Erromeri kontuak Aizarnan

Errautsak Auspotzen,  izenburua duen proiektua  martxan dagoela irakurri dut hedabideetan. Urola erdiko trikitilarien  berri emango duen proiektua da berau, gainbegiratu bat egin Aizarnari eta ikusi dut  proiektu honetarako trikiti eta pandero jole ugari baditugula. 

Jakin  dudanez proiektu honetan trikitia jotzen zuten edo dutenak  bakarrik sartzen omen dira, 60ko hamarkada aurretik jaiotakoak  eta soinu handia edo pianoaren teklatua erabili zutenak ez omen dira sartzen.  Trikitia zer den ondo ezagutzen ez dugunontzat penagarria, hauek ere hamaika erromeri alaitu   baitzituzten Aizarnan.

Jose Joakin Zubizarreta “Sorozabal”, Jose Manuel Zumeta “Arretxe”, Julian Elorza “Katre”,  eta baliteke gehiago ere izatea. Nik dakidanez hiru soinujole hauek, soinu handia erabili zuten.  Trikitilarien zerrendan ezin dira jaso, baina aintzespen bat hemendik beraientzat, hauek ere, berdin merezia  dute eta.

Infernuko hauspoa deitzen diogun   tresna hau, 1890eko urte inguruan ezagutu dugu Euskal Herrian. Norteko trenbidea  egitera etorri ziren Italiarrak ekarri omen zuten Alpeetatik. Geroztik, jarraitzaile  ugari izan ditu tresna honek eta makina bat bazter alaitu ere bai berarekin.

Trikiti kontuekin    jarraituaz, Santa Engraziko benta ataritik pasatzean,  nire garunak jasota dituen oroitzapenak berrikusten ditut askotan; gazte garaiko erromeri edo trikiti  giroak dira berauek. Oroipen garbia ez izan arren, zakarrontzira bota gabe ditu nonbait, buruan daramadan ordenagailu kaxkar honek. Udako igande eta jai egunetan ospatzen ziren erromeria hauek, arratsalde alai ugari igaro genituen bertan eta  hau izango da arrazoia ahaztuta ez izateko.

Aristerrazuko erromeriak bezalako  osperik ez zuten izango, baina benta honetakoak  ere oso ezagunak izatera iritsi ziren. Eremu zabaleko jendea hurbiltzen baitzen  bertara, adibide bat emateko: Bedama, Aizarna, Akoa, Txillarramendi, Altzola eta abar.  Etxe honetako terraza eta zuhaitzak hitz egingo balute, zenbat bitxikeria kontatuko ote lituzkete.

Bitxikeriak aipatzen  jarraitu eta ohitura batekin  gogoratzen naiz gehien bat: bentara sartu eta berehala   ardo botila osoa ateratzen zen gonbidatzeko, gero basoa hartu eta denei banaka-banaka tragoa eskaintzeko.  Baso bakarra eta denak tragoa bertatik, gaur egungo “eskrupulorik” ez zegoen nonbait. Egun ez nuke pentsatu nahi,  sagardotegi batean denak baso batetik txotx egitea nola litzateken.

Gaur egun  bitxikeria, baina orduan nahiko serioa zen gaia, Elizak infernuko hauspoarekin parekatu  zuen tresna hau. Bekatu bideak irekitzen zituela esaten zuen, arrazoia, erbestetik etorritako dantza lotuak  egiten zirelako berarekin.

Elizak bakarrik ez, Udaletxe eta Gobernuak ere,  ez zuten ondo ikusten dantza hau erromerietan. Debekuak ezartzera ere iritsi ziren,  eta hemen ere debekuen mamuak ez dut uste urruti ibili zirenik.

Jose Joakin Zubizarreta “Sorozabal”   ezagutu nuen gehien bat erromeri honetan soinu jole. Honek  soinu handia erabili zuen, baina trikitiak bezain egoki alaitu zituen erromeri hauek.

Proiektu honi begira hasi  eta amaitu ere hala egingo dut.  Aizarnak zerrenda luzea du proiektu honetarako   eta ospe handia lortzera iritsi zirenak tartean. Proiektua  amaitzean ezagutuko ditugu berauek eta seguru gure herri txiki honek  maila egokia erakutsiko duela ekintza honetan.

Jon Egiguren