Albisteak

Greban dauden udal langileek elkarretaratzea egin dute

Greban dauden udal langileek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian plazan, “Egonkortzearen alde, kaleratzerik ez ” lelopean. 40 lagun inguru bildu dira bertan. Elkarretaratzearekin batera, honako idatzia kaleratu dute:

“GREBAN GAUDEN ZESTOAKO UDAL LANGILE INTERINOEK EZ DUGU OPARIRIK ESKATZEN”

“Uztailaren 13an greba hasi dute Zestoako udal langile interino batzuk, aspaldidanik duten egoera irregularretik ateratzearen alde. Adierazgarria da hauetako zenbait langilek 15 urte baino gehiago daramatzatela egoera irregular horretan eta lan-egonkortasunik gabe.

2021eko abenduan argitaratu zen administrazio publikoan arazo honi konponbide bat emango zion legea (sektore publikoko behin-behinekotasuna murrizteko 20/2021 Legea). Legeak behin-behinekotasun baldintza zehatz batzuk betetzen zituzten lanpostuak ekainaren 1a baino lehen enplegu eskaintza berezian ateratzera derrigortzen zuen Udala.

Udal gehienetan, langileen eta udalaren arteko negoziazio-mahaiak osatu, eta legeak agintzen zuena errespetatuz, lanpostu guztiak aztertu eta baldintza bereziko eskaintzak argitaratu ziren.

Zestoako Udalak, beste udal askok bezala, lege berriaren aurretik argitaratutako 2019ko lan-eskaintza publikoa zuen martxan. Udal gehienek, baita ingurukoek ere (Zumaiakoak, adibidez), aurreko eskaintzak bertan behera utzi eta baldintza bereziko eskaintza berriak argitaratu zituzten, legeak horretarako aukera ematen baitu.

Zestoako Udalak, nahiz eta zuzenean eragiten zien behin-behineko langileek horrela eskatu, ez zuen 2019ko lan-eskaintza publikoa bertan behera utzi, eta horrek langile horien kezka eta haserrea sortu zuen. Horri gehitu behar zaio, 2019ko lan-eskaintza publikoan jasotako lanpostuen oinarriak abuztuaren 22a baino lehen argitaratu behar direla, baldintza bereziko eskaintza berriak abenduaren 31rako argitaratu behar diren bitartean.

Legeak hainbeste urte behin-behinekotasunean egon diren langileen aldeko oinarri bermatzaileak adosteko aukera ematen du. Baina abuztuaren 22ko epe horrek presazko egoera batean kokatu ditu langileak, legeak baimentzen duen negoziazio horren aurrean.

Horretaz gain, lege honek salbuespen-egoera batean kokatzen gaituen arren, eta ohiko prozesuetan ez bezala, deialdia egiten duen administrazioan izandako lan-esperientzia saritzeko aukera ematen duen arren, Udala ez da prest agertu testuinguru berezi hori aprobetxatu eta hainbeste urtean egoera irregularrean egon diren langile horien mesedetan oinarriak finkatzeko. Izan ere, 2019ko lan-eskaintza publikotik martxan jarri diren prozesuak ohiko oposaketa arrunt batean egin ziren, eta prozesu horietan, Udalean urte asko zeramatzaten bi langilek kalean bukatu zuten. Gogoratu behar da ordea, garai hartan ez zegoela lege berri hau indarrean, eta testuinguru ezberdin batean kokatzen gaituela horrek. Udalak daraman motxila horrek ez dio oraingo salbuespen-egoera hau objetibotasunez ikusi eta aztertzen uzten.

Zestoako Udaleko langile interinoak 2021eko abenduan hasi ziren beraien ordezkari sindikalekin batzarrak egiten eta egonkortasun legeaz hitz egiten eta lege honen inguruko zalantzak eta kezkak mahaigaineratzen. Maiatzetik hona udal ordezkariekin ere hainbat bilera egin dituzte gaiaz hitz egiteko.

Ekaina eta uztaila artean, bai Udalean ordezkaritza sindikala duen LAB sindikatuak eta baita ELA sindikatuak ere, bakoitzak bere aldetik egin badute ere, gai honen inguruan duten posizioa agertu dute. Beren ustetan, “salbuespenezko egoera honen aurrean, lehentasuna eman behar zaio bitartekotasun abusuan dauden lanpostuen egonkortasunari, eta erraztasunak eman behar zaizkie abusu gehien jaso dituztenei, hau da, deitutako lanpostuetan denbora gehien eman dutenei, oinarrizko baldintzak betetzen badituzte eta administrazioan sartzeko merezimendu, berdintasun eta gaitasun arauak bete badituzte”.

Zestoak Udaleko langile interinoak bere garaian zegozkion hautaketa-prozesuak egin eta gainditu zituztelako daude udaletxean lanean.

Zestoako Udalean greban dagoen langile interinoen taldeak bai LAB sindikatuak eta bai ELA sindikatuak plazaratu eta Udalari helarazi dizkioten irizpideekin bat egiten dute, eta irizpide horietan oinarritutako bi proposamen aurkeztu dizkiote idatziz Udalari. Horretaz gain, bi sindikatuen irizpideetara hurbiltzen den proposamen bat negoziatzeko prestutasuna ere agertu dute.

Baina Udalak ahoz eman dien proposamena onartezina iruditu zaie, goian aipatutako irizpideetatik oso urrun dagoelako eta proposamen hori ez delako inoiz langile interinoekin landu.

Adibide konkretu batzuk jartzeagatik, bi sindikatuen proposamenen artean dago, deialdia egiten duen administrazioan izandako lan-esperientzia beste administrazio bateko esperientzia baino 3 aldiz gehiago puntuatzea. Aldiz, Udalak proposatzen du 1,25 aldiz gehiago puntuatzea. Horretaz gain, Udalaren proposamenean Zestoako lan-esperientzia 10 urte artekoa puntuatuko litzateke. Eta pertsona bat tope horretara iristen bada, puntuazio horri ezingo lizkioke gehitu beste administrazio publiko batean edota enpresa pribatu batean izandako lan-esperientzia. Aldiz, Zestoako Udalean esperientziarik ez duen bati, ia 14 urte arte puntuatuko litzaizkioke, administrazio publiko bateko esperientzia eta enpresa pribatukoa batuz.

Udalak belaunaldi berriei eta gazteei ateak ez dizkiela itxiko ozen esan du. Baina hitz egin dezagun garbi, lege berri hau ez dator inoiz administrazio publiko batean lana egin ez duten herritarrei lanpostuak eskaintzera; legearen helburua ez da hori. Lege hau jada administrazio publikoan lanean ari direnak, eta bereziki, irregulartasun egoeran urte asko daramatzaten horiek, betetzen ari diren lanpostuetan egonkortzera dator. Eta Zestoako Udalak proposatu dituen oinarriak ere, jada administrazio publikoren baten lanean ari direnen mesederako diseinatuta daude. Ez ditzagun herritarrak engainatu.

Udalak lanpostuen oinarrien berme juridikoaz ere hitz egin du: helegiteak, segurtasun juridikoa, helegite horiek Udalari ekar diezazkioten ondorioak… Baina, lege hau 2021eko abenduan atera bazen, eta Udalean ordezkaritza sindikala duen LAB sindikatuak 6 hilabete behar izan baditu sindikatuen izenean irizpide batzuk proposatzeko, denbora horretan ez ote ditu ba irizpide horien berme juridikoak aztertu”

Greban gauden Zestoako udal interinoak

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide