Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Gabon egunean, abenduaren 25ean, arratsaldeko 18:00etan Mus txapelketa eta bingo jokoa izango dira gaztetxean. Abenduaren 26an, Zoroperitan, egun osoko egitaraua izango dute, besteak beste, eguerdian baba jana eta ondoren, gaztetxearen aldeko argazkia. Iluntzeko 22:00etan DJ m&m-k girotuko du gaztetxea.
Neguko arropa eta manta bilketa egingo dute, abenduaren 28an, eta hauen banaketa hurrengo egunean, abenduaren 29an, bi egunetan goizeko 09:00etatik eguerdiko ordu biak arte. Herritarren artean borondatea sustatu eta behar dutenei neguari aurre egiteko baldintza hobeak eskainiko dituzte.
Urtarrilaren hiruan, umorearekin emango diote hasiera 2024. urteari. Bakarrizketa saioa izango da arratsaldeko 19:30ean. Maria Blanco, Julen Portillo eta Aimar Sorazu izango dira oholtzatik barrea eragiteko hitz jolasean.
Ikasleen gabonetako atseden egunak azterketak prestatzeko egunak izaten dira. Hori dela eta, Ikasgelako ordutegia ere zabala izango da. Abenduak 28, 29 eta urtarrilak 2, 3 eta 4an goizean 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldean 16:00etatik 20:00etara egongo da irekia. Abenduak 23 eta urtarrilaren 5ean ere irekia egongo da baino goizez bakarrik.
Duela astebete, Gaztetxea desalojo arriskuan dela eta Gazte Asanbladak apostasia kanpaina habiarazi zuen. Bi eskakizun zehatz egin dizkio Elizari, alde batetik, desalojoa eta herriko bi gazteren aurkako prozesu judiziala berehala bertan behera uztea, salaketa kenduz. Bestetik, Gazte Asanbladarekin harremanetan jartzea eta negoziaketa prozesu bati hasiera ematea; gaztetxearen lekualdaketaren zilegitasuna onartuz eta bi aldeentzat onuragarria izango den akordio batera heltzeko asmoz. Gauzak horrela, apostasiarako postua jarriko dute abenduaren 22, 23, 24, 29, 30 eta 31ean arratsaldeko 19:00etatik 21:00ak arte.
Urtarrilaren 27an, desalojoari aurre egiteko borrokan ibili diren gazteek dituzten izunei aurre egiteko, elkartasun jaialdia antolatuko dute.