Albisteak
Gazte Asanbladak agerraldia egin du Udalarekin espazio berri baterako akordioa adostu dutela adierazteko
— 2024-09-03Goizeko 11:00etarako deitua zuen Gazte Asanbladak agerraldia. Bertako bi kidek irakurritakoaren arabera “herriko gazteon antolakuntzarako espazio izango den gaztetxe berri bat” lortu dutela adierazteko. Asanbladako kideen esanetan, “urte luzez” Gazte Asanbladatik egin duten “borrokari esker”, duela aste batzuk, Udaletik, “gaztetxe zaharrak zituen gabeziei erantzungo dien espazio berri baten proposamena” jaso zuten. Honela adierazi dute: “Zentroko gaztetxearekin aurrera jarraitzeko genituen zailtasunak ikusita; alde batetik, elizak hasieratik gurekin negoziatzeko borondaterik ez izatea, eta, irailak 11rako ezarrita zegoen desalojo-data berria, bestetik; Asanbladatik alternatiba onartzea eta ia bi urtez herriko gaztetxea izan den Zentroko eraikinetik irteteko erabakia hartu dugu. Izan ere, jaso dugun proposamenak gaztetxe zaharrak suposatzen zizkigun gabeziak gainditu, eta egungo Asanbladaren jarduna modu egokian aurrera ematea ahalbidetzen baitigu”.
Udaletik konpromiso-orri bat sinatuta dagoen arren, hurrengo hilabeteetan zehar trantsizioaren inguruko xehetasunen inguruan hitz egiteko Udalarekin elkarrizketetan jarraituko dutela ere adierazi dute. Zentroko gaztetxearen okupazioaren harira izandako prozesu judizialaren ondorioz 6500 euroko kalte ekonomikoei aurre egiten jarraitzen dutela ere gaineratu dute eta Asanbladak antolatutako ekintzetara gerturatzeko gonbidapena luzatu dute.
Eskerrak eman dizkiete Zentroko gaztetxeak izan duen ibilbidean lagundu eta babesa eman dutenei; gaztetxean txandetan egon direnei, bertan kontzertuak eman dituztenei, babes eta elkartasun-keinuak helarazi dizkietenei edota, besterik gabe, gaztetxera hurbildu direnei. Baina batez ere, eskerrak eman dizkiete urte hauetan “Asanbladaren borrokaren parte izan diren Euskal Herri osoko gaztetxe, Gazte Asanbladei eta Defentsa Komunitateari, saretu dugun antolakuntzaren ondorioz soilik izan baita posible borroka hau burutzea. Guk garbi daukagu Zestoa bezalako herri txiki batean jaso dugun elkartasun hori gabe ez ginatekeela gauden lekuan egongo, eta bide horretan, gure babes osoa helarazi nahi diegu gu egon garen bezala une honetan borrokan aurkitzen diren Zornotza, Burlata eta Lizarrako gaztetxeei, alboan izango gaituzue” gaineratu dute.
Asanbladako kideen esanetan “antolakuntzaren bitartez sortutako elkartasun indarra izan da uztailaren 19an Zentroko Gaztetxearen desalojo agindua atzera botatzea, zein gaztetxea izango den alternatiba berria lortzea ahalbidetu duena”, eta Asanbladatik bide horretan lanean jarraituko dutela azpimarratu dute. “Garbi dugu egindako borroka guztiak merezi izan duela, eta aurrerantzean ere gazteon borrokarako grina horri eutsiko diogu” esanez eman diote amaiera agerraldiari.
Egin zaitez bazkide