Albisteak

Gorka Unanue: “Garbi ikusi dugu herriko hainbat kale ilunak gelditu direla”

Joan den hilean hasi ziren herrian LED sistemako argiteria jartzen eta zer esan handia eman du gaiak herrian. Gorka Unanue, EAJko hirigintzako zinegotziak azaldu du jada, farolen %70 inguru aldatu dituztela eta datorren abenduaren erdi alderako guztiak aldatzea espero dutela.

Herriko gune batzuk ilunak gelditu direla aitortu du Unanuek. Batez ere hiru gune azpimarratu ditu; Foru plaza, Toribio Altzaga, Zubimusu eta haur eskola aldetik gorako zatia. Foru plazan argi puntu gehiago jarriko direla azaldu du baina eliza aldean lanean ari direnez, ikusi egin behar dela zer eta noiz egin daiteken. Toribio Altzagan, berriz, argi puntu berriak jarriko dituzte, farola gehiago alegia. “Garbi ikusi dugu herriko hainbat kale ilunak gelditu direla eta behin argi guztien instalazioa amaitutakoan, irtenbidea eman beharko diegu puntu horiei” adierazi du. Kale batzuetan dauden atarietako argiekin zer egin ere aztertuko dutela gehitu du. Normalean argiteria pribatua dutenak aspaldian ez zirela pizten azaldu du, kostu handia baitaukate eta kanpoko farolen argiekin nahiko ondo ikusten baitzen. “Oraingo argiekin, portale batzuk ilunak gelditu dira eta begiratu egin beharko da ea zer egin daiteken” esan du.

Farola guztiek egiten duten argi maila ezberdina da, kalearen zabalera eta farolen arteko distantziaren arabera, potentzia ezberdina dutela dio zinegotziak. “Ilunak gelditu diren guneen arazoa konpontzeko, argiaren potentzia aldatzeko aukera izango dugu. Beste hainbat lekutan agian, potentzia gehiegi badago, jaitsi egin beharko da. Herrian gutxi gorabehera 1000 argi puntu daude eta guzti hauen baturaren argi mailaren %15 igotzeko moduan gaude oraindik” nabarmendu du. Sistema berria jartzen hasi aurretik argiteriaren azterketarik ez zela egin azaldu du Unanuek. “Orain arte, argi bat kendu eta beste bat jarri da, eskala txikiago batean, baina orain, eskala handian egin da, agresiboagoa da aldaketa”.

Txoko feministak egindako azterketaren ondoren zehaztutako puntu ilunei dagokienean, Unanuek azaldu du oraindik ez direla fase horretan sartu. Argiteriaren %100a LED sistema denean, puntu beltz horiek nola gelditu diren aztertuko dute eta beharrezkoak diren aldaketak egingo dituztela azpimarratu du.

Bestalde, Zestoako EH Bilduk, gai honen inguruko idatzi bat argitaratu zuen pasa den larunbatean Danbolinen duten komunitateko txokoan. Mikel Arregi, EH Bilduko zinegotziak azaldu du hasieran egin zituzten kritika guztiak baieztatu direla. “Sistema berria martxan jarri aurretik inongo probarik ez egitea zentzugabekeria bat da” adierazi du. Azpeitian egiten ari diren argiteriaren aldaketa jarri du adibidetzat Arregik, han farolak aldatzen hasi aurretik kale txiki bat frogak egiteko erabili zutela azaldu du zinegotziak. “Frogan, argien intentsitatea eta abar aztertu ondoren, herri guztian hasi ziren sistema aldatzen” esan du. Zestoan, hasieratik gauzak gaizki egin direla salatu du eta horrek herritar guztiek ordaindu beharko duten gainkostua izango duela nabarmendu du.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide