Euskara Foroaren aurreneko bilera hartako elkarrizketa puntu nabarmenena kalean eta parkean euskararen erabilerak izan duen jaitsiera izan zen, haur eta gazteen artean, batik bat. Geroago Soziolinguistika Klusterrak eta UEMAk eginiko kale neurketek errealitate hori baieztatu zuten. Hari horri tiraka, Zestoako Herri Ikastetxeko zuzendariarekin elkarlanean, laster atera zen lehen ondorioa: aisialdiko ekintza gidatuetan haur zein gazteek euskara erabiltzen dute; joko librean, hainbat kuadrillak gaztelerara jotzen du.
Hasiera batean, Euskara Forokoek pentsatu zuten aisialdi eskaintzaren ezagutza falta izan zitekeela batik bat gaztelania erabiltzen duten hainbat kuadrillak eskolaz kanpoko ekintzetan ez parte hartzearen arrazoia eta, horren harira, 2021eko irailean herriguneko eskolaz kanpoko eskaintza ezagutarazteko kanpaina egin zen “Gure seme-alabentzat dira” lelopean. Kanpaina haren ondoren, aisialdiko eragileekin kontrastea egin zen, eta datu argigarriak atera ziren: doakoak ziren ekintzetan jatorri eta maila sozioekonomiko anitzeko haur eta gazteek hartzen zuten parte; ordaindu beharrekoetan, ez. Ondorioa argia zen, beraz: ezagutza falta gaindituta, familien ahalmen ekonomikoa zen arazoa.
Hausnarketa prozesu honekin batera, Euskara Foroa kulturartekotasunaren lanketan ere murgildu zen buru-belarri; hala, guraso ez euskaldunek eskolako informazioa behar bezala jaso dezaten bitartekoak jarri dira martxan eskolan, besteak beste, guraso bileretan Telegram bidez euskal hiztunak ez direnei zuzeneko itzulpena egiten zaie, baina bilera bakarra egiten dute guraso guztiek elkarrekin.
Eskolako informazio-bideak bideratuta eta doituta, konpontzeke zegoen eskolaz kanpoko jardueratara sarbidea bermatuko zuen araudia. Horretara etorri da bi errealitateak batuta, debatea eskubideetan oinarritzeko beharra.
Doako eskaintza indartu
Zestoako Ekain Guraso Elkarteak Eskola Kirola eta Kirolaz Josta antolatzen ditu aspalditik, eta guraso elkarteak berak bermatu izan du ordaindu ezin duten familietako haurrek doan parte hartu ahal izatea. Horrez gain, Zestoako Udalak Gazteleku zerbitzua eskaintzen du doan urte osoan zehar, eta baita Barbantxo aisialdi taldearen ekintzak ere, ostiral arratsaldetan. Udan, berriz, Udaleku irekiak antolatzen ditu, eta hor ere aspalditik daude ordaindu ezin dutenek doan parte hartu ahal izateko mekanismoak martxan.
Euskara Foroak diagnostikoa egin zuenean, aurreneko pausua doako eskaintza hori handitzea izan zen, eta norabide horretan hainbat ekimen jarri ziren martxan. Horretarako, foroko kideek Guraso Elkartearekin eta hainbat herritarrekin egin zituzten aliantzak, eta horrela abiatu ziren zenbait ekimen, gurasoen lan boluntarioa ardatz. “Kontaidazu ipuin bat”, “ePELIan” eta “Irakurle gazteen kluba” izan dira martxan jarri ziren eta jarraitzen duten ekimen arrakastatsuetako batzuk.
“Kontaidazu ipuin bat” egitasmoa 2015ean jarri zen martxan. Ikasturtean zehar, asteartetan, herritar batek ipuin bat kontatzen die haurrei Zestoako Udal Liburutegian. Haurren adin-tartea aldatu egiten da kontalariaren eta ipuinaren arabera. Doakoa da, baina aforo kontuak direla eta izena eman behar izaten da.
“ePELIan” egitasmoa 2022ko urrian jarri zen martxan eta neguko igande arratsalde ilunetan haurrentzat bideo-emanaldia egiten du Guraso Elkarteak. Boluntarioak txandaka egiten dute lan eta sarrera doakoa da.
“Irakurle gazteen kluba” pasa den ikasturte honetan jarri da martxan eta, izenak dioen bezala, irakurle taldea da. Liburutegi zerbitzuak eta Danbolinzulo Kultur Elkarteak koordinatu eta dinamizatu dute eta ikasturte honetan 15 ume aritu dira. Irakurzaletasuna sustatzea du helburu egitasmoak.
Esan bezala, egitasmo berriak jarri dira abian azken urteotan, baina Zestoan hainbat elkarte dago urteetan haur eta nerabeekin lanean ari dena, eta horietara sarbidea bermatzea zegoen egiteke. 2023an, 2022-2023 ikasturtea bukatzear zela, gai hori mahaigaineratu zen Euskara Foroan eta Zestoako Udalak gaia aztertu eta proposamena egiteko konpromisoa hartu zuen; konpromiso haren emaitza da araudi berria eta 2024-2025 ikasturtean izango da indarrean.
– Itxaropena Dantza Taldea.
– Abantzu Pilota Elkartea.
– Futbol Eskola.
– Bertso Eskola.
– Interpretazio Eskola.
Udal ordezkari eta teknikariek azaldu digutenez, Musika Eskolaren eskaintza hezkuntza arautuaren markoan kokatzen da, eta ez aisialdiarenean, eta ez da araudian sartu. Dena den, etorkizunean aukera hori aztertzea ez du baztertu Zestoako Udalak.
– Diru-sarrerak Bermatzeko Erretaren (DBE) onuradun izatea.
– Gizarte Larrialdietako Laguntzaren (GLL) onuradun izatea.
– Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera laguntzaren (BGDS) onuradun izatea.
– Laguntza horien onuraduna ez izan arren, pareko diru-sarrerak dituzten familia unitateek ere eskatu ahal izango dute dirulaguntza; horretarako, Gizarte Zerbitzuekin hitzordua hartu beharko dute, kasua azter dezaten.
Inklusioa
Eskola inklusiboa, metodologia inklusiboak… azken urteotan hezkuntzaren inguruan aritzea tokatu zaionak entzunak izango ditu kontzeptuak; izan ikasketetan landu izanagatik, izan hezkuntza komunitatean parte hartzeagatik… edo besterik gabe, gaian interesa izateagatik. Inklusio kontzeptu horrekin kontrajarrita, ez zaio inori arrotz egingo segregazio kontzeptua ere.Eskola-segregazioa edo hezkuntza-segregazioa ikasleak euren gaitasun, talde etniko, jatorri edota maila sozioekonomikoaren arabera eskola eta gela desberdinetan segregatu edo banatzea da, hezkuntza haientzat modu desberdinetan garatuz. Eusko Jaurlaritza oraindik orain hasi da errealitate horri aurre egiteko hainbat neurri hartzen. Dena den, Zestoako herrigunean eskola bakarra daukagu eta, eskola bakar eta publikoa izatea medio, bertan eskolaratzen dira Zestoako haur guztiak, izan autoktono, kanpotik etorritako, maila sozioekonomiko altuko zein baxuko. Errealitate hau medio, eskolaren abiapuntua inklusiboa dela esan genezake, herriko familia guztien errealitateei erantzun behar dielako. Bestelako erronkak planteatu ditu horrek, baina poliki-poliki, kulturartekotasuna lantzeko proiektuaren bidez, besteak beste, hezkuntza komunitatea ari zaie erronkei erantzuten.Inklusioa eta, zehatzago, haur eta gaztetxoen inklusioa ez da eskolara mugatzen, ordea. Gizarte inklusiboa nahi badugu, eskolaz kanpo egiten diren jardueretara ere bermatu behar da sarbidea. Gainera, “Haurrak aisialdi, jolas eta ekintza kultural eta artistikoetan parte hartzeko eskubidea du”. Hala dio 1989ko ekainaren 20an Arartekoak egindako Haurren eskubideei buruzko hitzarmena. Ez da atzo goizekoa, hogeita hamabost urte pasa dira hitzarmen hori idatzi zenetik. Badakigu gure gizartean paperean aitortutako hainbat eskubide ahalmen ekonomikoaren baitan daudela eta hala egon da gure herriko eskolaz kanpoko aisialdi eskaintza ere orain arte. Atzerapenarekin bada ere, eskubidea bermatzeko mekanismoak martxan jartzen hasiak gara herrian.Izan ere, aisialdi, jolas eta ekintza kultural eta artistikoak diruditena baino garrantzitsuagoak dira gizakiaren garapenean. Guztiok ez gara berdinak eta norbere zaletasun eta potentzialitateak garatzeko ezinbesteko espazioak dira, hezkuntza formalaz gain. Euskara Foroak hartu zuen iniziatiba eta hausnarketaren abiapuntua, beraz, euskara izan zen; haratagoko gaia da, ordea.Eskolaz kanpoko jarduerek hainbat esparrutan laguntzen die haurrei; besteak beste, komunitateko partaide sentiarazten dituzte, abilezia sozialak hobetzen laguntzen diete, konfiantza garatzeko onuragarriak dira eta ondo pasatzeko espazio seguruak eskaintzen dizkiete, gutxienez heldu baten begiradapean. Aisialdian pantailek gero eta protagonismo handiagoa duten garaiotan, horietatik aldentzeko bide eraginkorra izan daiteke eta, etxean euskararik ez daukaten haurren kasuan, euskara praktikatzeko beste espazio bat ere bada. Berdinen arteko harremanak lantzeko espazio egokiak dira; horregatik, ezinbestean izan behar dute guztientzat. Nekez eraikiko baitugu gizarte inklusibo bat guztientzat behar luketen espazioak, edozein arrazoi medio, segregatzaileak badira. Horretara dator dirulaguntza lerroa, eskubideak bermatu eta inklusioa indartzera.
Nerea Odriozola Larrañaga
Egin zaitez bazkide