Albisteak

Gipuzkoako Paleta Txapelketako lehen partidak jokatuko dira larunbatean kiroldegian

Gipuzkoako Paleta Txapelketako denboraldiari hasiera emango diote larunbat honetan Zestoan. Txapelketaren aurkezpena egin dute gaur goizean kiroldegian eta bertan izan dira Gipuzkoako Pilota Federazioko kideak, Zestoako Pilota elkarteko Esteban Lopetegi, Jurdan Arakistain kirolaria eta Aitor SalegiĀ  Zestoako Udaleko zinegotzia. Txapelketaren nondik norakoen berri eman dute aurkezpenean.

Adimen urritasuna duten 15 kirolarik hartuko dute parte, lau emakume eta hamaika gizonezkok. 18 eta 40 urte bitarteko kirolariek osatuko dute txapelketa. Horien artean izango da Jurdan Arakistain pilotari zestoarra. Iazko bere multzoko txapelduna izan zen eta txapelketa berria Zestoan hasteak ilusio handia egiten diola eta partidak jokatzeko gogotsu dagoela esan du. Zestoako Udalarentzat txapelketa honetako lehen partidak herrian jokatzea ohore bat dela adierazi du Salegik. Bestalde, pilota federazioko kideek azaldu dute oso pozik daudela ekimenarekin eta jada, hamargarren edizioa dela aurtengoa.

Larunbateko zita

Larunbateko partidak goizeko 10:00etan hasiko dira kiroldegian eta eguerdiko 13:00ak arte luzatuko dira. Kirolariak aurreko denboraldian lortutako sailkapenaren arabera hiru multzotan banatuko dira: urdina (hiru kirolari); zuria (bost kirolari) eta gorria (zazpi kirolari). Denek denen aurka jokatuko dute multzo bakoitzean. Zestoan lortutako emaitzen arabera, Legazpin jokatuko dute hurrengo jardunaldia, otsailaren 8an.

Inklusioa ardatz

Pilota Federazioko kideek inklusiorako eta normalizaziorako bidean horrelako ikuskizunak ezinbestekoak direla nabarmendu dute. Urtetik urtera txapelketako parte hartzaileek geroz eta maila hobeagoa dutela esan dute. Amaitzeko, zestoar guztiei txapelketara hurbiltzeko deia egin diete, parte hartuko duten kirolariek emango duten ikuskizunaz goza dezaten.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide