Paperekoa

Ezkutuko arraunlari gazteak

Arrauna entzunda, gehienoi udako traineru denboraldia etorriko zaizue burura. Ez da harritzekoa, estropada horiei komunikabideetan protagonismo handia ematen zaie eta. Baina neguan zehar, isil-isilik entrenatzen eta lehiatzen duten arraunlariak ere badira. Tartean, zortzi zestoar. Zumaiko Aita Mari klubean dabiltza, bakoitza dagokion kategorian eta taldean. Guk denak ontzi berean sartu eta beren zaletasunaren inguruan hitz egiteko eskatu diegu.

Zergatik arrauna galdera egin diegunean ia denek berdina erantzun digute: futbola gustatu ez edota futbola utzi ondoren zerbait egin nahi eta arrauna aukeratu dute. Olatz da denetan zaharrena, baita arraunean urte gehien dabilena ere. Futbola utzi zuenean aita zumaiarra duen lagun batek arraunean hastekotan zebilela esan zion. Bi aldiz pentsatu gabe, hastea erabaki zuen. Azkenean laguna ez zen animatu baina Olatzek dagoeneko laugarren denboraldia du. Nagore urtebete beranduago hasi zen. Azaldu digunez, beti gustatu izan zaio kirola egitea. Zumaian lagun kuadrilla zuenez eta haietako asko arraunlariak, animatu egin zen. Orain bere pasioa dela dio. Badirudi, gainera, anaiari kutsatu diola, Iker ere aurten hasi baita arraunean. Markelek, bestalde, bi denboraldi daramatza eta, Ikerren modura, Laida, Nahia, Noel eta Amaiur aurten hasi dira. Noelek futbolean ez zela oso abila kontatu digu, ez zela asko nekatzen, gehiago nekatzen zen kirol bat behar zuen eta arraunarekin probatzea erabaki zuen. Nahia inoiz ez omen da kirolean aritu, Amaiurrek arraunean hasiko zela esan zionean, ordea, animatu egin zen. Amaiurrek aspalditik zuela gogoa esan digu. Atsegin Odriozola eta Mirari Ibarguren bezala, berak ere arraunera joan nahi zuen baina oraindik gazteegia zen. Gainera, gogorra zela abisatu zioten. Aurten, azkenean, arraunean hasi da. Eta nola diren gauzak, Mirari du entrenatzaile.

Negu hotzean, uretan

Urriaren hasieran eman zioten hasiera aurre-denboraldiari. Udazkena eta negua entrenatzen pasa dute: gimnasioan, korrika edota uretan. Orain dela hilabete hasi ziren lehiatzen, urtarrila erdian. Batel denboraldiak apirilaren hasierara arte irauten du. Denak batelean aritzen dira, lau arraunlarik eta patroi batek osatzen duten ontzian. Noel eta Markel patroi lanetan ibiltzen dira, besteak arraunean. Olatz, orain arte arraunean aritu da baina aurten patroi ere badabil.

Gogorra baina ederra

Arraunean hasterako denek abisatu zieten kirol gogorra zela. Gogorra baino denbora asko eskatzen duen kirola dela diote. Astean hiru edo lau entrenamendu egiten dituzte. Eta gero asteburuetan estropadak, gehienetan bi: larunbat eta igandetan. Esaerak dioen moduan, gustuko lekuan aldaparik ez. Ez dakite nola azaldu baina argi ikusten da gozatu egiten dutela, hitz politak bakarrik esaten dituzte: “eskolatik irten eta uretara joango naizela pentsatzeak eguna alaitzen dit”, “arrauna nire pasioa da” edota “olatuak daudenean zu eta itsasoa, hori ez dago azaltzerik”.

Udaberritik aurrera trainerila eta trainerua

Gehienek apirilaren hasieran bukatuko dituzte aurtengo lanak, batel denboraldiarekin batera, infantil eta kadete mailetan batelean bakarrik lehiatzen baitira. Olatzek, ordea, jarraitu egingo du, jubenila da eta. Trainerilan (sei arraunlarik eta patroi batek osatzen duten ontzia) eta traineruan (hamahiru arraunlarik eta patroi batek osatzen duten ontzia) arituko da. Ez daki patroi edo arraunlari jardungo duen. Orain biak probatzen ari da, ikusi egin behar zer komeni den.

Esan bezala, Olatz trainerurako ere prestatzen ari da. Izan ere, urtebeteko etenaren ondoren, Zumaiako trainerua aurten itzuliko da lehiara. Olatzekin batera, Gurutze Lopetegi eta Atsegin Odriozola herritarrak izango dira uretan. Atseginek badu esperientzia, aurtengoa bederatzigarren denboraldia baitu. Gurutze, berriz, berria da arraunean. Gogotsu ekin diote denboraldiari. Atseginek dio gazteak arraunean aritzea oso positiboa dela. Trainerua berriro ateratzeko ahaleginetan hasi zirenean, aurrena gazteekin elkartu ziren. Aurrera begirako asmoez jardun zuten eta gerora jarraitzeko asmorik bazuten galdetu zieten gazteei. Gazteengan pentsatuz egin dute aurtengo ahalegina, helburu nagusietako bat haiei bidea irekitzea da. Atsegini poz izugarria ematen dio herritarrak ere hor ikusteak: “argi dago arrauna ez dela kostakoentzat bakarrik. Txikitatik kalean ikusi ditudan haurrak orain arraunean ikusteak, ilusio berezia egiten dit”.

Amaiur Aristi Arregi

ARRAUNLARIEN FITXAK

Laida Larrañaga

Jaiotze urtea: 2004

Kategoria: Infantila

Denboraldia: Lehenengoa

Arraunlaria

Zer da zuretzat arrauna?

Kirola egiteko modu dibertigarri bat.

Iker Ferrando

Jaiotze urtea: 2004

Kategoria: Infantila

Denboraldia: Lehenengoa

Arraunlaria

Zer da zuretzat arrauna?

Ondo pasatzeko aukera ematen duen kirol bat.

Nahia Zabala

Jaiotze urtea: 2003

Kategoria: Infantila

Denboraldia: Lehenengoa

Arraunlaria

Zer da zuretzat arrauna?

Kirola egiteko modu eder bat.

Noel Martinez

Jaiotze urtea: 2002

Kategoria: Kadetea

Denboraldia: Lehenengoa

Patroia

Zer da zuretzat arrauna?

Izugarri disfrutatzen dudan kirol bat.

Amaiur Gartzia

Jaiotze urtea: 2002

Kategoria: Kadetea

Denboraldia: Lehenengoa

Arraunlaria

Zer da zuretzat arrauna?

Kirola eginez disfrutatzeko modu bat.

Nagore Ferrano

Jaiotze urtea: 2002

Kategoria: Kadetea

Denboraldia: Hirugarrena

Arraunlaria

Zer da zuretzat arrauna?

Arrauna nire pasioa, bizia da. Afizio eder bat.

Markel Leon

Jaiotze urtea: 2001

Kategoria: Kadetea

Denboraldia: Bigarrena

Patroia

Zer da zuretzat arrauna?

Gozatzen dudan kirol bat. Gainera, gustura nago nire kideekin.

Olatz Bereziartua

Jaiotze urtea: 2000

Kategoria: Jubenila

Denboraldia: Laugarrena

Arraunlaria/Patroia

Zer da zuretzat arrauna?

Mundiala, lagun bikainez, giro ezin hobean egiten den kirol soil bat baino gehiago. Nahiz eta hasiera batean asko eskatu, gero gehiago ematen du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide