Albisteak
[ERREPORTAJEA] Lau mila goiti-beheiti
— 2025-04-21Zestoa iristear da, atzera berriz, 4.000 biztanle ingurura. Apur batzuk gehiago ere izan genituen, duela urte batzuk, baina zenbaki borobila da lau mila, eta aldizkari honetan hain gutxi landutako demografia kontuez idazteko aukera ederra ematen digu. Ez gara Adanen garaietara joango, ezta gure hiribildua sortu zenekoetara ere, baina XX. mendeari eta oraingoari errepaso xumea emango diogu behintzat.
Ezer baino lehen, komenigarria da biztanle kopuru horretaz hobeto jabetzeko, historian zehar zer zifratan ibili garen pixka bat aipatzea. Zestoako Udaleko eskribau izandako Joan Ignazio Errastiren arabera, Zestoak 300 bat biztanle zituen eta Aizarnak 700, 1785 urtean. Arroak, artean Itziarko lurralde, 500 bat. Horrela bada, 1.500 bat biztanle.
Handik 75 urtera, Pablo Gorosabel historialariak 1860ko zentsuaren berri ematen digu: 2453 biztanle. Beraz, ia mila biztanle gehiago. Hazkunde horrek zerikusi handia du herri-lurren salmentarekin eta baserri berrien sorrerarekin. Udalek Konbentzio eta Napoleonen garaiko gerretan (1793 eta 1808) egin beharreko kontribuzio edo ekarpenek gastu handiak eragin zituzten, eta herriek beren lursailak saldu beste erremediorik ez zuten izan. Zestoako Udala izan zen Gipuzkoan herri-lur gehien saldu zuenetako bat. Erosle gehientsuenak landa-jabe ertainak eta txikiak izan ziren. Egia esateko, ez ziren lur bikainegiak, onentxoenak aspalditik zeuden-eta partikularren esku, baina hala ere kontzejuari erositako baso kaskar, garaman, ote-sail malkartsu haiek garbitu zituzten lur jabe berriek eta pixkanaka baserri koskorrak eraiki zituzten bertan. Horrela biztanle kopurua igotzen joan zen pixkanaka. Pentsatzekoa denez, herritar gehienak baserrietan bizi ziren, ez herriguneetan. Aizarna, Arroa edo Zestoako oso gauza txikia ziren garai haietan.
1900-1940: pixkanaka hazten
XX. mendean, Zestoako demografiari dagokionez adituek hiru etapa bereizten dituzte: mende hasieratik gerra ondoren artekoa, handik 1970 artekoa eta, azkenik, mendearen azken 30 urteak. XXI. mendearekin batera abiatuko litzateke beste etapa bat, oraingoz azkena.
Lehen etapa (1900 – 1940) 2.661 biztanlerekin hasi zuen Zestoak eta lehen hamarkadan 400 biztanle inguru irabazi zituen; handik aurrera, 1940 arte, 3.000 biztanle inguruan ibili zen. 1900-1910 hamarkada horretako hazkundean zerikusi zuzena izan zuten kostaldeko trenaren abantailak aprobetxatuz Arroan eraiki ziren zementu-lantegiek. Garai haietan, Gracian Alberdiren fabrika zen Gipuzkoa osoan zementu tona gehien ekoizten zuena. Hark, Sansinenearen zementu-fabrikarekin, Azkueren lantegiarekin eta teila-fabrikarekin batera, lanpostu ugari sortu zituzten Arroan, eta horren ondorioz ehunka biztanle finkatu ziren bertan. Oraindik zutik geratzen diren orduko langile-etxebizitza bakanak dira dinamismo industrial haren lekuko.
1946: Zestoa aldaketaren atarian
Gerra garaiko urte ilunak gorabehera, azkar asko errekuperatu zen gure herria eta 1940-1970 urte artea izan zen Zestoa gehien hazi zen garaia. Batez ere bi arrazoi daude hazkunde hori azaltzeko: batetik, gerra garaian hasi eta 1960ko hamarkadan indarra hartuko zuen bigarren industrializazioa (lehena XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran izan zen) eta, bestetik, langile jendea baserritik kalera joaten hastea, han bizitzen jartzeko.
1946koa da Zestoako Udalak eskuartean daukan lehen erronda, eta hark lagunduko digu herriaren mapa demografikoa egiten. 3.300 biztanle inguru bizi ziren garai hartan udalerrian. Zestoan (herrigunea, Etorra, Sastarrain aldea eta Akoa batuta) 1.200 biztanle pasatxo bizi ziren. Aizarnan (Lasao eta Altzolarats bertan sartuta), 700 pasatxo. Arroan, berriz, (Iraeta, Endoia eta Txiriboga barne) 1.400 inguru.
3.300 biztanletatik 1.780 inguru, hau da, erdia baino gehixeago (%54) baserrietan bizi zen. Zestoak lur eremu zabala duenez (hamaikagarrena da azaleraz Gipuzkoan) eta gerraosteko goseteak eta abar kontuan hartuta, jendeak eutsi egin zien baserriei nahiz eta etekin handiegirik ez eman. Hiriguneak, berriz –horrela deitzea zilegi bada– bi ziren: Zestoako herrigunea eta Arroabea. Biak ala biak XX. mendearen bigarren eta hirugarren hamarkadan hasi ziren handitzen. Zestoaren kasuan, turismoaren gorakadak (kontuan izan 1920ko hamarkadan 6.000 turista etortzen zirela hiru hilabetean) izugarri handitu zuen zerbitzu sektorea: dendak, ostatuetako langileak, etxe partikularrak (garai hartako Airbnb-ak)… Horrez gain, industria ere handitzen joan zen pixkanaka (Echave y Compañía, Julián Eguiguren…).
Arroari dagokionez, berriz, inguruko zementu-fabrikak, zementu naturala ekoizten zutenak, nahiko gainbeheran geratu ziren gerra aurreaz geroztik, baina, aldiz, “Cementos ABC” porlan-fabrika –lehenago Alberdi izan zena eta geroago Rezola– orduan hasi zen etengabeko gorakadan. Enpresa hura primeran txertatua zegoen erregimen frankistaren egituran, eta horri esker etekin handiak atera zituen.
Arroan oso goiz hasi zen inmigrazioa. ABC porlan-fabrikak espetxeratutako errepublikanoak erabili zituen gerra garaian, behartutako lanak eginez, kartzela zigorra gutxitzearen truke. Horrela bada, behartutako langile haien familiak pixkanaka Arroara etorriziren, eta, gerora, bertan bizitzen jarri ziren. 1940ko hamarkadan Arroan bizi zen jende asko penintsulako hainbat tokitatik etorriak ziren, gehienak Guadalajara aldetik, baina baita Galizia, Katalunia eta abarretik ere. Urte batzuk beranduago hasi ziren hona etortzen Extremadura aldekoak eta ingurukoak. Zementu-fabrikak, Etxaideren teila-lantegiak, Azkueren errementeriak… langile franko behar izan zituzten, eta aipatzen ari garen garaietan, Arroabeak (Larratzabal aldeko baserriak eta Agote kontatuta) 400 biztanle inguru zituen, alegia –eta jarri arreta datu honi– Zestoako herrigunearen herena.
1950-1970: Zestoa goia jotzen
1940ko hamarkadako egoera hark Zestoaren gorakada jarri zuen martxan. Hazkundearen arrazoiak gerra ondorengo berak dira, baina orduko 3.300 biztanletik 4.300era pasa zen, hau da 1.000 biztanle gehiagora. Zentsuaren zehaztasun osoarekin esanda, 1940. urteko 3.106 biztanletik 1970eko 4.384 biztanlera. Inoizko gehien.
Hazkunde handiena Zestoako herrigunean gertatu zen. 1950a arte, Zestoako eraikuntza ia hiribildu historikora mugatzen zen; errebal txiki bat bazeukan Gesalaga eta Gurutze aldera, baina ezer gutxi. Hotelak nabarmentzen ziren eta industriek ez zeukaten artean garrantzi gehiegirik.
1950eko hamarkadaren erdi aldera, ordea, fundizio eta metalgintza industria berriak sortu ziren herrigunean, lehen zeudenaz gain: Egiguren, Sorazu… Horiek jende asko enplegatu zuten, eta baserrietako jende gazte asko kalera jaitsi ziren bizitzera. Bestalde, estatuko beste lurraldeetako jende franko ere erakarri zuen garai hartako egoera ekonomikoak. Ondorioz, etxebizitza falta izugarria gertatu zen, eta etxe berriak egin behar izan ziren: Aurrena, Casasbaratas delakoak, 24 bizitza, baina horrek ez zuen asko konpondu egoera larri hura. Gehiago egin behar izan zituzten, Lizarraitz aldean eta Idiazpin (Izetaneko inguruan). Baina artean hutsa ikusten zen Zestoa, kale-soroak ikusten ziren jira guztian. Ez zuten, ordea, asko iraungo: industrializazioaren eta modernitatearen eraginez, etxebizitza askoz gehiago eraiki beharko ziren, batez ere 1960ko hamarkadan: Zubimusu aldean, Idiazpin, Arteaga aldean, Gurutzeagan… Arroabean ere, antzekoa gertatu zen.
Garai hartan, beraz, baserri-guneen eta herriguneen arteko aldea erabat iraultzen da. Lehenago esan dugun bezala, 1940ko hamarkadan, %54 baserrietan bizi zen. Orain, ordea, baserrietan bizi den jendea gutxitzen-gutxitzen joango da kaletarren mesedetan. 1981. urteko datuak hartzen baditugu, 1.200 inguru (%31) gune sakabanatuetan bizi da, eta 2.560 inguru (%69) herriguneetan. 1946ko datuekin konparatuz, ia 600 biztanle gutxiago bizi da baserri-guneetan eta, aldiz, 1.000 biztanle inguru gehiago herriguneetan. (Batzuetan, datuak aztertzerakoan zalantzak sortzen dira, etxebizitza bakan batzuen kasuan, herrigunean sartu edo landagunean, baina ondorio orokorra ez litzateke oso desberdina).
1970-1990: Goian dagoenaren erortzeko arriskua
1970eko hamarkadan jo zuen goia Zestoako biztanleriak 4.384ra iritsiz, eta handik aurrera gainbehera egin zuen. 1973an petrolioaren krisia deiturikoa gertatu zen, inflazioa asko handitu zen eta jarduera ekonomikoa murriztea ekarri zuen herrialde industrializatuetan eta, beraz, euskal ekonomian. Batez ere industria astuna –gure kasuan burdina eta altzairua– izan zen sektorerik kaltetuena, eta, bereziki, euskal industria handien hornitzaile gisa funtzionatzen zuten enpresa txiki eta ertainak. Zestoaren kasuan, turismo termalaren krisia ere (eguzki- eta hondartza-turismoaren mesedetan) oso kaltegarria izan zen gure ekonomian.
Krisia Estatuko egoera politiko ezegonkorrarekin batera gertatu zen, batez ere Euskal Herrian, eta horrek nabarmen murriztu zuen erakundeen erreakzio-gaitasuna. Hala, beste herrialde batzuetan ez bezala (Alemanian edo Frantzian, esaterako), non industria-birmoldaketarako plan masiboak egin ziren, hemen ez zen birmoldaketarik planteatu 1980ko hamarkadaren hasierara arte, eta orduan ere industria-jardueraren murrizketa eta plantillen berregituraketara mugatu zen.
Horrela bada, burua altxa ezinean ibili zen Zestoa XX. mendeko azken 30 urtean. 1970eko 4.384 biztanletik, 3.081biztanlera (1.300 biztanle gutxiago) jaitsi zen (2003. urtea), gerra aurreko kopuruetara bueltatu zen.
Merezi du aipatzea zein oker ibili zen garai hartako Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (1974): izan ere, populazioa 1970ean 4.000 biztanle pasatxo izatetik 1990erako 38.000 baino gehiago izatera igaroko zela aurreikusten zuen (zifra ondo idatzita dago, bai). Hazkunde hori hartzeko, ibaiaz bestaldean, Zubiaurre ingurutik ia gaur egungo Ekainberriraino etxebizitzak eraikitzea planteatzen zuten.
Zorionez, biztanleriaren hazkunde izugarri hori ez zen gertatu, kontrakoa baizik, ezta ibaiaz bestaldeko zoro-zelaietan etxetzarrak egitea ere. 1980ko hamarkadatik 2004ra arte, biztanleriak ez zuen izan mugimendu handirik ez eta etxegintzak ere. Soilik 1990eko hamarkadan eraiki ziren etxe bakar batzuk Gesalagan eta Zubimusu kalean.
XXI. mendea eta burbuila
Biztanleen beherakada 2003. urtean eten zen (3.081 biztanle) eta handik aurrera pixkanaka igoera sumatu zen berriro. Hazkunde horrek zerikusi gehiago du populazio mugimenduarekin herriko ekonomiaren hazkundearekin baino. Mende berriarekin batera, fenomeno berri bat gertatuko da Zestoan eta beste herri askotan: kostaldeko herrietako etxebizitzen garestitzeak barneko herrietara mugiaraziko du gazte jendea. Horren ondorioz, inguruko herrietatik etorri berri askok herrian bizitzarik ez egin eta gure herria lo-leku soila bilakatzeko arriskua. Fenomeno berri horren azken adibidea Arroabeko etxegintza da, auzo hori inoiz ez bezalako testuinguru eta erronka baten aurrean jar dezakeena.
Beste herri batzuetan adituek 1990eko hamarkadaren amaieraz geroztik sumatzen duten etxegintzaren burbuila Zestoan ez da gertatuko 2000ko hamarkadaren erdi aldera arte. Orduan eraikiko dira Larrain kale barreneko etxeak, San Joangoak, Arteagakoak eta abar. 2007-08. urte inguruan hasi ziren eraikitzen Guztiok Bat zeneko orubean, baina krisiak bete-betean harrapatu zituen. 2001. urtean 1.488 etxebizitza zenbatu ziren udalerrian, eta handik 10 urtera 1.900. Beraz, 442 etxebizitza gehiago hamarkada batean, inoizko zifra altuena.
* * *
Demografiaren azterketa historiko xume batera mugatu dugu gure lana, eta ez daukagu tarterik etorkizuneko erronka demografikoez hitz egiteko, baina ezin aipatu gabe utzi nabarmenenak: biztanleriaren zahartzea, inoiz baino seme-alaba gutxiago jaiotzea, ia etenik gabe hazi den atzerritar jatorriko populazioa, azken urtetako austeritate-politikak gazteen enpleguan eta etxebizitzan izan duen eragina… Ez nolanahiko erronkak, agian azken mende eta erdian izan dugun panorama demografikoa guztiz aldatu dezaketenak. Atarian daukagu etapa berria.
Fernando Arzallus
Egin zaitez bazkide