01- ‘Etorkinek ez dute integratu nahi’

Ustea:

‘Immigranteek ez dute integratu nahi’

Datuak:

Ikasturte honetan Zestoako Euskaltegian, gehiago dira Euskal Herritik kanpoko ikasleak (34), EAEn jaioak (29) baino. Ia erdia, Espainiako estatutik kanpokoak (29).

Euskara integraziorako tresna da. Eta euskara ikastea ez da integratzeko, gizarte honetako partaidea izateko egiten duten esfortzu bakarra.

Zer datu daukagu, ordea, esateko etorkinek ez dutela integratu nahi? Zergatik pentsatzen dugu hori?

Hausnarketa:

Integrazioak bi noranzko ditu eta bertako eta atzerriko biztanleriaren arteko elkarrengana hurbiltzea eskatzen du.

Atzerritarren –eta pertsonen arteko beste edozein– integrazio-prozesu elkarrenganako esfortzu eta aldeko jarrera baten emaitza izango da.

Askotan, integrazio hitza erabiltzen dugu asimilazioaz ari garenean. Garrantzitsua da biak bereiztea:

  • integrazio-prozesuan, pertsonek beren ezaugarri kultural garrantzitsuak mantentzen dituzte, eta, aldi berean, bizi diren ingurunera egokitzen dira. Eta, bertakoek, praktika kultural berriak aintzat hartu eta baloratzen dituzte, eta errazten dute iritsi berriak egokitzea eta integratzea.
  • Asimilazio-prozesu batek, ordea, jatorrizko ezaugarri kultural guztiak alde batera uztera behartzen ditu, eta gehiengoaren gizartearen praktika eta patroi kulturalak eskuratzea dakar. Horrek ondorio negatiboak ditu atzerritar jatorriko pertsonen nortasunean. Baita bertako biztanleriaren aberastasun kulturalean eta elkarbizitzan ere.

 

‘Bestelako partidua’, hasiera bakarra eta 4 amaiera aukeran:

Ia arratsaldero lagunekin saskibaloian aritzen gara etxetik gertu dagoen kantxan. Gure elkargunea da, hor gustuko kirolaz gain, elkarrekin egon, hitz egin eta ondo pasatzen dugu.

Baina egun hura desberdina izan zen, Iritsitakoan ikusi genuen neska-mutiko ezezagunen batzuk ari zirela ‘gure kantxan’. Harritu gintuen eta baita pixkat haserretu ere. Zer egingo dugu? Pentsatzen ari ginela, Pello beraiei begira gelditu zen. Bat batean baloia iritsi zitzaion eskura eta orduan dena aldatu zen…

 

4 amaiera aukeran:

1- Mutilak eta neskak modu bortitzean botatzen ditugu ‘gure’ kantxatik.

2- Saski batean jolasten hasten gara, elkarri enbarazu egiten diogu eta ondoeza eta tentsioa sortzen dira.

3- Gure begiraden eta irainen aurrean, neska-mutil berriek alde egiten dute.

4- Pellok pilota itzultzen du, orduan beste taldeko neskak Garaziri pasatzen dio eta horrela, pixkanaka, denok batera jokatzen hasten gara. Eta, egun horretatik aurrera, partidak askoz dibertigarriagoak dira.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide