Albisteak

Eusko Trenbide Sareak eta Azpeitia eta Zestoako Udalek Lasaoko bidegorriko pasabidea errepidearen azpian egokitzeko hitzarmena sinatu dute

Eusko Trenbide Sareak eta Azpeitiko eta Zestoako Udalek, Urolako trenbidearen ibilbide zaharreko Lasaoko geltokiaren alboko Urola trenaren trazatuaren ondoan oinezkoentzako bidea egokitzeko lankidetzat eta finantzaketa hitzarmena sinatu dute. Aitor Garitano trenbide kudeatzailearen zuzendari orokorrak eta Josetxo Mendizabal eta Eneko Etxeberria Zestoa eta Azpeitiko alkateek sinatu dute dokumentua gaur eguerdian Lasaoko Elkargunean egindako agerraldian.

Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu du segurtasun arrazoiak direla eta, bizilagun zein Udalak bide horrek errepidearen azpitik joatea beharrezkoa zela uste zutela. “Une honetan trenbide sareak eta hiru erakundeak irtenbide tekniko bat aurkitu dugu eta pasadizoa azpitik egingo da. Horrela, trenaren erabilera, segurtasuna eta oinezko zein bizikletaz ibiltzen direnen segurtasuna bermatuko da” adierazi du.

Obrak, guztira, 62.653,32 eurotako (BEZik gabe) kostua izango du. Zestoako Udalak aurrekontuaren %25a jarriko du eta Azpeitiko Udalak beste %25a. Gainontzekoa, Euskal Trenbide Sarearen esku geldituko da.

Garitanok azaldu urtarrila eta otsaila bitartean lanak esleituko direla eta obrak udaberrian hasi eta udarako amaituta izatea aurreikusten dela. Eusko Trenbide Sareak segurtasuna hobetzen duten proiektuak lehenesten dituela eta proiektu honekin hori garbi gelditu dela nabarmendu du. Nahiz eta museotik tren asko ez diren irteten, tren bat pasatzen den bakoitzean arrisku handia sortzen dela azaldu du. Lan honek auzoan poztasun handia sortuko duela ikusita, proiektuagatik apustu egin dutela esan du.

Josetxo Mendizabalek bi Udalen eta ETSren arteko elkarlana nabarmendu du eta akordioa lortzea erraza izan dela. Udalak irtenbide azkarra eta merkea eta auzotarrei erantzun bat ematea nahi zuela gehitu du eta hori proiektu honekin lortu dutela.

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide