Festa eta aldarrikapenen lekuko izan da Arroabeko frontoia.

Adin guztietako arroarrek bete dituzte Arroako frontoiko harmailak. Neurketa politak izan dira eta publikoa gozarazteko tanto mordoa ikusi du pilotazaleak.

Lehen partida Unzueta-Lizeaga bikotea nagusitu da 22-16. Partidaren lehen erdia oso parekatua izan da. Unzueta zumaiarrak markatu du partidaren erritmoa eta eskuinarekin min handia egin du partida guztian zehar. Erraztasunez bukatu ditu tantoak atzean zein aurrean. Bikote gorriari defentsan lan egitea tokatu zaio eta ederki aritu dira, Izagirre azpeitiarra batik bat, tanto bat baino gehiago atera baitu defentsatik erasora pasatako pilotakadekin. Tumasek ere ongi izerditu du, eta lehen zatian ongi aritu bada ere, bigarrenean ez du txapelketan erakutsi duen erritmo bera eskaini. Gaizki ulerturen bat ere izan dute elkarren artean eta halako detaile txikiek erabaki dute 3. postua.

Finalean Fleitas-Ibarguren bikotea nagusitu da 22-14. Andoni Fleitas, txapelketan erakutsi duen moduan, sasoi betean heldu da finalera eta bera izan da bikote urdinaren buruhauste handiena eta baita finaleko pilotaria ere. Agirre, publikoaren berotasuna alde izan arren, ez dugu eroso ikusi eta makina bat pilotakada konplikatu jaso baditu ere, ez du pilota ohi bezala gozarazi. Arroak txapela zor dio. Aurrelari lanetan aritu den Lertxundi saiatu da min egiten eta tanto ederrik ere egin du, baina partidaren bat gehiago eskertuko luke txapelketako erritmoan sartzeko. Aitzitik, ezagun da getariarra dela, odolez beteta bukatu badu ere ez du imintziorik ere egin. Bukatzeko, aitortu behar Ibargurenek ongi bete dituela Andoni Fleitasek utzitako hutsuneak. Horrela, Sanpedrotako pilota txapelketak utzi zion arantza kendu ahal izan du.

Epaileak gaurkoan ere ederki zuzendu ditu pilotariak, aldarte ezin hobea erakutsiz eta ikusleen presioari gain hartuaz. Txapelketa guztian maila altua erakutsi du eta baita pilotari guztien zein ikusleen errespetua irabazi ere. Arroak badio zer eskertua.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide