Albisteak

[ERREPORTAJEA] Ondareaz, 30 urte pasa eta gero

Bolivia, Argentina, Ekuador, Espainia eta, nola ez, Euskal Herriko jakintsuek beren argitalpenetan aipatzen hasi aurretik, horiek denek baino askoz lehenago, Bizente Dávilak aipatu zuen, bere ikerketa sakon eta ezezagunean, Andrea Carandini arkeologo italiarraren egia handi hura: “Iraganak, gauza anitzen eta jakin-minaren iturri, desberdina egiten du gure bizitza, eta atseginez ateratzen gaitu gure ohituretatik (…). Historia gure oreka mentalaren zati bat da. Buruak funtzionatzeko beharrezkoak baldin baditu oroitzapenak, hiriek kosta ahala kosta gorde behar dute leku bat oroimenarentzat. (El País, 1989-12-16). Jesus Altunak erantsiko zion askoz geroago: “Oroitzapenak suntsitzea alzheimerra da”.

Duela 30 urte amaitu zen Zestoako Udalak sustatutako Zestoa Patrimonio Histórico-artístico azterlana. Artearen Historian lizentziatu berri zen Bizente Dávila herritarra kontratatu zen horretarako. Urtebete pasa jardun zuen lanean, eta emaitza, herriko ondare garrantzitsuenari buruzko 400 bat orrialdeko azterketa eta ia mila argazki. Pena izan zen lan izugarri hura fotokopia bidezko dozena bat aleren bitartez bakarrik zabaldu izana, eta, horregatik, aztertzen ari dira 30. urtemuga aprobetxatuz, hura dena duintasunez argitaratzeko aukera. Argazkiak, gaur egun, Interneten daude (www.guregipuzkoa.eus).
Garai haiek gogoratzeko, Dávila bera gonbidatu nahi izan dugu, eta Zestoako ondarearen argi-itzalen inguruko solasalditxoa irakurleekin partekatu.

Lehendabiziko hitza, poza
“Poz handiko momentua izan zen hura niretzat”, dio Davilak. “Urtebete pasatxo zen karrera amaitu nuela, eta pentsa nolako poza zuk ikasi duzun gaiarekin —nire kasuan, Artearen Historia— lotutako zure lehen lana zelako. Eta egia da, ordurako giro berezi bat zegoen Zestoako Udalean. Bai neuk eta baita Fernandok ere harremana bagenuen lehendik ere Udalarekin, batez ere Sebas Larrañaga idazkariarekin, eta han sortu zen Zestoako ondareari buruzko inbentario bat egiteko ideia. Ez zen izan egiteagatik egitea; Sebasek bazeukan sentsibilitate hori, eta gainera beharrezkotzat jotzen zen nolabaiteko tresna bat edukitzea ondareaz interesa eduki zezakeen edonoren esku edota obraren bat egin behar zenerako. Ordurako, martxan zegoen Zestoako Hiri Antolamendu berria (Arau Subsidiarioak). Ikusten zen, baita, nahiz eta hori pixka bat beranduago izan zen, gure ingurunea interesgarria izan zitekeela turismo ikuspegitik”.

Kultura arloan proiektu asko bultza zituen Udalak 1980ko hamarkadaren bukaera eta hurrengoaren hasieran: liburutegia, kultur etxea, artxibo historikoaren berrantolaketa, Hiri Termala proiektua. Ilusio handiko giroa, beraz: “Bestalde, motibazio handia da zeuk lehendik ere lotura izugarria daukazula herriarekin, eta ondorioz zeure herria izatea aztergaia, bada, ikaragarri pozgarria da”.

Ikerketa lehengo lege zaharrera
Garai hartan ez zen Internetik eta ordenagailurik, hasieran ez behintzat, eta dena era tradizionalean egin behar izan zen. Esate baterako, azterketaren lehen zatia idazmakinaz idatzi zen.
Dávilak dioenez, garai hartan Zestoako nahiz Euskal Herriko ondareari buruz zegoena oso oinarrizkoa zen: “Inbentario edo ondare zerrenda batzuk eta gobernuek egiten zituzten azterketa xume batzuk, elementuak ondare izendatzeko. Ez genekien ondo Zestoako ondareak zenbateko garrantzia ote zuen. Oinarri horrekin hasten naiz pentsatzen nola lortu informazio gehiago, eta nola azpimarratu kulturarako garrantzitsuak diren eta babestu behar diren elementu horiek. Horretarako azterketa historiko bat egin behar da, eta hainbat iturri erabili”.

Lehendabizi, ordura arte argitaratutako bibliografia bildu behar da: hasteko, herriko historiagileak (Joan Erentxun, Jose Maria Zunzunegi, Axun Arrazola…), eta, ondoren, herrialdeari buruzko argitalpenak. “Gero zeure kontura ikertu behar duzu. Alde batetik, elementu guztiak miatu behar dira; hori nahiko aurreratua neukan, lehendik ere badaukazulako interesa toki horiekiko eta buruan lehendik katalogatuta dauzkazulako. Izaten dira hala ere sorpresak, San Lorente ermita, esaterako: aditzera banuen, Erentxuni irakurrita, baina ez genuen ezagutu ordura arte. Altzolarats bailara ere bai, gure ezustekorik ederrenetakoa izan zen”.

“Elementu guztiak miatuta dauzkazunean, agiritegietako lana tokatzen zaizu, agian lanik zailena. Zestoako Agiritegitik hasi nintzen; izan ere, ordurako Fernandok berrantolatua eta inbentariatua baitzeukan, eta Oñatiko Protokoloen Artxiboan jarraitu nuen, banekien-eta handik agiri mordoa lortuko nuela. Eskritura, testamentu eta horrelako agiriak daude Oñatin, eta agiri oso aproposak dira ondare elementuen historia ezagutzeko”.
“Behin hiru urratsak eginda (bibliografia, bertatik bertako miaketa, agiri azterketa) gaiari bueltak ematen hasten zara, eta sortzen, zure lanari nortasuna ematen”.

Ez da ahaztu behar azterketarekin batera herriko ondarearen ia mila argazki atera zituela Dávilak: “Bai, 30 urte hauetan Zestoako ondareari milioika argazki atera zaizkiola ikusita, ahaztu egiten zaizu nolakoak ziren orduko kamerak, negatiboak errebelatu egin behar izaten zirela, eta paperezkoa izaten zela argazkia. Eskerrak argazkiak ateratzeko ideia izan genuen! Garai hartan, argazkigintza ikastaro batzuk ere antolatu zituen Udalak eta ni han nenbilen; hori zela eta, ni neu animatu nintzen argazkiak egitera”.

Azterketa bi zatitan egin zen. Batean, ondarerik garrantzitsuena eta ezagunena aztertu zen. Ondare arkeologikoa, industriala eta hotelena aparte utzi zen. Bigarren zatian, berriz, bestelako gai batzuk landu ziren. Honela kontatzen du Davilak: “Lanean hasten zarenean, badaude lehendik katalogatutako elementuak, hala nola Arretxeko atea, Lili jauregia, Udaletxea… eta gero inbentarioetan daude ikusgarrienak, nolabait esateko: parrokiak, dorretxeak, jauregiak… Berehala jabetzen naiz ezingo dudala aztertu dena. Horrela bada, elementu garrantzitsuenak hartzen ditut, horiek dira-eta dokumentazio gehien dutenak. Eta behin horiek aztertuta, beste informazio pila bat geratzen zait beste batzuena; horiek ere, nahiz eta kategoria txikiagokoak izan, ez dira interes gutxiagokoak, eta jarraitzea erabakitzen dugu. Bigarren zatian, hainbat multzoren azterketak egiten dira; esaterako, gune historikoak, baserria…”.

Zabalkundea
Ondarearen kudeaketaz hitz egiten denean, hiru atal azpimarratu ohi dira: babesa edo kontserbazioa, ikerketa eta zabalkundea. Azken atal horri buruz baikor azaltzen da Dávila: “Azterketa enkargatu zenean, Udal barrurako dokumentu bat izatea geneukan buruan, Udalak jakin zezan zeintzuk ziren elementu garrantzitsuenak eta zer ezaugarri historiko eta artistiko zituzten. Obraren bat edo esku hartzeren bat egin den kasuetan, azterketa horretara jo da. Uste dut Udalari oso baliagarria izan zaiola. Eta, gero, fotokopiak atera ziren, uste dut hamar bat ale, eta horietako bat liburutegian egon zen. Nik uste dut ikasle belaunaldi askok irakurri dutela azterketa, eskolako lan bat egin behar izan dutenean; uste dut irakasleei ere balio izan diela oinarritzat. Turismo gidaria naizen partetik ere, asko erabili dut, normala den bezala, eta uste dut Fernandok ere beti jarri diela eskura Udalera ikerketa bat egitera joan izan direnei. Zentzu horretan uste baino gehiago bete du bere helburua. Beste kontu bat da, nire estiloa ikusita —oso dibulgatzailea—, gehiago zabaldu zitekeela, herri osoarentzat erraz irakurtzeko azterlana zelako”.
Zestoa Patrimonio Histórico-Artistico azterlana oinarri ezin hobea izan zen Zestoa Villa Termal proiektua egiteko (1991); 1993an Udalak argitaratu zuen turismo gidaren edota garai bertsuan argitaratu ziren ibilbideen gida edo antzekoak egiteko ere bai… Garai hartan lantzen ari zen Hiri Antolaketa Planean ere, babestu beharreko ondarearen zerrenda egiteko, azterketa hori ibili zen. Egia esan, ikerketa horrek kimu ugari eman zituen 1990eko hamarkada osoan.

Ideia berritzaileak eta gaurkotasunekoak, duela 30 urte
Azterketan aipatutako ideia batzuk oso egungoak dira. Adibidez, gure herriko ondarea gehienbat xumea izateak ez duela bere desagerpena justifikatzen; gure hierarkia absurdoek bakarrik mailakatzen dituztela elementuak (herri mailako, herrialde mailako, nazionala…). Azterketan aipatzen da, baita, autobideak edo hiri batzuk jendez gainezka daudela, baina aldi berean badaudela bide lasaiagoak eta turismoak oraindik ukitu ez dituen herri txikiak; beraz, ibilbide alternatiboak eta askotarikoagoak bultza daitezkeela… Bat dator Davila: “Historiografiak, garai haietan, artista handiei edota monumentu handiei erreparatzen zien, baina, duela 30 urte, bestelako ideiak ere baziren: ingurunea zaindu behar dela, pertsonak mugitzen diren ingurune osoa; oroimena gordetzea beharrezkoa dela gure ingurunean eroso senti gaitezen… Eta oroimen hori gordetzeko, ez da bakarrik zaindu behar XII. mendeko katedrala; historian gertatu diren gauzen aztarna horrek denak presente egon behar du, eta aztarna horietan ez du zentzurik elementu garrantzitsuenak gorde eta bigarren mailakoak botatzeak. Helburua izan behar du ahalik eta aztarna gehiena kontserbatzeak. Orain, 30 urte pasa eta gero, ideia hori geldiezina da, eta, esate baterako, gune historikoak zaharberritzen direnean, nahiz eta esku hartze oso eztabaidagarriak badauden, osotasunari begiratuta berritzen dira, ez horko fatxada edo elementu zehatz hori bakarrik. Eta turismoak oraindik ukitu ez dituen herri txikiak direla-eta, nik turismoa gauza positibo bezala ikusi izan dut beti, eta ez turismo masifikatua, baizik-eta gauza txikiez interesatzen den turismoa, ingurunearen, herri txikien bila datorren turismoa. Uste dut gai horretan ere duela 30 urte oso ideia interesgarria ari ginela aldarrikatzen.

Balantzea egiteko ordua
Irudipena daukagu Dávilak botila erdi beteta ikusten duela: “Egia esan, nahiko gustura nago. Izan ere, garai hartan jartzen badut burua, nahiko pesimista nintzen, eta azkenean gertatu dena baino handiagoa zen nire beldurra. Uste dut sentsibilizazioa egon dela; alegia, gauzak zaindu egin behar direla. Gauza batzuk galdu ditugu, bai, batzuetan Udalak gehiegi utzi duelako eta, beste batzuetan, zoritxarrez, modurik ez delako egon elementu horiek salbatzeko”.
Davilak esan digu baserriarekin zeukala beldur handiena. Baserriak gaur egungo ekoizpen modura egokitu beharra zeukatenez, arrisku handia ikusten zuen lehengo zaharra eraitsi eta berri-berria egiteko. “Baina azken urteotan ikusten dut hori moteldu egin dela, gaur egun gutxiago eraisten direla baserriak etxe berriak egiteko. Eta ikusten ditut zaharberritzen ari diren baserri asko, eta, ahal duten neurrian, kontu handiz dabiltza. Hor bide bat egina dago. Gure baserriaren arkitektura salbatu egin behar da, gure oroimenaren zati garrantzitsua da-eta”.

Gune historikoetako egoeraz, berriz, “denetik egon da: askoz hobeto egin zitezkeen esku hartzeak, zuzenean bota egin diren eraikuntzak eta, azkenik, herriguneari itxura historikoa eman nahian pixkanaka zaharberritu diren etxeak ere bai. Balantzea ez da hain txarra”. Pixka bat gehiago zirikatuta, ordea, laster bistaratu dizkigu arantzak: “Gero daude oso korapilatsuak diren multzoak. Esate baterako, Iraeta, Gipuzkoako lehen langile etxebizitzak. Orain aldaketa izugarriak ari dira egiten, ez bakarrik barrutik, baita kanpotik ere, eta nahiz langile etxebizitza itxura mantendu nolabait, egundoko aldaketa jasan dute. Baina badaude konplikatuagoak ere, esaterako, Altzolarats jauregia; betirako galdu dugu. Hotelak, berriz, ez eraitsi dituztenak, guk umetan ezagutu genituenak, baizik-eta zutik daudenak: mantenduko al dira? Oso-oso konplikatua, ezta? Merezi du ahalegina egitea? Bai, jakina. Baina, batzuen, etorkizuna oso-oso zaila da”.

Etorkizuna
“Etorkizunera begira zer?”, galdetu diogu: “Jendea hezten jarraitu behar da, zeren-eta heziketarik ez baduzu, ondarea ez baduzu ezagutzen, duen balioaz ez bazara jabetzen, nekez zainduko duzu, ezta? Hala ere, uste dut jendeak gero eta gehiago estimatzen dituela kutsu historikoa duten lekuak, nortasuna daukatenak. Leku bati nortasuna emateko, nortasuna duen ingurune bat behar duzu. Nortasun hori naturako elementuek osatzen dute, baina baita gizakiak sortu eta eraiki dituen gauzek ere. Zaintzak eta kontserbazioak arazo bat dauka, ordea: elementu bakoitzak jabea dauka, eta zuk ezin duzu zaintzea eskatu eta ardura hori jabearen bizkar utzi. Erakunde publikoei dagokie formulak bilatzea jabearen eta herriaren interesa uztartu ahal izateko eta denontzat egokia izateko”.

Fernando Arzallus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide