Paperekoa

EZTA, BAI DA, EZTA, BAI DA… EZTABAIDA – Kepa Iribar

Errezeloa daukat gizarteko zarata mailak gora egin duela. Xextraz xextra bizi gara, polemikaz polemika saltoka gabiltza, kalapitaz kalapita egunero.

Hori bai, uste dut eztabaida hauek sarritan ez dutela balio izaten hainbat gairen inguruan hausnarketa sakonak eta lasaiak egiteko, beste iritzi batzuk entzun eta norberarena osatzeko. Gehiago da zarata egitea, oihu egitea, sare sozialetan mezu ikusgarriena idaztea… eta horrela konturatzerako hurrengo polemikan gaude. Hori da bestea: egun dagoen abiadura. Berriak hamar minutuz dira berri, hainbat eztabaidak bizpahiru egun irauten dute, eta gero desagertu egiten dira, ahaztu egiten ditugu, eta beste batera igarotzen gara.

Azken aste edo hilabeteetan soilik adibide asko daude: kale garbitzaileen EGA; Alavesek Bilbon jokatu nahi du kopako finala, Gun’s & Roses taldearen kontzertua dela eta ezin ordea; lilatoiaren hasiera ordua eta emakumeek etxeko lanak aurretik egin beharra; Chrysalllis elkartearen kanpaina, eta handik aste batzuetara Hazte Oir elkartearen autobusa; Euskalduna naiz, eta zu? saioan Espainiaren inguruan esandakoak eta ondorengo guztia… Eta zerrenda ia nahi adina luza dezakegu.

Eztabaida guzti hauetan sekulako zarata sortzen da, muturreko iritziak plazaratzen dira, komunikabideetako mahai-inguru eta antzekoetan ez da bestearen iritzia entzuten, norberarena inposatu nahi izaten da. Eta zarata egiteko moduak hain dira indartsuak! Komunikabideak, sare sozialak… erabiliz erraza da benetan!

Eta ohitu egin gara horrela izatera. Polemika sortzen da, harrabotsak egun batzuk irauten du, eta udako enbataren moduan, agertu ahala, desagertu egiten da. Atera al dugu ondoriorik? Balio izan al du gizarteak gaiaren inguruko iritzia sendotu dezan? Zeuek erantzun galdera horiei.

Batzuetan gauzetara edo egoeretara ohitzea ez da ona. Normaltzat edo ohikotzat jotzen dugulako, agian, berez ez dena. Eta ohitu gara politikarien ustelkeriara, ohitu gara eskuin muturrak gora egitera, ohitu gara poloetako izotz geruza gero eta meheagoa izatera… ohitu esaten dudanean esan nahi dut ezustekorako eta asaldatzeko gure gaitasunak goia jo duela, izugarrikeriak maiz-maiz ikusten ditugunez ez zaizkigu hainbesterako iruditzen.

Kepa Iribar




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide