Albisteak

Garikoitz Mendizabal: “Kultura eta bizikidetza izango dira motorrak”

Zestoako Uri Buru Batzarrak Garikoitz Mendizabal alkategaia aurkeztu du gaur goizean. Laranjadi plazan izan da aurkezpen ekitaldia eta bertan izan dira Eva Mangas datozen maiatzaren 26ko udal hauteskundeetako Zestoako EAJko hauteskunde-zerrendako kidea eta Joseba Egibar EAJko Gipuzkoako Buru Batzarreko Lehendakaria ere.

EAJren proiektua sinplea baina tinkoa eta batik bat fidagarria dela adierazi du Egibarrek. “Urte askotan herriz herri eta lurraldez lurralde eta gure nazio ikuspegi hori zainduz jorratu dugu proiektua” esan du. Herrigintzan pauso bat aurrera ematen dutenen alde daudela azaldu du eta horren adierazle dela Zestoako alkategaia, Garikoitz Mendizabal. “Bere buruaz gain zerbait gehiago maite du, bere herria. Herri bat maitatzea eta herri horren alde lan egiteko konpromisoa hartzea azpimarratzekoa eta txalogarria dela uste dut” gehitu du.

Mendizabalek eskerrak eman dizkio Zestoako EAJri alkategai izateko aukera emateagatik. “Izugarrizko ilusioa egin dit ardura hau hartu izanak” esan du. Azken urte hauetan Zestoak hobera egin duela azpimarratu du baina bere proiektuarekin herriari bultzada eta estilo berri bat eman nahi diotela.

Proiektua, lau zatitan

Euren proiektua lau zatitan banatu dutela azaldu du. Lehena, bizi kalitateari edo ekonomiari dagokiona. Kalitatezko enplegua sortzearen aldeko bulkada eman nahi dutela esan du. “Azpiegiturak egitea ondo dago baina lehentasuna pertsonak izan behar du” adierazi du alkategaiak. Bigarren zatian, gizarte zerbitzuak. “Herrian mendekotasun edo bazterketa egoeran daudenek, etorkinek, adineko pertsonek, sufritzen ari den jendeak gure laguntza izango du. Mapa soziala deiturikoari heldu eta osatzen joango gara” azaldu du.

Hirugarren atala, kulturari dagokiona izango da. Kulturak ezaugarri on asko dituela nabarmendu du Mendizabalek eta ezaugarri horiek herrigintzan aplikatu daitezkeela: “kultura, ezberdinen arteko elkarketa sustatzeko eta ideologi eta pentsamendu ezberdinak dituztenen arteko harremanak normalizatzeko tresna baliotsua da”. Zestoa ekimen handiko herria dela esan du baina gabezi bat edo beste dagoela, azpiegiturei dagokiona, esaterako. Hau horrela izanik, Zestoan kulturak daukan pisuaren araberako instalazio bat bultzatuko dutela azpimarratu du. Azkenik, auzoen garrantziari buruz hitz egin du. Proiektuaren laugarren zatian auzo-oreka landuko dutela esan du Mendizabalek: “Zestoa ezin da auzorik gabe ulertu eta horregatik, lehen sektorea eta auzoak gure jomuga izango dira”.

Estilo berri bat

Proiektu guzti hau gauzatu ahal izateko talde berri bat aurkeztuko duela esan du musikariak. “Argazki eta estilo berri bat aurkeztuko dugu. Datozen asteetan jakinaraziko dugun lan taldeak gaztetasuna eta esperientzia uztartzen ditu” adierazi du. Adin eta lanbide ezberdinetako jendea dela esan du, gazteak zein esperientziadunak. Gainera, gazte horiek freskotasuna eta ideia berriak ekarriko dituztela nabarmendu du. “Herria gidatzeko ezinbestekoa da herria maitatzea, entzutea eta errespetatzea eta uste dut nire taldeak badaukala maitasun hori. Kultura eta bizikidetza izango dira motorrak eta estilo berri honetako abiapuntua” gaineratu du.

 

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide