Albisteak
Fenomeno atmosferikoez, bi fenomenorekin
— 2022-03-04Eguraldiaz hitz egitea ohikoa izaten da zer esan ez dakigula gaudenean. Zenbaki honetako lagunek, ordea, ez dute jarduten hitz egiteagatik, ondo dakite zertaz ari diren.
Jakoba Errekondoren Arroabeko hitzaldian ezagutu nuen Joxe Urbieta (Arroabea, 1952). Jakobak Arroan urtean zenbat litro euri egiten zituen inork ba al zekien galdetu zuen, eta Urbietak blat eman zion datu zehatza: “2020an 1.573,5 litro”. Bejondeiala pentsatu nuen. Iñaki Lizarraga Dorrau (Nafarroa, 1982) lehenagotik ezagutzen nuen, ustez; ez neukan bere eguraldiarekiko afizioaren berririk, ordea.
Lizarragaren eguraldi estazioak 10 minututik behin ematen dizkio datuak ordenagailuari, a ze informazio pila. Urbietak aldiz, hutsik egin gabe, goizero-goizero, begiratzen dio baratzeko plubiometroari. A ze meritua!
Alemaniatik ekarritako plubiometroa
Arroabeko Tellendi parean dauka baratzea Joxe Urbietak. Baratze aldapatsua. Errepidea barrenean eta trenbidea goienean. “Bozina hots ederrak jotzen dizkidate trenek pasaran agurtzeko“. Alemanian jaio eta hantxe bizi den lehengusu bat dauka Urbietak. Anaia, han bisitan izan zenean, konturatu zen haiek ohitura zutela plubiometroari begiratzekoa. Lehengusu hark ekarri zion, duela 15 bat urte, aurreneko plubiometroa honantz etorri zen batean. Plastikozko kono moduko bat da. Sistema sofistikatuagoa da Iñaki Lizarragarena, Urbietarenak aldiz meritu handia du, egunero-egunero joaten da aurreko eguneko euri litroak neurtzera eta ttak idatziko du egutegian. Astea osatutakoan, asteko batura egingo du eta hilabetea pasatzen denean hilabete osokoa. “Kuriositatez, zenbat euri egin zuen begiratu eta euria lurrera botatzen genuen lehen. 2019an apuntatzen hasi nintzen“. Egunero ordu berean 9:30ak aldera joaten da baratzera, beranduenez ere 9:45erako han izaten da beti. Ordu horretan, Arrate irratian eguraldi saioa eskaintzen dute eta bertan entzutea gustatzen zaio: “Konexioak egiten dituzte Urbia eta Urkiolara. Gaur ere, Aralarkoak hitz egin du eta bi gradu zero azpitik zeuden Lekunberrin eta Aralarren berriz 6 gradu zeuden“.
Arroabeko eguraldiaz hitz egin digu Urbietak: “Gaur goizean Sañu“ mendia ez zen ikusten hemendik, gu eguzkitan geunden, baina Zestoan lainopean zeundeten. Handik etortzen da terrala honantz. Harrobi paretik hona ez da pasatzen ,ordea, hemen zegoen eguzkiak jan bezala egiten du terral hori. Kostatik ere taosa etortzen zaigu, itsasoko uraren tenperaturak eraginda”.
Hiru urtean apuntatutako datuei begira jarri gara, egutegiak hartuta: “2019ko otsaila izan da azken 3 urte hauetan euri gutxien egun duen hilabetea, 43 litro hilabete osoan. Gehien egin duena berriz, urte bereko azaroan, 394 litro. Iaz, 2021ean iraila bitartean oso euri gutxi egin zuen, azaroa eta abenduan bota zuen asko, ordea, eta urtea nahiko berdinduta bukatu zen. Eskerrak udan eguraldi tapatu xamarra egin zuen. Goierri aldera eta eguzkia gehiago atera zen eta egundoko lehortea izan zuten“.
Gustuko lotura
Oporren inguruan ere galdetu diot Urbietari, ezin ote duen inora joan pentsatuta: “Anaia etortzen da Zarauztik ni falta naizenean. Katuak ere baditugu eta horiei ere jaten eman behar zaie eta baratzeari begiratu eta…“. Tranparik inoiz egin al duen ere ausartu naiz galdetzera eta, “ezta litro erdirik ere! denak daude hor apuntatuta” erantzun dit. Arroarrek badakite Urbietaren afizioaren berri eta zaparrada indartsuren bat izaten bada, askok galdetzen diote zenbat euri egin duen. “Askotan, jendea gutxien gogoratzen denean egiten du euri gehien. Gau eta egun, zar zar zar gelditu gabe jarduten duen egun horietan pilatzen da litro gehien eta zaparrada indartsu, baina motzak botatzen dituenean gogoratzen dira” .
Baratzean ureztaketarik?
Zer ez dago Urbietaren baratzean. Barazkientzat ez da garai egokiena, baina a ze fruta arbola aukera: limoiondo, laranjondo, paraguaiondo, mandarinondo, melokotoiondo, mahatsondo moskatela, gereziondoa, urritza, pikondoa, intxaurrondoa eta 8-10 zakukada ematen dituen sagarrondoa. Baratzeko ureztapenak sortu zigun zalantza Jakoba Errekondoren hitzaldian. Jakinekoa denez, Errekondo ez da baratzea asko ureztatu zale, Urbietaren baratzeak bere ezaugarriak ditu, ordea, eta orain hobeto ulertu dut Errekondori Urbietak hitzaldian esan nahi ziona. Hala hasi zait; “Ezkaizto, Indamendi, Ibañarrieta, Ertxina, Sañu, Izarraitz, Kakute, Agiro, Salsamendi eta Andutz“. Hirugarren mendirako galdu naiz tontorrik tontor. Ederki ulertu diot, ordea, esan nahi zidana; eguzkia denean, ateratzen den ordutik gordetzen den arte ematen diola baratzeari, eta udan, egun osoan, ordu asko dira urik bota gabe mantentzeko. Hori gutxi ez eta baditu Urbietak bere aldeko arrazoi gehiago ere: “Hemen lurra 30 zentimetro inguru bakarrik dago, azpian Flysch-a daukagu bertikalki eta euri ura segituan filtratzen da behera. Gainera, aldapa handia dago eta goiko trenbidearen etenak ez du bestela etorriko litzatekeen urik etortzen uzten“.
Euri ura, lurra edo Arroabeko mikroklima, ez dakit zein den Urbietaren sekretua, baina baratze ederra ez ezik, sasoia ere bikaina du. Eutsi horri eta segi urte askoan datuak jasotzen.
Hiru estaziotan barrena
Nafarra da Iñaki Lizarraga izatez, Dorraukoa, Beriain magalekoa. Mendizalea eta eskiatzailea izanik, eguraldi aldakorreko lurretan jaioa, txikitatik ikasi du eguraldia ulertzen eta aurreneko minuturako antzeman diot bizi egiten duela. Afizioa pasio bihurtu zaio, “obsesio ere bai tarteka” bere esanetan. “Gure zaharrek elurra beltza zela esaten zuten, guretzat zuria zen, eskola galtzen genuen eta. Mendizaleak izan gara beti eta guretzat oso inportantea da eguraldiaz zerbait jakitea. Eskiatzea ere gustuko dut eta haizearen arabera estazio batera edo bestera joaten gara“. Anekdota ere kontatu dit. Iñakiren lagunekin arbizuar batzuk hasi ziren elkarrekin eskiatzera joaten. Haiek, ordura arte, al tun tun joaten ziren nonbait, eta askotan eguraldi txarra “tokatzen” zitzaien. Hauekin hasi zirenetik, ordea, beti ona: “Guk bagenekien iparra baldin bazegoen Panticosa aldera joan behar zela, hegoa bazen berriz, Arette edo iparralderago. Guretzat jakinekoa zen“.
Ilargiaren eraginaz
Iñakiren esanetan, eguraldian egundoko eragina du ilargi aldaketak: “Ilargia aldatzen denean, eguraldia ere aldatu egiten da; esate baterako, gaur hego haizea dago eta ilargi aldaketa bada, iparra sartzen du. Gure amoñik elurra aipatzen hasten garenean, leihotik burua atera eta ilargiari begiratuta segituan esaten du; ez, gaur ez dago elurrik. Eta asmatzen du. Ilbetearekin zaila da elurra botatzea eta ilondoarekin berriz kristorenak botatzen ditu”.
Arroagoia, Dorrau eta Andimendiko eguraldia
Lana ematen duen hobby bat da hau, “mundu bat” Iñakiren hitzetan. Gauza guztiak bezala, neurria hartu behar. Estazio bat Dorraun dauka, bestea Arroagoian, Basakarte etxean, Matraka baserriaren parean, eta azkena Andimendin (Nafarroa), 1.000 metrora. Kuriositatea zuen Iñakik hango datuak izateko: “Azken honek lan ederrak eman dizkit martxan jarri dugun artean. Elurra lepo botatzen zuen, eta eguzki plakak estaltzen zituen, eta bateriarik gabe gelditzen zitzaidan estazioa“. Eskiak hartu eta plakak garbitzera joan behar izaten zuen. “Instalazio txiki bat eskatzen dute aparatu hauek; ordenagailu bat datuak jasotzeko, interneterako router bat, bateria, elurra egiten duenerako kalefakzio txikia ere badauka; erresistentzia bat da azken finean, bestela elurra egiten badu plubiometroaren sarrera tapatu egiten da eta ez du ondo neurtzen”.
Euri litroak, tenperatura, hezetasuna…
Arroan, etxe ondoko belardian dauka estazioa. Automatikoki 10 minututik behin ematen dizkio datuak ordenagailura; euri litroak, hezetasuna eta tenperatura. Tenperatura zero azpitik urtean zenbat aldiz jaitsi den eta 32 gradutatik zenbat aldiz pasa den ere esaten dio. Datu minimoak, maximoak eta batez bestekoak. Teilatuan anemometroa dauka haizearen norabidea eta indarra neurtzeko. Hainbat estaziotako datuak jaso eta alderatzea gustatzen zaio Lizarragari, estatistikak ateratzea eta klimogramak egitea. Bere moduko beste batzuen datuak ere jakiten ditu eta haienekin alderatzea. Berak ere jartzen ditu bereak ikusgai Twitterren, Iñaki Lizarraga bezala. Eguraldia euskara hutsean jartzen duen bakarretakoa izango da. “2005ean hasi nintzen Dorraun eskuz datuak hartzen eta 2015 arte jaso nituen. Arroagoian, oraingo hau baino lehen, beste estazio bat eduki nuen, baina akats asko ematen zituen eta harrika bota nuen. Oraingoak hiru urte ditu. Davis-a da, amerikarra“.
Elurra eta ekaitza gustuko
Neguko mugimendua gustatzen zaio Iñakiri: “Elurra, ekaitza, udazkeneko zaparradak… Zirimiria ere ederra da besteak 30 gradutan daudenean. Dorrauko altueran mendiko udako freskura ere mundiala, niri berorik ez eman!”. Geografia oso gustuko du Iñakik. Planak egiterako eguraldia begiratzen du: “Eguraldi txarra dagoen lekura alferrik ez noa, joatekotan ekaitz edo elurteak bizitzera propio”. Ez daukala denborarik modeloak eta begiratzen egoteko dio, baina diagramek zazpi- zortzi egunetakoa ondo asmatzen omen dute eta antizikloia badago, oso ondo. “Beti ez, hau ez da zientzia zehatza, interpretatzen ere jakin behar da. Hemen mendebalarekin ez du botatzen euririk, Donostia aldean berriz bai. Ipar, ipar-mendebala sartzen duenean hemen asko botatzen du, Endoian eta Izarraitz aldera. Haize handia baldin badabil, barrualdera gehiago botatzen du eta hemen gutxiago. Guk obrak egiten ditugu, eta hormigoia findu behar badugu eta asfaltoa bota edo, balio digu. Azaroan-eta, eguraldi txarra egiten duenean, ikusten baduzu bi egunetan ona dagoela… benga, lana bukatu behar”.
Zestoako auzo eta bazterretako mikroklimak
Mikroklima txikiak denean daude. “Arroagoia haizetsua da, baina gozoa, Zestoarekin alderatuta gradu eta erdi bat epelago izango da hemen, normalean. Hau haize tokia da. Fohen haizea da hau. Izarraitzek-eta sortzen dutena. Haizea mendiaren kontra joaten da hezetasun handiarekin, altuera hartzen du, han hoztu egiten da eta hezetasun guztia deskargatzen duenean, beherantz hasten da eta abiadura handia hartzen du.
Iraeta zuloa da eta babesean dago, izotz asko egiten du han, Arroaerrekan ere bai. Hemen, Arroagoian berriz, batere ez. Arroagoiko plazatik behera, Katia parean izotza egoten da eta gure etxean ez. Lasao ere barrurago dago eta han ere izotza. Endoian ere askotan ez, igual hotz oso handitan, baina zaila”.
Euriaz ere jardun dugu: “Gehiena Etumeta aldean egingo du, eta Ondarbason ere bai. Ernio aldera beti gehiago egiten du. Izarraitzen kontra ere bai; Goltzibar aldera, Kakute alde hori da inguru honetan leku hezeena. Eta lehorrenetakoa Arroagoi hauxe edo izango da”.
2018ko elurtea gogoan dauka: “Arroagoian 18 zentimetro bota zituen. Oso hegoz bota zuen, oso zaila zen asmatzea, ez genuen inork espero. Haize hotza zebilen Zaragoza eta Erribera aldean. Fronte bat sartu zuen eta haize hori honantz ekarri zuen. Hementxe bota zuen, beste inon apenas. Etxe aurrean eskiatu nuen. Hemen elurra egiteko oso berezia izan behar du, normalean marsellesa deitzen zaio, Marsellan sortutako frontea izaten da, iparretik sartzen da“.
Zestoako eta Azpeitiko belarraren arteko aldeaz, pagoez, patataz eta zizez ere aritu gara. Eguraldia zer jantzi pentsatzea baino gehiago dela berretsi dut. Iruzkiak (horrela deitzen dio Lizarragak eguzkiari) zenbat eragiten duen erakutsi dit. Umorean askori eragiten diela, lehendik ere banekien, orain, eragiten ez digula uste genuenoi ere, uste gabe, asko eragiten digula dakit.
Jone Bergara
Egin zaitez bazkide