EZ DA BERANDU

Zestoako Udalak, EAJk horrela erabakita eta Ehbilduren aurkako botoekin, jada hondakinen bilketa sistema aldatzea erabakita badu ere, egun indarrean daukagun sistema ez aldatzeko bere garaian plazaratu genituen arrazoiei beste bat gehitu beharrean gara. Bilketa sistema ez aldatzeko arrazoiak orotarikoak badira ere, ingurumena, erosotasuna, espazio publikoa… horien artean xehetasun ekonomiko garrantzitsu bat argitzea da gure helburua.

Zestoako EAJk sistema aldatzeko erabili duen arrazoi bakarra ekonomikoa izan da, hau da, edukiontzi bidezko sistema merkeagoa dela esan izan dute. Hori horrela ez dela argudiatzeko gure arrazoiak behin baino gehiagotan azaldu izan ditugu eta nagusiena gaikako bilketan orain ditugun emaitzen behetik gelditzeak suposatuko lukeen penalizazio ekonomikoaren arriskua aipatu izan dugu.

Hondakinen bilketa sistemaren benetako kostu ekonomikoa kalkulatzeko, ezinbestekoa da birziklatzearen ondorioz  eskuratu den lehengaien (beira, plastikoa, kartoia, papera…) salmentaren bidez eskuratzen den diru kopurua kostu orokorrari kentzea. Urola Erdiko Mankomunitateak aipatu salmentarekin eskuratutako dirua, kide diren herrien artean biztanle kopuruaren arabera banatu izan du, hau da, herri bakoitzeko bilketa sistemaren emaitzak lehenetsi ordez, biztanle kopurua hartu izan da aintzat.

Gauzak horrela, eta Zestoarrak injustuki kaltetuak ginela ikusita, gehien birziklatu arren biztanle kopuruaren arabera dirua banatuta, benetan legokigukena baino diru gutxiago jasotzen genuelako, Zestoako Ehbilduk, pasa den udaberrian UEMri erizpideak aldatu eta biztanle kopuruaren ordez gaikako bilketa tasa aintzat hartzea eskatu zion. Mankomunitateko teknikari eta arduradunek Zestoako Ehbilduri arrazoi eman eta uztailean ospatu zen batzarrean erizpideak aldatzea erabaki zen.

Erizpideak aldatu eta gero, UEMk pasa den urrian 2015 urteko likidazio orokorra egin duenean, Zestoari 100 mila euro inguruko hobaria dagokiola erabaki du. Ondorioz, aipatu kopurua kosto orokorrari kenduta, egungo sistemaren kostu errealarekin aurkitzen gara eta honek egungoa, edukiontzi bidezko sistema baino 75 mila euro merkeagoa izan daitekela argi egiaztatzen digu.

Beraz, oraindik ez da berandu eta edukiontzi bidezko sistema gure kaleetan jartzeak guztioi suposatuko digun hipoteka ekonomiko zein ekolojikoa gauzatu aurretik, Zestoako EAJri herriko interesen arabera jarduteko deia egiteaz gain, alkateak 2015ko abenduaren 3ko plenoan aldaketa gauzatu aurretik, eztabaidarako mahaia deitzeko emandako hitza betetzea eskatzen dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide