Albisteak

Gaztetxearentzat Udalarekin adostutako leku berria orain arteko jubilatuen taberna izango da

Gazte Asanbladak agerraldia egin ondoren Euskadi Irratian hitz egin dute, 11:45ean, Mikel Arregi, alkateak, eta Amaiur Gartzia, Gazte Asanbladako kideak.

Arregik Euskadi Irratiko Faktoria saioan esandakoen arabera, “lasaitua” hartu du gai gatazkatsuari irtenbidea emanda. Alkatearen esanetan, ez da egun batetik besterako kontua izan, hilabete batzuk pasa dira kudeaketan, elkarrizketa luze eta zabalak izan dituzte Zentroaren jabea den Elizarekin eta baita gazteekin ere eta “pozik” dago eman zaion amaierarekin.

Arregik esan duenez, Eliza prest dago Udalari eraikinaren zesioa egiteko herritarren erabilerarako. Zesioaren inguruan gaineratu du Elizak eraikin asko dituela Zestoan eta ez direla Elizondoko eraikinaz bakarrik hitz egiten ari. Oraindik gauza asko zehaztu gabe daudela, baina Udalaren asmoa 20-25 urterako zesioa egitea eta gero erosketa gauzatzea izango litzakeela esan du. Zirriborroak mahai gainean baldin badaude ere, oraindik ezer sinatu gabe dutela ere azpimarratu du.

Behin Elizondo eskuratuta, bertan kafe antzoki moduko bat egin nahiko lukeela esan du alkateak. Hiru hamarkadetan erabili gabe egon den beheko eremua herritarren erabilerarako jarri nahiko luke herriko sozioekonomiari ekarpena eginez, eta goiko solairuan egongo litzateke jubilatuen egoitza.

Gauzak horrela, Arregik Euskadi Irratian argitu duenez, Udalak eta Gazte Asanbladak gaztetxearentzako adostutako lekua kultur etxe barrenean kokatzen zen orain arteko jubilatuen taberna izango da. Eskerrak eman dizkio, gainera, Gurutze jubilatuen elkarteari bertatik ateratzeko izan duten prestutasunagatik. Gainerako kultur etxeko eragileekin biltzeko asmoa dutela ere esan du. Jubilatuen tabernaren goiko aldean daude bulegoak ere gaztetxearen esku geldituko dira eta aretoa erabiltzeko aukera ere eskainiko zaie. Argi utzi du aretoak askotariko erabilera izaten jarraituko duela, baina egokitu eta lan batzuk egingo direla bertan kontzertuak egin ahal izateko. Aretoa dagoenekoz intsonorizatua dagoela ere esan du.

Egindako azterketen arabera, “bideragarria” eta “egingarria” da proiektua eta aretoa diafanoagoa egitea ere posible dela gaineratu du Arregik. Gauza guztietarako bezala, honetarako ere denbora beharko dutela azpimarratu du eta bere nahia legealdi honetan egitea dela.

Amaiur Gartzia Asanbladako kideak esan du “pena” dutela zentroa lagatzeko, baina haserako helburuei begiratuta, gaztetxe zaharraren beharrak oraingo proposamen honek betetzen dituela onartu du. Gatazkak “amaiera nahiko polita” izango duelakoan daudela ere esan du. Negoziaketan jardun duten alde guztiak nahiko nekatuta daudela eta gehiago ez luzatzeko konpromiso orri bat bete dutela esan du Gartziak, baina oraindik zehazteko daudela gauza batzuk. Zentroko gaztetxea agurtzeko, jaietan festa bat egingo dutela bertan eta ondoren giltza entregatu eta “modu baketsuan” ziklo hau itxiko dutela ere esan du.

Euskadi Irratiko saioa osorik entzuteko sakatu hemen

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide