Albisteak

[ERREPORTAJEA] “Feel My Way”: Bidaia-agentzia bat baino askoz gehiago

(Urriko zenbakitik ekarritako erreportajea)

Entzun al dituzu zurrumurruak? Egia al da bidaia-agentzia bat irekiko dutela Zestoan? Jakin-mina eta intriga nagusitu ziren duela bi urte Uztapide Plazako lokal huts hartan berrikuntza lanak hasi zirenean. Gaur, Xuban Albizu, 26 urteko akoarraren “Feel My Way” bidaia agentzia ezagutuko dugu. Utzidazu zerbait aurreratzen: ohiko bidaia-agentzia izatetik oso urrun dago.

“Feel My Way” ren bulego dotorea bisitatu dut eta mozorratuta zabaldu didate atea. Festa giroan daudela dirudien arren, Xuban Albizuk eta bere bazkide Martak, Norak eta Aintzanek tartetxo bat atera dute nirekin egoteko. “Xuban, zer da zehazki ‘Feel My Way’?”, galdetu diot sartu bezain pronto. Ezin izan dio irrifarrari eutsi galdera entzun orduko. Zenbat aldiz egingo ote zioten nire galdera berbera? “ ‘Feel My Way’ ez da ohiko bidaia-agentzia. 13 eta 18 urte bitarteko gazteentzat taldeko bidaiak antolatzen espezialistak gara, gure helburua bidaia bakoitza hazkunde pertsonaleko eta ikaskuntzako esperientzia bilakatzea delarik”, erantzun dit Xubanek.

Uda garaia dirudien arren, hilabete pasa da jada eskolak errutinara itzuli zirela, eta nabari dute bulegoan, noski baietz! Nekaezin ari da lanean jada jaso dituzten eskari guztiei erantzun, eskola bakoitzarentzat proposamenak prestatu eta bidaiak antolatzen hasteko, gazteak inspiratuko dituzten esperientzia aberasgarriak sortzeko. “Gure programak ez dira bidaia hutsak; gazteei euren trebetasunak garatzeko eta beren pasioa aurkitzeko aukerak ematea da guk bilatzen duguna”, azaldu du Albizuk.

Afizioa ofizio

Xuban Albizurentzat munduan zehar bidaiatzea ez da bere lehen aukera izan beti. Umetan, eskolako txangoak gorrotatzen zituen. Hala ere, batxilergoko bigarren urtean Europan zehar egindako bidaia batek bere ikuspegia aldatu zuen. Une erabakigarria izan zen, eta mundua esploratu eta ezagutzeko gogoa piztu zitzaion. “Haurra nintzenean, ez zen eskolako txangoez gozatzen zuen pertsona horietakoa”, aitortu du Xubanek, eskolako egunak gogoratuz. “Baina zerbait aldatu zen Europan zehar egin nuen bidaian, batxilergoko bigarren mailan. Klik bat egin zidan burmuinak, etengailu bat piztuko balitz bezala, eta bat-batean leku berriak esploratzeko eta kultura desberdinez gozatzeko gogoa piztu zitzaidan”.

Bidaiekiko grina horrek Lidergo Ekintzailetza eta Berrikuntzako (LEINN) unibertsitate-ikasketak gauzatzera eraman zuen Xuban. Hain zuzen ere Arrasaten, Unibertsitateko lehen urtean ezagutu zituen Marta, Nora eta Aintzane bazkideak. Bertan erein zen ‘Feel My Way’ren hazia. “LEINNen ikasten ari nintzen, eta Nora, Aintzane eta Marta beste talde batzuetan zeuden. Bakoitzak bidaia mota desberdinak antolatzen genituen. Ni ikasturte amaierako bidaiak antolatzen hasi nintzen, eta haiek, berriz, udako kanpamenduak. Guztiok bidaiak amankomunean genituela ohartu ginen, eta indarguneak konbinatuz zerbait berezia sor genezakeela pentsatu genuen”.

Lehen txinparta Indian piztu zen, karrerako hirugarren urtean. Dantzaleku batean erabaki zuten euren enpresa osatzeko lauren ezagutzak eta grinak batzea. “Indian geunden pausoa ematea erabaki genuenean. Dantzaleku batean sortzen diren hizketaldi horietako batean… Zergatik ez elkartu? esan genuen”, gogoratzen du Xubanek. “Erabaki ausarta izan zen, baina bagenekien zerbait berezia sortzen ari ginela”.

Hasieran unibertsitateko instalazioetatik egiten zuten lan, gero bulego bat utzi zieten Oñatin eta ondoren Ermura joan ziren. “Covid-19aren pandemiaren ostean, lekuz aldatu nahi genuela konturatu ginen. Bulegoa utzi eta urtebete eman genuen nire ganbaratik lanean. Orain, duela bi urtetatik egoitza propioa dugu hemen, Zestoan eta oso gustura gaude. Erosoa zaigu guztioi. Hemengoa naiz ni, eta nire bazkideak ere ingurukoak”, azaldu du.

Duela zortzi urte sortu zenetik, ‘Feel My Way’-k 10.000 ikasle baino gehiago mugitu ditu Europan, Estatu Batuetan eta Irlandan zehar. Hasierak, baina, ez ziren errazak izan. 18 urte zituela hasi zen Xuban Azpeitiko Urola ikastolarako ikasketa bidaiak antolatzen. “18 urte besterik ez nituela, nire lehen kontratua lortzeko Halcon Bidaiak eta Eroski Bidaiak bezalako agentzia indartsuekin lehiatu nintzen Urola Ikastolako gelatxo batean”, ekarri du gogora Xubanek. “Nire harridurarako, nire proposamena aukeratu zuten eta taldeko bidaien munduan nire ibilbidearen hasiera markatu zuen”. Pixkanaka pixkanaka, bere zerbitzuak beste eskola batzuetara hedatzen joan zen Albizu. Martak, Aintzanek eta Norak, hasiera batean, Interraileko bi txanda antolatzen zituzten, eta helmuga bakarra zuten Estatu Batuetako udako kanpamenduetarako. “Indarrak batu genituenean Estatu Batuetan beste helmuga bat gehitu genuen. Texas eta Missourira bertako familietara antolatzen ditugu egun bidaiak uztailean, Irlandara joateko aukera ere gehitu genuen eta Trepik Interrail programari eusten diogu”. “Zer da Trepik, baina?”, galdetu nion nik. Gainontzeko programak ez bezala, zeharkako trebetasunak garatzeko diseinatutako Europako Interrail bat da. Gazteek trenez esploratzen dute mundua, enpatia garatuz eta hazkunde pertsonala sustatzen duten esperientziak bizitzen. Estatu Batuetara edo Irlandara joatean helburua ingelesa ikastea bada, Trepik bidaian ez da garrantzitsuena”.

Bidaiak baino askoz gehiago

Hala ere, ‘Feel My Way’n ez dira bidaiak antolatzera mugatzen. Agentzia, gazteak inspiratu eta hezi nahi dituzten hezkuntza-programetan eta ekitaldietan ere aktiboki inplikatzen da. “Feel My Way bi zatitan banatzen da. Batetik bidaiak ditugu, eta bestetik programak”, azaldu du Albizuk.” Eurek prestatzen dute programetariko bat, ‘Zuk Zeuk’, 2030erako Garapen Jasangarriko Helburuetan zentratzen da. “Gazteen artean aldaketa positiboa sustatu nahi dugu jolas- eta hezkuntza-esperientzien bidez. Bidaiak antolatzeaz gain, hazkunde pertsonalerako eta ikaskuntzarako aukerak ere sortzen ditugu “.

Hezkuntza eta gobernu-erakundeekin egiten dute lan ekitaldi horiek esperientzia eraldatzaileak izan daitezen. GJH helburuak lantzeko hainbat erronka prestatzen dituztela azaldu du Xubanek eta “500-600 ikasle inguruk hartzen du parte”. Enpatiatik hasi eta iraunkortasunera arte doazen erronkei egin behar die aurre. Gainditzen dituzten einean, puntuazio bat lortzen dute eta puntuen araberako sailkapen bat egiten dugu. Parte-hartzaile guztiek ikasbidaiak antolatzeko deskontu bat lortzen dute, eta lehen 200 sailkatuek aparteko deskontu bat Hondarribiko edo Orioko aterpetxean asteburu bat igarotzeko. Bertan, Euskal Herriko hainbat gazte elkartzen ditu `Feel My Way’k eta hainbat jolas egiten dituzte, betiere Garapen Jasangarriko Helburuak modu ludikoan lantzea helburu izanik.

Erronkak gaindituz

COVID-19aren pandemiak erronka handiak ekarri zituen berarekin. nola ez, bidaien industriarentzat kolpe gogorra izan zen, eta ‘Feel My Way’ ez zen salbuespena izan.

“Bidegurutze batean egon ginen”, gogoratzen du Xubanek. “Hausnarketarako eta egokitzapenerako unea izan zen”. Hala ere, gelditu beharrean, agentzia egokitu egin zen: “Pandemia iritsi zenean, bidaiak murriztu egin ziren, eta horrekin batera talde-bidaiak. Debekuak gutxituz joan zirenean, talde txikietan bidaiatzeko aukera eman zuten. Guk talde handiak mugitzen genituenez, gazte helduagoentzako bidaiak antolatzeko marka bat ateratzea bururatu zitzaigun (18-25 urte bitartekoentzat)”, aipatu du Xubanek. Arrakasta izan zuen arren, normaltasuna itzuli bezain pronto proiektu hori ere alde batera utzi zuten, baina. Bestalde, ordura arte presentzial egiten ziren ‘Zuk Zeuk’ gisako programak digitalki egitea erabaki zuten. “Pandemia aurretik Zuk Zeuk lehiaketa Kursaalean egiten genuen. Itxialdian sartu eta bi egunera genuen ekitaldia. 500-600 ikasle inguru bildu behar genituen, monitoreak, dekorazio guztia jada prest zegoen… izugarrizko pena izan zen”.

Orain, atzera begiratu eta egoera gogor hura begi onez ikusten du Albizuk: “Behin pasa ostean konturatu naiz pandemia guretzat gerta zitekeen onena izan zela. Une horretan, 20 urterekin, ez geuden prest elur-jausi horri aurre egiteko, 2.000 ikasle munduar zehar eduki eta gainera ekitaldi horiek guztiak antolatzeko”. “Zaplazteko galanta” izan zen, baina egokitzapen horri esker, egun ikasle gehiagorengana iristeko aukera dute.

Etorkizunari begira

Ordularia aurrera doala konturatu eta azken galdera bat egin diot Xubani, jada askok egindako beste galdera bat: Pentsatu al duzue inoiz bidaia agentzia konbentzionalek eskaintzen dituzte zerbitzuak ematea? “Aukera bat da, baina oraingoz, egungo taldeekin egiten dugun lana hobetu nahi dugu”, esan dit irrifar batekin. “Urtero etortzen da norbait galdetzera, eta gertukoa bada antolatzen diogu bidaia. Oraingoz, baina, ez da gure foku nagusia. Zazpi pertsona ari gara lanean eta topera gabiltza. Aurrerago, ikusiko da”.

Naiara Olaizola




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide