Albisteak

Eskola kirol egokitua martxan jartzeko programan parte hartu du Zestoako Udalak

Aitor Salegi, Libana Taboada, Mari Karmen Arregi, Arantxa Egaña, Iñaki Ostolaza eta Amaia Elizondo.

Egokitzapenak behar dituzten haurrei “kalitatezko” eskola kirola eskaintzeko helburuarekin osatu dute proiektua. 2022an jarriko dute martxan baina gaurtik hasi eta bi asteko epea izango da izena emateko.

Urola Kosta Mendebaldeko Eskola Kirol Egokituaren proiektua aurkeztu dute gaur goizean Aizarnazabalgo Lauburu aretoan. Bertan izan dira Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkatea, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkatea, Arantxa Egaña Itziarko alkatea, Aitor Salegi Zestoako kirol zinegotzia, Libana Taboada Foru Aldundiko ordezkaria eta Amaia Elizondoko kirol federazioko kidea.

Aizarnazabalgo alkateak azaldutakoaren arabera, Gipuzkoan 10etik 1k du ezgaitasunaren ziurtagiria. Hori kontuan izanda, Zestoa, Zumaia, Deba, Itziar eta Aizarnazabalgo Udalak, aldundia eta federazioa elkartu eta egokitzapenak behar dituzten haur eta gaztetxoei  “kalitatezko” eskola kirola eskaintzeko osatu dute Urola Kosta Mendebaldeko Eskola Kirol Egokitua programa.

Programaren helburua “inor eskola kirolerako aukerarik gabe ez gelditzea” dela azaldu du Zumaiako alkateak. “Kolektiboa bikoizki kaltetua izan ez dadin, batetik desgaitasuna izateagatik eta bestetik landa inguruneetan edo herri ertain zein txikietakoen baliabide faltagatik. Ekimen honekin nahi duguna da bi egoera horiei aurre egitea”. Programa 2022ko urtarrilean jarriko dute martxan.

Eskualde izaerako proiektua

Eskualde izaera du proiektuak: Zestoa, Zumaia, Deba, Itziar eta Aizarnazabalgo eskola kirol konbentzionalean partu hartu ezin dezaken edozein umeri zuzenduta dago. Itziarko alkateak esan du, nahiz eta Deba eta Itziar eskualdetik kanpo gelditzen diren, Urolaren “errealitate berdintsua” dutela eta “Urola aldera gehiago jotzen” dutela. Hori horrela, programan parte hartzeko proposamena “pozik eta gogotsu” hartu dutela adierazi du.

Saioak Zumaian izango direla jakinarazi du Amaia Elizondo Federazioko kideak. Programan parte hartzen duten haur eta gaztetxoek lehorreko eta uretako saioak egiteko aukera izango dute: astelehen eta asteazkenetan herri eskolan eta ostiraletan, igerilekuan. Eskualdeko familia guztiak programan parte hartzera animatu ditu Elizondok eta eskerrak eman dizkio eskualdeari, “aspalditik datorren gai bati behingoz indarrez heldu” diolako.

Bestalde, Libana Taboadak azaldu du Gipuzkoan, dagoeneko 200 partaide inguru dituela programak eta orain, Urolakoak gehituko direla zifra horretara. Horrez gain, eskerrak eman dizkie gizarte zerbitzu, Berritzegune eta ikastetxeei eta jarduera fisikoaren bitartez, gizarte inklusiboari lehentasuna ematearen garrantzia azpimarratu du.

Izen ematea zabalik

Gaurtik hasita, bi asteko epea izango dute programan parte hartu nahi dutenek izena emateko. Zestoako LHko ikasleek ikastetxean eman beharko dute izena eta zaharrago diren gaztetxoek, kiroldegian. Prozesuaren inguruko informazio gehiago nahi dutenek Gipuzkoako kirol egokituen federaziora deitu beharko dute (943 46 25 14).




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide