Albisteak

[ERREPORTAJEA] Osasuntsu eta lagunartean

Alferrago sentitzen zara konfinamenduaren ondoren egiten zenituen paseotxoak egiteko? Erosketak etxeko norbaitek egiten dizkizu eta jada ia etxetik atera ere ez zara egiten? Aurkitu nahiko zenuke entretenimendu berri bat zure etxeko adinekoentzat? Gustatuko zaizun proposamen bat dugu zuretzat!

Kiroldegiak, herriko bi zaharren egoitzek, jubilatuen elkarteak eta 3Z elkarteak Zestoa Osasuntsu programa osatu dute Iraurgi Berritzenen aholkularitzarekin, eta azaroan emango du bere aurreneko fruitua. Udalaren iniziatibaz sortutako proiektua da, eta parte hartze zuzena izan du gidaritzan. Denborak esango du zer ibilbide hartuko duen, baina hasiberrien irrikarik ez zaie falta.

Herri askotan daude antzeko programak martxan; bakoitzak du bere formatua, herriko ezaugarrien arabera egokitua edo maiztasunari dagokionez ezberdina. Baina guztiek dute antzeko helburua: sozializatzeko zailtasunak dituzten adinekoak aktibo mantentzea. Herri txikietan denok elkar ezagutzen dugula uste badugu ere, batzuetan bultzada bat behar izaten da beste norbaitengana gerturatzeko, eta hori ere kontutan hartu da programan.

Zein da plana?

Hilabete bakoitzeko aurreneko astean, ibilbide bat eta tailer praktiko bat eskainiko dira. Astearte arratsaldeetan izango dira tailerrak, eta ostegun goizetan ibilaldiak. Ibilbide errazak izango dira, eta mokadutxoarekin emango zaie amaiera.

Edonorentzat egokitutako ibilbideak

Ibilaldi errazak izango dira, eta irisgarritasuna kontuan hartuko da, makuluekin edota gurpildun aulkian ibiltzen direnek ere eroso parte hartzeko modua izan dezaten. Sasoi edo mugikortasun maila ezberdinak dituzten pertsona guztientzat izango da irteeretan lekua, eta horren arabera, talde txikitan banatuko dira azkarrago dabiltzanak eta ibilbide luzeak egiteko gai ez direnak gehiegi nahastu gabe. Kadera edo aldakatik operatuta zaudela eta oso poliki zabiltzala? Etorri lasai, ez dugu presarik. Asko eta bixi ibiltzen zara, baina normalean bakarrik? Etorri zu ere, eta hilean behin lagun ezberdinekin egingo duzu itzulitxoa eta, gainera, agian beste norbaiti laguntza eskain diezaiokezu.

Programa ez dago adin konkretu bateko herritarrentzat bideratua, baina 60-65 urtetik gorakoentzat bereziki gomendatutako ibilaldiak izango dira, eta parte hartzaileek bakarka edo etxeko norbaitek lagunduta edo bestelako lagunen batekin egin dezakete ibilbidea. Goizeko 10:00etan aterako dira kiroldegi ataritik, eta ordubeteko ibilbidea egin eta gero, jubilatuen tabernan mokadutxo bat egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Eguerdiko 12:00etarako, bukaera emango zaio saioari.

Elkartasun keinua

Bereziki ibiltzeko ohitura handirik ez dutenak edo horretarako laguntza behar dutenak animatu nahi ditu programa honek. Beldurrik eta lotsarik gabe parte hartzeko dei zuzena egiten zaie, eta Udaletik gutun bat ere jasoko dute parte hartzera animatuz.

Elkartasunetik ere izango du programak, eta sasoi hobea dutenek gainontzekoei laguntza eskaintzeko aukera ere izango dute; norbaiti besoa eskainiz edo gurpildun aulkiari bultzaz…

Gurutze jubilatuen elkarteko boluntarioak ere izango dira ibilaldietan. Haiek peto batzuk jantzita egongo dira parte hartzaileek ondo identifikatzeko, eta beren ardura izango da bertaratzen direnei harrera egitea eta haien beharretara egokitzea.

Tailerrak:

Hilean behin tailerrak ere antolatuko dira. Hileko aurreneko astearte arratsaldetan izango dira, 17:00etatik 18:00etara bitartean. Tailer horietan, hainbat gai landuko dira: elikadura, historia, informatika… Elkartzen den jendearen interesen arabera joango dira ekimen ezberdinak antolatzen.

Aurreneko ekintzak:

Tailerra: Zestoako altxorrak ezagutu: urak eta Ertxiñako harria

Hizlaria: Julian Serrano

Eguna: azaroak 3, asteazkena (salbuespena, normalean astearteetan izango da)

Lekua: Jubilatuen taberna

Ordua: 17:00-18:30

Izena ematea beharrezkoa da, kiroldegira bertaratuta, 943 147 942 telefonora deituta edota zestoakirola@zestoa.eus helbidera idatzita.

Ibilaldia: Kiroldegia – San Joan – Bentapeligro – Bainuetxea

Eguna: azaroak 4, osteguna

Irteera ordua: 10:30

Lekua: kiroldegi atarian




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide