Gainbegiratu bat 2017.urteari

Gainbegiratu bat 2017.urteari

 

Amaitu den urteari gainbegiratu bat egitea ohitura bihurtu da niretzat, utzi dizkigun onurak eta gabeziak aztertu eta berriak ustekabean ez harrapatzeko. Gizakia bakarrik omen da bi aldiz harri berean erortzen dena, beraz hau saihesteko bada ere baliagarri izan dadila, bakoitzak egin beharrekoa den azterketa hau.

Norbanako azterketa egin ondoren, denok daukagu lehentasuna beste testuinguru edo egoeraren batekin eta nirea Aizarnan kokatzen da gehien bat, familiaren atzetik jakina.

Hasteko, bizi izan dugun egoera politikoari begiratuko diogu, Katalunia eta Espainia arteko tira-birari alegia. Esan behar tira-bira hauek tentsio batean jarri gaituztela euskaldun guztiak. Gure aberrian nahiko buruhauste daukagularik, orain Kataluinak dituenak ere arazo bihurtu dira gure herrian.

Politikari begira hasi gara eta arlo berean jarraituko dugu. Azken urteetan asko aipatu den Jesus Egigurenek errekonozimenduak jaso ditu igaro den urtean: bata Gernikako udaletxearena eta bestea Ramon Rubialen fundazioaren eskutik. Errekonozimendu hauek, bakegintzan egin dituen lanen ondorioak dira. Beraz, merezitako errekonozimenduak niretzako.

Herriko etxeak ere urte borobila izan duela esan beharra dago, elkartean jende ugari ikusi da urtean zehar. Leku atsegina dela agerian jartzen du erabilera honek. Haur eta helduei begiratuta antolatu diren kultur ekintzak ere ugariak izan dira etxe honetan, beraz sendotzen ari den seinale.

Aizarnak dituen meategiak ezagutzeko eman diren pausoak ere aipatu gabe ezin ditugu utzi. Meategien historia ezagutzeko antolatu diren ibilaldiak azpimarratzekoak izan dira, iragan hau ezagutu nahi duenarentzat. Aizarnako meategi hauen historia lotuta dago Ibañerrietan marga edo tuparria ateratzen zen harrobiekin eta zer esanik ez Zumaian “hiraulika” egiten zuten lantegiekin. Beraz, hazia ereinda dago eta Aizarnako lurrak aberatsak direnez seguru erne eta handituko dela. Baita ere aspaldian geldirik zegoen Santa Engraziako erlojua, berrestrukturatu eta hasi da lanean berriro. Orain gizaldietan zehar bailarako biztanleek entzuten zituzten bezalako kanpaikadak ari gara entzuten. Erloju zahar hau beirazko kaiola batean kokatu da, edonork tresneria zahar honekin gozatu dezan eta esan behar bisitari ugari urbildu dela bertara igaro den urtean.

Baita ere jarri dira Zestoako udaletxeak duen webgunean, ermita hau zaintzeko ezagutzen ditugun lanak. Historia apur bat ere deskribatzen da, dagozkion hainbat mito aipatuz. Dudarik gabe Aizarnak mendi tontorrean duen altxor honekin egin den lana goraipatzekoa.

Aizarnako lurretan Josu Narbarte egiten ari den indusketak ere albiste politak utzi dizkigu. Badirudi erromatarren garaian ere bizilagunak bazituela eremu honek, garai horretako aztarnak ikusten baitira. Ea aztarna gehiago aurkitzen dituen, erromatarrak sortutako hiria dela egiaztatzeko. Ilusioak ere bizitzen laguntzen du eta.

Nabarmendu diren egoera edo albisteez aparte eguneroko bizimoduan normaltasuna izan da nagusi Aizarnan: parrokia, eskola, biztanleak, jaiak eta abar. Ea aurten ere berdin edo hobeto igarotzeko aukera izaten dugun, beste hiriak bezala Aizarnak ere aurrera egiteko egoera hau behar baitu. Dena, beti ere, nire ikuspegitik egindako gainbegiratu honetatik jakina.

Ondo pasa 2018. urtea.

Jon Egiguren




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide