Albisteak

Ertxiña Musika Eskolak irailaren 10ean emango dio hasiera kurtso berriari

Irailaren 10ean emango diote hasiera kurtso berriari Ertxiña Musika Eskolan eta ordutegi batzuk ezarrita badaude ere, gaur bertan hasiko dira gainontzekoak banatzen arratsaldeko 17:00etatik 19:00ak bitartean. Koronabirusa dela eta, musika eskolako arduradunak Kultur Etxeko sarreran egongo dira eta bertan, gora igo gabe, haurrei banan-banan banatuko zaizkie ordutegiak. Kontaktu fisikoa sahiesteko asmoarekin, ordutegiak telefonoz ere zehaztuko direla jakinarazi dute musika eskolatik.

Maria Jesus Etxeberria Ertxiña Musika Eskolako zuzendariak azaldu duenez, kurtso berriko klaseak presentzialak izango dira egoerak ahalbidetzen duen bitartean eta protokolo guztiak jarraituz, neurri zorrotzak hartu dituztela jakinarazi du. 

Kurtso berrirako neurriak 

Solfeoko taldeak bikoiztu egin dira eta gehienez ere bederatzi ikasle egongo dira talde handienean. Mahaiak elkarren artean banandu eta distantziak errespetatzeko lurrean zintak jarri dituztela azaldu du Etxeberriak. Haurrek maskara jantzita izan beharko dute klaseak irauten duen bitartean, ezinbestekoa ez bada, ezin izango dute euren lekutik mugitu eta, kutsatzeak ekiditeko, norberak bere materiala eraman beharko du. Instrumentuen klaseak ere presentzialki gauzatuko dira. Bakarkakoak izaten dira gehienetan eta ikasle eta irakaslearen arteko distantzia mantenduko da une oro. 

Higiene neurriak ere zorrotz beteko dira. Sartu aurretik, eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbituko dira, klase eta klase artean, gela guztia ondo desinfektatu ahal izateko, tarteak egingo dira eta Kultur Etxeko komunak itxita mantenduko direla jakinarazi du Etxeberriak. Larrialdi egoera batean erabili ahal izango dira, baina ondoren desinfektatu egin beharko dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide