ZESTOA ILUNA

Bere garaian herriko argiteria publikoa 10 urterako esku pribatuetara pasatzea zorrotz kritikatu genuen eta horretarako erabili genituen argudioak behin eta berriz baieztatzen ari dira.

2017ko uztailean erabaki zuen bere gehiengoa erabilita EAJko udal gobernuak argiteria publikoa esku pribatuetara pasatzea nahiz oposizioa eta udal langileria aurka izan. Esleipen edo adjudikazio prozesua bera nahiko konplikatua izan da, besteak beste, aurkeztutako enpresa batek helegitea jarri zuelako eta ondorioz urte eta erdiko atzerapena pairatu dugulako. Adjudikazio prozesuan udalak kanpo aholkularitza ere erabili behar izan du, horrek dakarren gain-kostuarekin.

Duela hilabete inguru hasi ziren argiteria aldatzen, enpresak aldez aurretik gune ilunen azterketa sakona egina zuela esan zitzaigun eta emaitza orain iritsi da. Gune ilunak ez argitzeaz gain lehen hainbestean argiztatuak zeuden guneak ilunduta gelditu dira. Hau gutxi ez eta gure herriko nortasun ikur nagusienetariko gunea, plaza nagusia alegia, argiztapen oso baxuarekin utzi digute eta argi berrien euskarrien eragin estetikoa ere benetan zatarra da.

Azpeitian udal langileek egin dute argiteriaren aldaketa, Ehbildutik gauza bera planteatu genuen Zestoarako, horretarako nahikoa giza baliabide eta ahalmen ekonomikoa bageneuzkalako. Azpeitian kaleen argiztapen aldaketak emaitza onak izan ditu, besteak beste, Zestoan jarritakoak baino kalitate hobeagoko gailuak jarri dituztela egiaztatu ahal izan dugu eta gurean, berriz, pribatizazioaren zentzugabekeriak berriro ilundu gaitu.

Intentsitate elektriko gehiago sartuta konponduko dela ere esan digute, baina Zestoan intentsitatea elektrizitatean baino beste lekuren batean falta dela beste behin sobera demostratua gelditu da. Inolako beharrik gabe argiteria eta honen energia horniduraren kudeaketa osoa 10 urterako kanpoko enpresa pribatu baten esku utzi da, epe horretan enpresak jasoko ditu guztion diruarekin sortutako etekin ekonomiko guztiak eta energia bezalako alor estrategiko baten kontrol publikoa galduko da.

Zestoako EAJren Udal Gobernuak beste behin interes pribatuak interes publikoen gainetik jarri dituela ikusita, Ehbildutik zerbitzu publikoen kudeaketa eta kontrol publikoaren aldeko aldarria egiten dugu eta argiteriarekin egin den “txapuza” ikusita berriro argiteria Udalaren eskuetara itzultzea eskatuko dugu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide