Albisteak

[ERREPORTAJEA] ‘Orain lasai esan dezakegu aita guardia zibilak hil zuela, akatsa izan zela’


Terrorismoaren biktimak onartzea ondo dago, baina zer dakigu Feliperi buruz? Han joan zen emakume hura gizona guardia zibilek hilda, ezer gabe eta bi umerekin. Aurkitu egin behar da”, Kontxita Izetak hala esan zion alaba Mariani, eta hark amaren esanei jarraitu zien. Europako Parlamentuak 2000. urtean terrorismoaren biktimei buruzko ebazpena onartu zuen eta 2008an Terrorismoaren Biktimen Legea onartu zuen Eusko Legebiltzarrak. Felipe Suarez, ordea, pasa den ekainaren 26ra arte ez da biktima gisa aitortua izan.

Felipe Suarez Delgado Zestoako posta eta telegrafo bulegoko arduraduna zen 1976an. Leku aldaketa eskatu eta Zestoako postua utzi bezperatan Federiko Astilleros lagunarekin Zarautzera joan zen afaltzera, despedida moduan. Bidean, guardia zibilak tiroz hil zuen Suarez, eta Astilleros zauritu. “Biktimen aitortzaren inguruko kontuak hasi zirenean gure amak esaten zuen biktima zirela aita eta Felipe, eta errekonozitu egin behar zirela”. Horrela, Marian Astilleros Felipe Suarezen emaztearen, Valentina Perezen, eta seme-alaben bila hasi zen.

Urtetan aritu dira bila, urak irentsi zituela zirudien, baina 2016an elkartu ziren bi familiak. Ordutik harreman estua izan dute, eta ekainean ere Zestoan izan dira Feliperen seme-alabak, Felipe (Gijon, 1972) eta Noelia Suarez (Gijon, 1973). Izan ere, azkenean, aita biktima gisa aitortu dute, 1960tik 1978ra bitartean torturak eta giza eskubideen urraketa larriak jasan zituzten 35 biktima aitortzeko ekitaldia egin baitu Eusko Jaurlaritzak.

Zerotik hasi behar

Nire aita hil egin zuten, akats bategatik. Momentu horretan ez zen akats gisa tratatu eta ia korrika irten behar izan genuen hemendik, eta Palentzian babesa bilatu behar izan genuen gure familiarekin, aitona-amonekin eta gure amaren anai-arrebekin”, dio Felipek. Noeliak azaldu du amak zerotik hasi behar izan zuela, eta inolako laguntza publikorik gabe: “Ama correoseko oposizioak prestatzen ari zen, gainditu zituen eta beti egin du lan enpresa horretan. Ama estatuaren pentsio minimoarekin gelditu zen, ez zen hirurehun eurora iristen. Beste batzuek, kontrakoa gertatutakoagatik, denetariko laguntzak zituzten. Gure amak ez zuen inoiz ezer esan eta ezer erreklamatu”.

Zerbait egingo zuen’

Felipek eta Noeliak uste dute aitari gertatutakoa Gaztelan ulertzea, hemen baino konplikatuagoa dela: “Nola azaltzen duzu zure aita 1976an errepidean hil zuela guardia zibilak? Inongo alderdi politikorekin edo mugimendu sozialekin zerikusirik ez zuela, kasualitatez hil zutela?” Aitortu digute barruan gorde eta oso gertukoekin bakarrik partekatu izan dutela egoera hori.

Felipek ulertzen du guardia zibilak nahastu egin zitezkeela: “Agian beste pertsona batzuen zain zeuden, baina hala ere, garai hartan, ikusten dudanez dena justifikatuta zegoen”. Horrez gain, hedabideek nahasmena sortu nahi izan zutela uste dute, ETAren ekintza bat eta Felipe Suarezen hilketa nahastu nahi izan zituztela dirudi. “Dena batera jarri zuten, nahasmena sortzeko. Esaten ari bazara ETAko bi kidek guardia zibil bat tirokatu zutela, eta horrekin batera, jarraian jartzen baduzu auto batean zihoazen bi pertsonek kontrola saltatu zutela Meaga gainean eta tiro egin zietela… Azkenean, nahigabe dena zaku berean ari zara sartzen, dena gauza bera izango balitz bezala, eta akatsik egongo ez balitz bezala”, azaldu du Noeliak. Uste du aita eta ETAko kideak saski berean sartu zituztela. “Guk inoiz ez genuen ezer erreklamatu eta gure amak ez zuen inoiz horretaz hitz egin eta ezer jakin nahi izan. Ez ginen defendatu eta defendatzen ez zarenean errudun bilakatzen zara”.

Marianek dio aitak gutxi hitz egin zuela gertaera hartaz, baina Jexux osabak kontatzen zuela (hura joan zen aurrena Gurutze Gorrira tiroketaren ostean), garai hartan ETAko militante batzuekin nahastu zituztela. Dirudienez, guardia zibilak abisu bat jaso zuen, Meaga inguru horretan ETAkoak zihoazen auto bat zebilela. Auto hori Feliperen autoaren tankerakoa omen zen, Seat 124 zuri bat eta pentsatu zuten haiek zirela. Aitak esaten omen zuen han kontrola egon izan balitz, gelditu egingo zirela, baina han ez zegoela kontrolik. Akatsa izan omen zen, beste batzuk zirela usteko zuten. Gainera, ez zituzten gurpilak metrailatu, burura egin zioten tiro Suarezi.

Suareztarren itzulera Zestoara

Felipek eta Noeliak bi eta hiru urte zituztela hil zuten aita. Orduko oroitzapen urriak dituzte, gerora jakin dute benetan zer gertatu zen. Felipe, esaterako, bere kabuz hasi zen ikertzen: “Jendea gauzak kontatzen hasten da, zuk beti gehiago jakin nahi duzu, eta familiari galdetuta benetan zer gertatu zen kontatzen dizute”. Noeliak dio txikiak zirenean, ez ziotela inoiz kontatu aitari bi tiro eman zizkiotela errepidean; baina umeak ez dira inozoak eta gauzak entzuten dituzte: “Nire anaiak, txikia zenean, guardia zibil bat ikusten zuen bakoitzean zera esaten zuen: horrek nire aita hil zuen”.

Zestoara etortzen ausartu zen Felipe, 2015ean. Izan ere Zarautzen oporretan zebilela irakurri zuen egunkari batean bere aitaren izena: “Ni harritu egin nintzen. Biktimei egin behar zieten omenaldi baten berri ematen zuten. Garai hartan hil zuten beste enpresari baten izena ere ageri zen”. Orduan, Zestoara gerturatzea pentsatu zuen. Gogoratzen zen umetan Koiote tabernara joaten zirela Astilleros-Izeta familiarekin eta hara joan zen. Nor zen esan nahi izan zuen: “Ez nintzen ezer esatera ausartu. Hemendik pena horrekin joan nintzen, ez nintzen atrebitu inorekin hitz egitera. Ni pertsona irekia naiz, baina egun hartan isilik geratu nintzen”.

Hurrengo urtean, 2016an, Marianek hainbeste urtetako ahaleginaren ondoren, Feliperekin harremanetan jartzea lortu zuen: “Mugikorrean bateriarik gabe gelditu ginen. Hiru orduz aritu ginen hizketan. Hamar minutuan bizi guztian ezagutuko bagina bezala izan zen”. Felipek ere ildo berari jarraitzen dio: “Hitz egiten hasi ginen eta gauza asko genituen elkarri kontatzeko. Aspalditik ezagutuko bagina bezala izan zen, konturatu gabe ia hiru orduz aritu ginen. Momentu horretan erabaki nuen Zestoara itzuliko nintzela, ahal nuenean”. Arrebari kontatu zion telefono elkarrizketa, baina Noeliak ea nora joan behar zuen galdetu zion: “Niri gehiago kostatu zait, Felipek segituen etorri nahi zuen, eta ni uzkurrago nengoen. 2020ko irailean etorri nintzen, konbentzitu ninduten. Marian eta bere ama ezagutzeagatik etorri nintzen”. Valentina amak ez omen du etorri nahi izan, pandemiaren aitzakia ipintzen omen du, baina seme-alabek uste dute ez dela hori bakarrik: “Hona itzultzea gogorra litzateke oso, etorriko balitz gaizki pasatuko lukeela uste dugu, dena barruan darama”.

Harrezkero, Felipe behin baino gehiagotan etorri izan da Zestoara, eta deigarria egiten zaio zestoarrek gertatutakoa ezagutzen dutela ikustea: “Nik uste dut herri txikietan horrelako gauza bat gertatzen denean, gertakari horiek bertan errotzen direla, nahiz eta pertsona hori ez izan bertakoa. Uste dut jende guztiak injustizia moduan sentitu zuela orduan gertatua”. Felipe eta Noeliaren amaren ingurukoek ez zuten nahi izaten gaiari buruz hitz egitea, ezta Federikok ere. “Nik beti esaten dut nire aita hil zela momentu hori sufritu zuelako. Guk gaizki pasatu genuen, gure amak ere bai”. Fede Astillerosek beti eraman zuen geratutakoa bihotzean eta horrek faktura pasa ziola uste du Marianek: “Horrelako gertakariak ez dira ahazten, hark lehen pertsonan bizi izan zuen, eta bizirik irtetea lortu zuen. Gero sufritu egin zuen, ez zen errekonozitu eta kulparen zama ere izan zuen, berak gonbidatu baitzuen Felipe afaritara: beste errepide batetik joan izan bagina, lehenago irten izan bagina, afaltzera joan ez bagina… horrelako kontuak izango zituen barruan. Bizirauten duenak beti izango du hori bihotzean eta oso gaizki pasatu zuela imajina dezaket. Behin baino gehiagotan kontatu zidan guardia zibilek testigantza aldatzeko eskaerak egin izan zizkiotela. Baina Fedek beti esaten zuen han ez zegoela guardia zibilen kontrolik”.

Iritsi da aitortza

Noeliak uste du berandu iritsi dela errekonozimendua: “Gaiak gehien eragin dion jendea heldua da, eta beste asko ez daude, Marianen aita eta gurea falta dira. Nire aitaren gurasoak asko sufritu zuten; aitaren hilketak bizi guztirako markatu zuen gure amona. Hogeita zortzi urteko semea egoera horretan hil, eta ez zioten ezer azaldu; gainera, gaia ezkutatu egin behar”. Marianek dio ama Kontxita izan dela mugimendu honen guztiaren motorra, eta orain lasai dagoela: “Emozionatuta dago, lasai dago, gustatuko litzaioke Felipe eta Noeliaren ama, Valentina, ikustea. ‘Guk gurea egin dugu eta orain bakoitzak bere bidea egin dezala nahi badu’, esaten du gure amak”. Felipek dio haien amak ez zuela sinesten: “Nik errekonozitzea nahi nuen, ekitaldi instituzionalari ez genion balore askorik ematen, baina gustura gaude”.

Noeliak dio orain esan ahal izango duela zer gertatu zen: “Nik ez dut inoiz aitari buruz hitz egiten, inorekin, ezta nire anaiarekin ere. Nire lagun onenari Zestoara etorri baino bi egun lehenago esan nion etorri behar nuela”. Eta orain lasai esan dezake honako hau: “Nire aitak ez zuen ezer egin. Han bizi zen, funtzionarioa zen, ez zuen zerikusirik ezerekin eta guardia zibilek, akatsez, hil egin zuten. Orain badakit eta hori esaten duen erresoluzioa daukat”. Horrez gain, Felipek beste zerbait gaineratu du: “Biktimak biktimak dira, alde batekoak edo bestekoak. Kanpotik ikusita, ematen zuen gure aita ez zela biktima. Ia gertatutakoagatik barkamena eskatu behar genuela zirudien. Nire arrebarekin alderatuta, horren aurrean errebelatu egiten nintzen, beste era batekoa naiz”.

Gure aitak eta atzean zeuden familiak jendea galdu zuten, egun eta momentu batean leku jakin batean egoteagatik, edo nonbaitetik pasatzegatik, horiek injustiziak dira alde batean eta bestean”. Felipek dio orain dela gutxi arte biktima jakin batzuk bakarrik errekonozitu direla. Haien kasuan, gainera, bizi ziren tokian bizitzeagatik, orain arte ezin izan dute azaldu gertatutakoa. “Orain lasai azalduko dugu. Gure familientzat zirkulua ixtea da; ekitaldia errekonozimendua da, sufritu duten guztiei, batez ere, gure amei, urte hauetan guztietan benetan sufritu dutenei”.

Amaiur Aristi, Fernando Arzallus eta Itsaso Waliño

Testuingurua:
Franco 1975eko azaroan hil zen, baina hura hil ondoren ere diktadurak ez zuen etenik izan. Carlos Arias Navarro, telebistan negarrez “Franco ha muerto” aditzera eman zuen hura, izendatu zuten gobernuburu. 1976ko uztailean Adolfo Suarezek hartu zuen boterea, eta 1977ko ekainera arte ez ziren egin frankismo ondorengo lehen hauteskundeak.
Tentsio handiko giro politikoa bizi izan zen garai hartan. Estatuko aparatuetan ez zen behar adinako garbiketarik egin, eta frankismoaren garaiko metodoekin jarraitu zuten. Hildako eta zauritu ugari eragin zituzten segurtasun indarrek, kontroletan eta antzekoetan eta, batez ere, manifestazio eta mobilizazioetan. ETAk atentatuekin jarraitzen zuen, nahiz eta artean ez ziren iritsi garairik odoltsuenak.
Hego Euskal Herriko alkateen mugimendua sortu zen, 1976ko udaberrian, bost aldarrikapen nagusirekin: Nafarroaren parte-hartzea, euskararen ofizialtasuna, foruak, amnistia eta estatutuaren aldarrikapena. Zestoako Udala ere tartean zen.
Gizarte mugimenduek, berriz, dinamismo izugarria zuten. Amnistiaren aldeko eta segurtasun indarren errepresioaren kontrako aldarrikapena eta borroka etengabekoak izan ziren. 1976ko martxoan, esate baterako, sei mila langilek greba egin zuten Gasteizen. Martxoaren 3an, hango San Frantzisko elizan zegoen bilduta jendea. Polizia armatua sartu eta bost lagun hil zituen eta beste 150 zauritu.
Zestoari dagokionez, ia laurehun herritarrek preso politiko eta sindikalentzat amnistia orokorra, atzerriratuentzat itzulerako askatasuna eta Euskal Herriaren “herri nahiak” onartzea eskatu zuten 1976ko urte hasieran. Indar polizialen errepresioa ere ohiko salaketa bilakatu zen. Ohitura bihurtu zen, ahalik eta indarkeriarik handiena erabiliz, bilera eta manifestazio baketsuak desegitea, suzko armak erabiltzea baztertu gabe.
Testuinguru horretan, postetxe gainean hutsik zegoen udal idazkariaren etxebizitzan, guardia zibilarentzako behin-behineko kuartela prestatu zuten 1976ko urtarrilean. Urtebete iraun zuen kuartel hark, 1977ko otsailera arte. Paradoxa dirudi, guardia zibilen kuartela zen eraikin berean lan egiten zuen Felipe Suarez Delgado hiltzea guardia zibilen ustezko kontrol batean.

 

ARGAZKI OINAK:

1. Noelia Suarez Eusko Jaurlaritzaren ekitaldian.

2. Fraga Iribarnek Felipe Suarezen alargunari bidalitako telegrama.

3. Marian Astilleros, Felipe Suarez, Noelia Suarez eta Raquel Baraja Feliperen bikotea Zestoan.

4. Noelia eta Felipe Zestoako Correoseko bulego aurrean.

5. Marian Astilleros, Felipe Suarez, Noelia Suarez eta Kontxita Izeta Koiote tabernako terrazan.

6. Felipe eta Noelia umetan.

7. Felpe Suarez aita Valentina Perez, bere emaztea.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide