Albisteak

Garikoitz Mendizabal: “Kultura beharrezkoa eta segurua da”

“Egoera berezi eta zaila benetan bizitzen ari garena. Baita kultur arloan gabiltzanontzat ere”, aitortu du Garikoitz Mendizabalek. Kontraesan ugari eta etorkizuna ezjakintasun handiarekin bistatzen du txistulariak. Hala ere, kultur arlokoek berezkoa duten ekintzailetzari esker argi dauka aurrera egingo dutela.

Mendizabalen kasuan, otsaila amaieran Azpeitiko San Agustin Kulturgunean ‘Bidean’ proiektua eskaini ostean, emanaldirik eman gabe agon da uztailerarte. Uztailean, ‘Aurrera Fest!’ ekimena tarteko, Bilboko Euskalduna Jauregian bi kontzertu eskaintzeko aukera izan du. Uztailaren 17an, Gorka Hermosa akordeoilariarekin batera garatu duen proiektua aurkeztu zuen estreinekoz. Programak harrera ederra izan duela eta etorkizun polita aurreikusten diola adierazi du Mendizabalek.

Uztailaren 20an, berriz, Alberto Urretxo tronboijoleak gidatzen duen ‘Soinuaren bidaia’ programaren kontzertua eskaini zuen, Bilboko Orkestra Sinfonikoko musikariekin eta Arkaitz Paskuas eta Nagore de las Cuevas dantzariekin batera.

Hurrengo emanaldiak

Abuztuaren 3an, Mari Karmen Azpeitiarekin txistu eta organo kontzertua eskainiko du Zumaian, Donostiako Musika Hamabostaldiko organo zikloaren baitan. Abuztuaren 20an, berriz, Mendizabal Deban izango da ‘Metamorfosia’ proiektua aurkezten, German Ormazabal pianistarekin batera.

Pandemia egoera honetan kultura ezinbestekoa dela nabarmendu nahi izan du Mendizabalek: “Badirudi emeki-emeki hasi garela, baina kultura segurua eta beharrezkoa dela aldarrikatu nahiko nuke”. “Zaindu gaitezen eta neurriak hartu. Bakoitzak bereak. Denon onerako”, amaitu nahi izan du txistulari zestoarrak.

Argazkiak: Garikoitz Mendizabal




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide