Albisteak

G631 errepideko trafikoa baretu eta herriko sarbideak antolatzeko proiektua onartu du Udalak

Atzo maiatzaren 16an, ez-ohiko plenoa egin zen Udaletxean. Maria Ubarretxena GFA-ko Bide Azpiegituretako saileko Diputatua eta sail bereko Mikel Uribetxeberria zuzendaria bertan zirelarik.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Zestoako Udalaren arteko lankidetza hitzarmena sinatzeko eskuduntza ematea izan zen batzarraren gai nagusia, eta aho-batez onartu zen. Hitzarmenak, Zestoan Gipuzkoako 631 errepideko trafikoa baretu eta sarbideak antolatzeko proiektua egikaritu eta finantzatzeko helburua izango luke. Datorren asteko asteartean, Gipuzkoako Foru Aldundiako gobernu kontseilua bilduko da Zestoan eta bertan onartuko da hitzarmen hau.

Adostasuna eta poza adierazi zuten Mikel Arregi, alkateak, oposizioko Garikoitz Mendizabalek eta diputazioko Maria Ubarretxena eta Mikel Uribetxeberriak. Alkateak azaldu zuenez, errepide sarearekin harremanetan bilera asko egin dira eta Zestoako Udal taldekideek adostasuna adierrazi diete, prozesua modu eredugarri batean egin dela esaterakoan, “egokitu egin gara, elkarrekin hitz egin, elkar lagundu…” eta bere ustetan “lankidetza” da prozesu hau definitzen duen hitz egokia. Udalak, GFA-rekin eduki beharreko lankidetzak, herritarren ongizatean eragina daukala eta hau kasu argia dela gehitu zuen Arregik.

Zestoa G631 errepideak zeharkatzen du eta horrek historikoki hainbat traba ekarri dizkio. Segurtasuna hobetu eta herrian egiten duen inpaktua baretzea dira proiektuaren helburua nagusiak eta bide batez,  ibilgailu pribatuarekiko menpekotasunari aurre egitea.

Gauzak horrela, Udalak eta GFAk konpromiso batzuk hartu dituzte hitzarmen honen bidez. Udalak bere aldetik, proiektuaren obrak izapidetu, onetsi eta kontratatu egingo ditu, obraren zuzendaritza teknikoaz arduratzeaz gain. Zestoan egin beharreko aldaketen kostuez ere kargu hartuko du. Foru Aldundiaren konpromisoak, proiektua onestea eta jardueraren zati bat ordaintzea izango dira. Proiektua aurrera atera ahal izateko, Udalak eta Aldundiak elkarri beharrezkoak diren zesioak egingo dizkiete.

Zestoan Gipuzkoako 631 errepideko trafikoa baretu eta sarbideak antolatzeko proiektua egikaritu eta finantzatzeko proiektua aurrera ateratzeko, 1.6 miloi euroko inbertsioa aurreikusten da eta zortzi hilabetetan burutzea espero da. Asmoa 2024ko irailean hasi eta 2025eko maiatzean amaitzea izango litzake.

Proiektuaren xehetasun gehiago, datorren asteko Batzar Nagusien ondoren jakingo direla jakinarazi zuen alkateak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide