Albisteak

Finlandiako Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko kide Leo Pahkinek hitzaldia eskaini du Arroabean

Pasa den larunbatean (maiatzak 20), hezkuntzari buruzko jardunaldia burutu zen, eskola txikien festaren inguruan antolatzen den zazpigarrena. Eskola txikietako gurasoei zuzenduriko ekimena izan da. Bertan, esperientzia partekatu da Finlandiako Gobernuko hezkuntza mailako ordezkari batekin, Leo Pahkinekin, Hezkuntza Kontseilu Nazionaleko kidea. Honek hitzaldia eskaini zuen “Finlandiako hezkuntza sistema eta eskola txikiak: adin aniztasuna eta proiektutako lana” izenburupean. Ondoren, bertaratutakoekin talde dinamikan adin aniztasunari buruz solasaldia izan zuten.

Ekintza erabat arrakastatsua izan zen, Gipuzkoa guztitik Arroara etorritako 60 lagunek hartu zuten parte, eta oso gustura amaitu zuten. Gehiagoren gosez gelditu zirela esan daiteke. Bai hitzaldia eta bai talde solasa luzatzeko gogoz geratu ziren parte hartzaileak, hamaiketakoa bera ere di-da batean egin zuten denbora irabazteagatik. Leo Pahkinek hitzaldia suomieraz egin zuen eta Joseba Ossa izan zuen ondoan bere adierazpenak euskarara itzultzen.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide