ETA ORAIN ZER?
— 2016-10-27Aurretik ere, udalak Zestoarron dirua era oso okerrean darabilela behin baino gehiagotan salatu izan dugu eta erakunde publiko orok, emergentzia edo herritarren integritateari dagokion arrazoirik ez denean, denon dirua prozedura garden bat jarraituaz kudeatu beharko lukeela esatea soberan legoke, tartean Zestoako Udal Gobernua eta alkatearen moduekin topo egingo ez bagenu.
Ogasun Batzordeetan behin baino gehiagotan salatu izan dugu udalak ordaindu beharreko zenbait fakturen bidegabekeria. Duela hiru aste burutu zen batzordean, Ehbilduko ordezkariak argitu gabe zeuden zenbait fakturen inguruko azalpenak eskatu zituen eta azkenaldian sarriegi gertatu ohi den bezala, alkateak beste behin “piper” egin zigunez, alkateordeak faktura horien inguruan ez zekiela ezer eta “Josetxoren kontuak” zirela esanaz azalpenik entzun gabe gelditu ginen.
Gauzak horrela, pasa den astean burutu zen plenoan azalpenak eskatu genituen. Gure eta bertaratu ziren herritarren harridurarako, ordezkari publiko baten ahotik inoiz entzun beharko ez lirateken “arrazoiak” entzun behar izan genituen. Erakunde edo balizko enpresa pribatuetako adibideak jarriaz, alkateak ez daukala zertan faktura hoien inguruko azalpenik eman eta beste behin bere “lanari” dagozkion gastuak zirela esanda amaitu ziren azalpenak.
Jarraian, EAJko alkateorde eta Zestoako EAJko Uri Buru Batzarreko presidente denak, hitza hartu eta alkateak antzeko fakturak udalari pasatzea ez dela onargarria aitortu eta alkatearen jarrerareriko bere desmarkea adierazi zuen. Alkateordearen jarrerak garbi adierazten du alkateak udalari pasatako hainbat gastu ez direla parte onekoak eta gure ustez ere, egin behar zuena egin zuen. Dena dela, alkatea ere EAJkoa dela kontutan hartuta eta lehendik ere bere gainean dituen aurrekari larriak ahaztu gabe, ez daukagu alferrik ogasun publikoarekin zorrak dituen Gipuzkoako alkate bakarra, ez gaude soilik alkatearen erantzukizun pertsonalean, EAJk ere erantzukizun politiko zuzena du eta alderdiari dagokio neurriak hartzea.
Jakin badakigu, Udal Gobernua erdi hautsita dagoela, nabarmen ohartu gara ere, kasu batzuetan beste herrietako bizilagunak izaki, zenbait zinegotzik gure herriarekin duten lotura ahula. Gobernu Batzordeko EAJren hirugarren ordezkaria, legealdi osoan ez da bertara agertu ere egin, azken bi batzordeetan alkatea bera ere ez da bertan egon, Ongizate Batzordean EAJk duen bigarren ordezkariak ez du bertan parte hartzen eta Udal Batzorde ezberdinetako asistentziei begiratuta, oposizioan egonda ere Ehbilduko zinegotzien parte hartzea, EAJkoena baino handiagoa da. Dimisio bat tarteko, EAJ azken bost hilabeteetan zinegotzi bat gutxiagorekin egonda, ordenantza fiskalak onartzeko ere alkatearen kalitate botoa erabili behar izan dute, eta abar luze bat.
Egoera benetan larria da eta Zestoako herriarentzat galdutako lau urte izateko bidean goaz, hainbat proiektu eta zeregin garrantzitsu erabat geldirik daude: dela bidegorria, dela osinbeltzen garbiketa, herriko landalurren kudeaketa, memoria historikoa, herriko eragileak koordinatzeko mahaien sorrera… Kanpoko aholkularitza erakundeekin (Iraurgi berritzen, Siadeco, Arazi) burututako hitzarmenen ondorioz, urtean 1oo mila euro inguru ari da ordaintzen Zestoako Udala eta beldur gara, gaitasun politikorik ezean, diru guzti horrek gure herrirako ez duela inolako rebertsiorik izango.
Ez da gure nahia lokatzetan etengabe ibiltzea, bere garaian elkarlanerako eskaintza zehatz bat egin genion EAJri eta batzorde ardurak hartzeko prest geunden. Azken unean ordea, eta dirudienez EAJ barruan izandako komunikazio okerren erruz edo, ezezko borobilarekin aurkitu ginen. Ondorioz, zoritxarrez udal batzorde eta bilkuretan parte hartzera mugatzen da gure jarduera, eta zoritxarrez diogu ere, gobernuarentzat gure proposamenek ahuntzaren gauerdiko estula baino ere oiartzun txikiagoa dutela.
Egin zaitez bazkide