Albisteak

Gazte asanbladako hainbat kide zentrora sartu dira “behin betiko soluzioa” eskatzeko

Gazte asanbladako kideek taldeko hainbat partaide zentrora sartu direla jakinarazi dute. “Urte eta erdi goaz hitzeman zitzaigun espazioa lortzeko prozesuarekin lanean eta egun, Udal Gobernua eta elizarekin hiruko mahaia osatzea lortu dugun arren, prozesuaren amaiera mugagabeki luzatzen ari zela ikusi dugu. Legealdiaren amaieran gaudela kontuan harturik, gaztetxearen arazoari behin betiko soluzioa emateko negoziaketak ahalik eta azkarren aurrera eramango direlaren bermeen beharra dugu. Hori dela eta, asanbladatik, aurrera eramaten ari garen presio mekanismo hau, arazoa konpontzeko agente ezberdinak mugiarazteko ekintza gisa ulertzea nahiko genuke” azaldu dute. Eliza komunitateari eta espazioaren erabiltzaile orori “lasaitasuna” transmititu diete.

Horrez gain Udal Gobernuarekin eta elizarekin harremanetan jarri direla adierazi dute, “gaztetxearen arazoari behin betiko erantzungo dion akordioa” exijitzeko. “Bitarte honetan, espazioa berak eta bertan dagoen material ezberdinek inolako kalterik jasoko ez dutela ziurtarazten dizuegu eta espazioari ematen zaion erabilerak etenik ez izateko udal-gobernuarekin alternatibak negoziatzen ari gara” gaineratu dute.

Asanbladako kideek herritar guztiei otsailaren 24an egingo duten bilerara joateko dei egin diete, “egoerak sor ditzakeen kezkak nahiz galderak argitzeko”. Arratsaldeko 19:00etan izango da hitzordua, Alonderon.

Hemen asanbladako kideek sare sozialetan argitaratu duten bideoa:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide