Albisteak

Gaztetxearen alde borrokan egiteko deia luzatu dute gaur Gotzaindegiaren aurrean

Gaur eguerdiko 12:00etan, Gaztetxeko kideek prentsaurrekoa eman dute Donostiako Gotzaindegiaren aurrean. Ondoren, apostasia eskaerak entregatzeari ekin diote. Prentsaurrekoan adierazi dutenez, ostiralean ateratako sententzia gaitzetsi egiten dute eta Gaztetxearen alde borrokan jarraitzeko deia luzatu dute.

Elizak, espazioa uzten badute, udalarekin negoziatzeko aukera dagoela esan badu ere, Gazte Asanbaldako kideen arabera, negoziatzeko prestutasuna itxurakeria hutsa da eta orain arte entzungor egin izana egotzi diote.

Aurreko asteetako gertakarien harira, kriminalizatu egin zaiela aipatu dute. Gaztetxearen aldeko elkartasun ekintzei erantzunez, Eliza eta alderdi politikoek egindako adierazpenak iritzi interesatuak zabaltzeko baliatu izana salatu dute.

Bereziki, Udala eta alkatearen jarrera salatu dute, hasiera batean Gaztetxearen leku aldatzean interesa jarri eta gerora prozesua oztopatzeagatik. ZGAko kideen ustez Udalaren nahia honakoa da: “Gaztetxe berriarengatik ematen ari den gatazka aprobetxatzea elizaren espazioak esku publikoetara pasatzeko eta bertan udal proiektuak martxan jartzeko eta ez Gaztetxe bat.”

Azkenik, apostasia eskaerak entregatzen saiatu aurretik, Gaztetxearen aldeko elkartasun keinuak eskertu dituzte.

Apostasia eskaerak ezin izan dituzte entregatu hauek izapidatzeko, pertsona bakoitzak dagokion apaizari batailo erregistroa eskatu behar dio eta.

Gaztetxearen defentsan manifestazioa datorren igandean

Datorren igandean, eguerdiko 12:30ean, Zestoako plazatik hasita, manifestaziorako deia egin dute, sententziaren aurkakotasuna, nahiz Gaztetxearen beharrezkotasuna aldarrikatzeko.

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide