Albisteak

Eskola berriaren irekiera ekitaldi jendetsua bezain hunkigarria egin da goizean Arroabean

Arantxa Osa: “Bide luzea eta hasera gogorra izan ditugu baina merezi izan du”

Ikasturtea eskola berrian hasi dutela egun batzuk pasa diren arren, aitortza eta eskerren une hunkigarria izan da gaur goizean Arroako Eskolan. Sakulupeko Guraso elkarteak hartu du aurreneko hitza eskola zaharraren aurreko aldean. Eskerrak emateko unea izan da eta momentu hunkigarria “Eskola berria orain!” zioen kartela kentzeko momentua.

Handik eskola berrira joanda, Arantxa Osa zuzendariak hartu du hitza. Eskolako sarreran, lau legegintzaldi pasa dituztela borrokan gogoratu du eta eskola ikaragarria eta ederra dutela esan du baina horrez gain, lan egiteko modua onerako aldatuko dien baliabideak eskaintzen dizkiela.

Abuztuaren 29an giltzak jaso eta ikasturtea hasteko moduan izan arteko laguntza eskaini dutenak ere izan ditu gogoan: Udala eta aparejadora, garbitzaile, jangelako landileak… Hasera gogorra, baina, bikaina izan dela esan du. Eskola txikiak ere ez ditu ahaztu. Eskola berria bai baina eskola txiki izaten jarraitzen dutela. Auzoan eskola izatearen garrantzia azpimarratu du.

Zuzendariaren hitzen ondoren puzzle bat egin dute ikasleek patioan. Garai bateko eskola irudikatzen zuten alde batetik piezek eta gaur egunekoa bestetik. Guraso elkarteko kideek eskola berriak oinarria garai bateko eskola ere baduela esan du eta orain hutsik geratu diren gelei zein erabilera eman behar zaien erabakitzen herritarrek parte hartzeko deialdia luzatu du. Eskola barrutik ezagutzeko aukera izan da ondoren eta hamaiketako batekin eman zaio ekitaldiari amaiera.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide