Albisteak

Gurasoei zuzendutako hainbat hitzaldi eskainiko ditu Nerea Sancho sexologoak datozen asteetan

Harremonak egitasmoaren baitan, adin ezberdinetako gurasoei zuzendutako hiru hitzaldi eskainiko ditu Nerea Sancho sexologoak datozen asteetan. Badira hiru urte Zestoako Udalak Harremonak Hezkidetza Egitasmoa martxan jarri zuela Arremanitz kooperatibarekin batera. Programa honen helburu nagusia, herriko neska-mutilen arteko harreman osasuntsu, goxagarri eta parekideak lortzeko prozesu pertsonal zein kolektiboak sustatzea da. Indarkeriari, eta bereziki emakumeen kontrako indarkeriari, modu eraginkorrean aurre egin nahi diote programaren bitartez. Horretarako, haur, nerabe, gazte,  guraso, eta irakasle ezberdinekin egiten dute lan.

Datozen asteetan gurasoen txanda izango da. Lehenengo hitzordua otsailaren 5ean izango da. HH eta 1. zikloko haurren gurasoei zuzendutako “Haur txikien sexualitateak: gorputz-esplorazioen funtzio osasuntsuak eta esku-hartzeko irizpideak” hitzaldia eskainiko du Sanchok eskolako jangelan, arratsaldeko 17:00etan. Hilaren 7an, DBHko gazteen gurasoei zuzendutako “Gurasoen harreman intimoa zaintzea, tratu onen harreman eredu gisa” solasaldia izango da, arratsaldeko 17:30ean, Gaztelekuan. Amaitzeko, otsailaren 14an, 2 eta 3. zikloko gurasoei zuzenduta, “Nerabezaro aurreko sexualitatea: autoestimua eta gorputz irudia sare sozialen garaian” saioa eskainiko du sexologoak, 17:00etan hasita, eskolako jangelan.

  • Oharra: HH, eta 1, 2, 3. zikloetako haurren gurasoei eskainitako hitzaldietan zaintza zerbitzua egongo da.

Argazkia: hikhasi.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide