Paperekoa
EZ ERRE ETORKIZUNA – Mikel Ibarguren
— 2016-07-06Zubietako errauskailua dela eta buruan ditudan zenbait burutazio ekarri nahi nituzke paperera. Esaterako, Zubieta inguruko udalak erraustegiaren aurka daudela ikusten dut. Ez da egia erraustegiaren edo zabortegiaren artean aukeratu behar denik, bada beste eredurik. Oso sinplea iruditzen zait Gipuzkoa Zutik dinamikan betikoak daudela edo lau katu direla esatea J. Asensio ingurumen diputatuak esan bezala. Zubietako errauskailuarekin hondakinen kudeaketa pribatizatu egingo da eta 770 milioiko gastua izango da (inflazioarekin 1.085 milioi) herritarron bizkar. Txinako Luoding hirian bi errauskailu proiektu geldiarazi dituzte mobilizazio jendetsuei esker. Ipar Euskal Herriko Bil eta Garbi-k 40.000 tona errefus bidaltzen du erraustera, besteak beste, Tarnosera. Zergatik ezkutatu zaigu Anberesen erretako errauskailuari buruzko informazioa? Italiako 525 udaletan hiru milioi herritarrek pertsonako/urteko 75kg errefus baino gutxiago sortzen dute; aldiz, Donostian herritar batek 285kg errefus sortzen du. ELA sindikatua errausketaren kontra eta derrigorrezko birziklapenaren alde dago. Zestoan %75 birziklatzen da egun dagoen hondakinen kudeaketarekin, orduan zergatik aldatu? Pertsona helburu goiburu duen alderdi batengandik pertsonok (alegia, zuk eta nik) ez ote dugu informazio gehiago merezi? Zergatik ez da eztabaida sano bat zabaltzen aldeko eta kontrako argudioak azalduz, herritarren partehartzea bermatuz? Eta zergatik ez da momentuz badaezpadako zuhurtasun-printzipoa ezartzen? Rossano Ercolini Ez erre etorkizuna liburuaren egile eta Zero Zabor Europako lehendakariak Gipuzkoa eredugarritzat dauka. Erraustea iraganeko teknologia dela dio, dirua xahutu eta etorkizuneko baliabideak alferrik galarazten dituela dio. Piotr Barczak, Europako Ingurumen bulegoko hondakinen arduradunak ere dio errausketa ekonomia zirkularraren ikuspegitik aldentzen dela, ez dela ideia ona errauskailu berriak eraikitzea. Eta abar, eta abar…
Bakoitzak atera ditzala bere ondorioak, nik nireak atera ditut.
Mikel Ibarguren
Egin zaitez bazkide