Albisteak
Eskola Kirolari buruzko gogoetan oinarritutako dokumentua zabaldu dute herriko hainbat eragilek
— 2023-12-22Herriko kirol elkarteek elkarrekin lankidetzan Eskola Kirola programak duen balio hezitzailea aintzat hartu eta mahai gainean jarri dute guraso guztiei bere balioa gogorarazteko. Ondorengo dokumentua sortu dute eta hausnarketarako gonbidapena luzatu:
Zergatik Eskola Kirola?
Bada aspaldian guraso askoren ahotan dabilen arazo bat, inguruko herrietan lehenago sortu zena: Eskola Kirolaren derrigortasunari zentzurik ez diote ikusten guraso askok. “Nire haurrak futbolean edo pilotan ibili nahi badu, zergatik izena eman behar du eskola kirolean? Zergatik derrigortzen die Gipuzkoako Foru Aldundiak, inguruko probintziak ez bezala, haur guztiei Multikirolak egitera?”
Kontu garrantzitsua da. Horregatik, Eskola Kiroleko, Futbol Eskolako, Atletismo Taldeko, Agiro Mendi Klubeko, Zestoako Txirrindulari Elkarteko, Abantzu Pilota taldeko eta Zestoako udal arduradunekin bat eginik, Eskola Kirolari buruz eta kirol hastapenari buruz gogoeta hau argitaratzea erabaki dugu:
Gauza jakina da haurren kirol aukerak bizi diren gizarteak eta gurasook erabat baldintzatzen ditugula. Badakigu ordea Gipuzkoan eta Zestoan daukagun Eskola Kirol programaren helburuak zeintzuk diren? Zein onura dakartzan gure seme-alabentzat?
Gipuzkoan kirol espezializazio goiztiarra (13 urte bete aurretik egiten dena) saihesteko asmoz sortu zen Eskola Kirolaren programa. Kirol aniztasunaren ikuspegitik planteatuta dago, eta ondoren aipatuko ditugunak dira, besteak beste, bere abantailak.
1. Haur guztientzako da. Kirol gaitasuna, generoa, aniztasun funtzionala, maila sozioekonomikoa, bizitokia, jatorria, hizkuntza… edozein dela ere, denen parte hartzea bultzatzen du eta haur askoren integrazioan oso lagungarri da.
2. Joko-kirol aniztasunean oinarritzen da eta esperientzia eta jarduera mota desberdinak eskaintzen ditu. Jarduera mota anitzen praktikak, kultura motor desberdinen adierazpenak izanik, haurren bizipenen aniztasuna bilatzen du, kirol-kultura hegemonikotik haratago, eta honek aberastasun motriz handia emateaz gain, gure ondare kulturala eta bere balioa ezagutzen
laguntzen die haurrei.
Joko-jolas tradizionalak, natur jarduerak, gorputz adierazpena, dantzak, bakarkako jarduerak, bakarkako eta taldeko jokoak eta beste hainbat egoera motor hezitzaile dira aurrera eramaten direnak, batzuetan irabazledunak, besteetan irabazlerik gabekoak.
Jolas, joko eta kirol guztiak gizarte batean eta giza-balio jakin batzuetan oinarrituak sortu direnez, balio horien transmisioa bultzatzen laguntzen du jardueren praktika berak, eta praktikak anitzak izatean balioen transmisioa ere anitza bihurtzen da.
3. Haurrak goizegi kirol batean espezializatzea galarazten du Eskola Kirolak. Kirol hastapeneko oinarri zientifikoak, adituak direnen iritziak eta ikerketak oinarri hartuta esan dezakegu kirol bakarreko espezializazio goiztiarrak ez duela onurarik ekartzen umeengan kirol aniztasun goiztiar programarekin alderatuz, besteak beste alderdi hauetan:
a) Etorkizuneko kirol errendimendu aldetik kirol aniztasun goiztiar programan ibiltzeak espezializazio goiztiarrean aritzeak bezain besteko bermea dakar. Eta ez da ezinbestekoa adin goiztiarrean etorkizuneko kirolean aritzea. Kirol ezberdinak egitean kirolaria osoagoa bihurtzen baita, kirol abilezia eta gaitasun fisiko orokorrak osokiago garatuz. Bestalde, alor bereko pilota-baloidun kirol ezberdinetan ibiltzeak akzio printzipioak bereganatzen laguntzen die umeei eta ikuspegi osoago bat edukitzen.
b) Osasun aldetik, Eskola Kirola bezalako programek haurren lesio arriskua asko gutxitzen du. Gihar ezberdin gehiago aktibatzen direlako eta kontrol neuromuskularra hobetzen duelako. Kirol bakarra egin ezkero mugimendu berdinak eta gihar berdinak inplikatzen dira, eta bolumen eta intentsitatearen arabera kalteak ekar ditzake honek. Irabazlerik gabeko jarduerak ere integratzeak programan haurren estres maila gutxiagotzen laguntzen du.
c) Kirol ohiturak sustatzerakoan berriz onurak handiak dakartza Eskola Kirol programak, aurretik kirol anitzetan izandako esperientziak gustuko kirola edo postua aukeratzen laguntzen duelako. Ikerketek diote epe luzera aisialdira edo errendimendura zuzendutako kiroletan parte hartzeko aukera handitzen duela.
d) Haurren garapen integralean ere eragin positiboa du, haurren gozamena areagotzen du kirol aniztasunak, haurrek dituzten interes eta beharrei askoz hobeki erantzuten dielako. Bere buruarekin konfiantza gehiago izaten laguntzen die, bakoitzak bere tokia aurkitzeko abagune edo aukera gehiago dauzkalako. Ikerketa askotan frogatu da kirol aniztasun programek izaera inklusiboagoa dutela, haur askoz ere gehiago aktibatzen baititu, eta haur askoz ere gehiagoren gozagarri baita. Bereziki egiazta dezakegu behar bereziak edo aniztasun funtzionala duten haurrekin.
4. Orientazio hezigarria bermatzeko arautua dago, bertan parte hartzen duten koordinatzaile
eta begiraleek formazio bat jasotzen baitute.
5. Ikastetxeekin koordinazioan garatzen da. Kritikoak izan beharko genuke gizartean eta komunikabideetan hainbeste indarrekin ezartzen den errendimenduaren eta egoera fisiko idealaren ikuspegiarekin. Guraso bezala, kritikoki aztertu
beharko genituzke iristen zaizkigun kirol ereduak eta kontziente izan hauek haurren aukerak eta jokaerak erabat baldintzatzen dituztela.
Ez gara esaten ari umeak futbolean edo pilotan ez aritzeko, pilotan edo futbolean bakarrik ez aritzeko esaten ari gara. Badakigu lan itzela egiten ari direla pilota, atletismo, mendi taldean eta futbol eskolan, eta ez ditugu kontrajarri behar batzuen eta besteen helburuak, bateragarriak izan daitezkeelako Eskola Kirola oinarrian jartzen badugu. Eskola kirolaren programak duen balio hezitzailea aintzat hartu eta jarri nahi dugu mahai gainean, eta guraso guztiei gogorarazi bere
balioa.
Besterik gabe, ikusiko gara larunbat eta igande goizetan salda eder batekin!
Bibliografia:
Kirol Eskola, Kirol hastapenaren oinarri zientifikoak: Oidui Usabiaga Arruabarrena. EHUko irakaslea.
Oidui Usabiaga: “Umetan goizegi kirol batean espezializatzea oso arriskutsua da”
ARDURADUNAK
Ekain Guraso Elkartea, Aizarnako Guraso Elkartea, Zestoako Abantzu pilota eskola, Zestoako
Futbol Eskola, Agiro Mendi Kluba, Zestoako txirrindulari elkartea, Zestoako Atletismo Taldea eta
Zestoako Udala.
Egin zaitez bazkide