Albisteak

Gipuzkoako Foru Aldundiak “Danbolinzulo” liburua argitaratu du

Donostiako liburu azokan dago eskuragai eta Ekainberriko bulegoan laster izatea espero dute.

Duela aste batzuk argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak “Danbolinzulo” liburua, Ertxiñako haitzulo horretako Paleolitoko labar artea eta giza okupazioari buruzkoa. Aspalditik ezagutzen zen haitzulo hori baina arkeologiarako aurkikuntza 1980. urtean izan zen, Arteaga garaikoek (Ertxiñondo) erakutsita, Munibe Taldeak historiaurreko hainbat zeramika berreskuratu zituenean. Handik urte askotara, 2014an, Antxieta Taldeko hainbat kidek margoak antzeman zituzten haitzuloan. Adituek aurkikuntzaren benetakotasuna egiaztatu zuten bezain pronto, haitzuloa burdin-hesiz babestu zen.

Ondare horren ikerketa sakona egin ondoren, orain dator ondorio nagusienen zabalkundea argitalpen honi esker. Aditu askok hartu dute parte argitalpenean: Asier Abaunza, Alvaro Arrizabalaga, Antxieta Arkeologi Taldea, Marcos García-Diez, Maria José Iriarte-Chiapusso, Blanca Ochoa eta Irene Vigiola-Toña. Diziplina ezberdinetako talde zabal horrek hainbat gai jorratu ditu, besteak beste: kokapen geografikoa; testuinguru arkeologikoa; labar artea Danbolinzuloko haitzuloaren inguruan; haitzuloaren historia, aurkikuntza eta ikerkuntza; espeleologiako elementuak; dispositibo ikonografikoa; sorkuntza prozesuaren analisia; kronologia; kontserbazioa; bibliografia eta abar.

Dibulgazioari begira pentsatutako liburua da, eta, ondorioz, nahiko erraz ulertzeko modukoa. 142 orrialde ditu. Horrez gain, margolanen argazki franko ditu; kontuan izaki margoen kontserbazioa nahiko kaskarra dela, liburua oso baliabide egokia da margoak hobeto definituta ikusteko.

Donostiako liburu azokan, Foru Aldundiaren salmenta postuan, eskura daiteke dagoeneko liburua. Ekainberriko bulegoan oraindik ez omen daukate salgai baina laster izatea espero dute.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide