Albisteak

[GUTUNA] TAMALGARRIA ETA MINGARRIA – Ezkaizto Auzo Elkartearen gutuna Arroabean egingo duten biribilgunearen inguruan

2019ko otsailean hasiko dira N-634 errepide nazionala (kostako errepidea) eta GI-631 errepidea elkartzen diren bidegurutzean egingo duten biribilgunearen lanak. Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak, Mikel Uribetxeberria azpiegituretako departamentuko plangintza eta ustiaketako zuzendari nagusiak eta Josetxo Mendizabal alkateak aurkeztu dute proiektua gaur goizean. Prentsaurreko honen harira, ondorengo idatzia helarazi digu Ezkaizto Auzo Elkarteak:

Arroa Beheko bizilagunok urteak daramatzagu Bombas Azcue aurreko bidegurutzean
biribilgune bat egiteko eskatzen. Izan ere, geure begiz ikusi dugu bertan gertatu den ezbehar
andana eta inork baino hobeto dakigu bidegurutze hori zein arriskutsua den. Beraz, oso berri
pozgarria iruditu zaigu Gipuzkoako Diputazioak biribilgunea egiteko erabakia hartu izana.
Oso bestelakoa da ordea, albistea jaso dugun egun honetan daukagun sentimendua, atsekabea
eta mina baino ez baititugu barruan.
Arroarrok, duela urtebete inguru jakin genuen Diputazioak biribilgune bat egiteko asmoa zuela.
Proiektu honek gure herriarentzat duen garrantzia ikusita aurreneko momentutik udaletxera jo
genuen informazio eske. Hasiera hartatik gaur arte, gure galdera eta kezkak biribilgunearekin
lotuta dauden bi gairen ingurukoak izan dira: herriko sarrera-irteerak eta bidegorria.
Izan ere, Arroa Beheak sarrera-irteera arazo nabarmenak ditu. Azken 15 urteetan etxebizitza
kopurua bikoiztu bada ere, herrira sartzeko bideak berbera izaten jarraitzen du: bi auto
gurutzatu ezin diren aldapa bihurria. Hala, gure herriaren alboan egingo den biribilgunea
aukera aparta litzateke herria errepide nagusiekin lotzeko. Bidegorriari dagokionean berriz,
Urolako Bidegorriaren Proiektuaren arabera, bideak bidegurutze hau gurutzatu beharko luke,
eta beraz, logikoa litzakete biribilgune honek hori ere aurreikustea.
Gauzak horrela, azken urtean behin eta berriz jo dugu Zestoako Udaleko atea gaia nola zegoen
jakiteko. Guztietan, beraiek informazio gehiegirik ez zeukatela eta esku artean proiekturik ez
zeukatela erantzun izan digute. Horrekin batera esaten ziguten, beraien susmoaren arabera,
biribilguneak herriko sarrera-irteera eta bidegorria ez zituela aurreikusiko. Guk hori onartezina
zela eta mesedez zerbait egin behar zela adierazi diegu behin eta berriz. Horregatik, informazio
berriren bat izan bezain laster (alegazio epeak, proiektuaren xehetasunak…) gu jakinaren
gainean jartzeko eskatu izan diegu. Hala ere, beraiek ez gaituzte inoiz deitu eta ez digute ezeren
berri eman. Bitartean, geu izan gara etengabe beraiengana jo dugunak.
Irailean bertan, Azcueko bidegurutzean mugimendu ezberdinak ikusi eta Zestoako Hirigintza
Batzordera jo genuen, biribilgunearen gaia nola zegoen jakiteko. Bertan, oraindik ere
informazio gutxi zeukatela baina gaiaz hitz egiteko gurekin biltzeko prest zegoela esan zigun
alkateak. Deirik jasotzen ez genuela ikusita, geu izan gara behin baino gehiagotan alkateari
bilera eske idatzi diogunak. Horrela bi hilabete baino gehiago pasa dira jada, eta oraindik ez
dugu bilera hori egiterik lortu.
Azkeneko kolpea atzo jaso genuen, guretzat hain garrantzitsua zen proiektua prentsaurrean
aurkeztu behar zutela kasualitatez eta iturri ez ofizialen bidez jakin genuenean. Eta hala, gaur
bertan duela astebete oraindik ere informaziorik ez zeukala eta bilera aurrerago egingo genuela
esan zuen pertsona berberak, Josetxo Mendizabalek, prentsaurreko bat eman du biribilguneari
buruzko informazioa emanez. Baina ze errespetu falta da hau? Prentsaren bidez jaso behar al
ditugu gure herriari buruzko berriak? Orain arte gezurretan aritu ote zaigu, ezer berririk ez
zekiela zioenean?
Gaurkoan, Arroako hainbat herritar prentsaurrekora gerturatu gara, alkateak egin ez duen
bezala Aintzane Oiarbidek gure galderei erantzungo zielakoan. Tamalez, honek gure beldurrak
baieztatu baino ez ditu egin: biribilguneak ez du herrirako sarrera-irteerarik izango eta
bidegorria ere ez du aurreikusten.
Oiarbidek esan duenaren arabera, biribilgunea txikiegia da laugarren sarrera bat izateko.
Hasiera batean biribilgunea egiteko lekurik ere ez zegoen eta arazo hori konpontzeko udalak lur
zati batzuk eman behar izan dizkio diputazioari, eta herriko sarrera-irteeren eskumena
udalarena izanik, tamaina arazoa bada zergatik ez dio lur zati handiagoa eman sarrera hori egin
ahal izateko? Ez dakigu noizbait galdera honen erantzunik izango dugun, oraingoz behintzat
ezinezkoa izan da alkatearekin biltzea.
Bidegorriari dagokionez berriz, biribilgune hau ez omen da proiektu horrentzat oztopo izango
eta momentua iristen denean egingo omen dituzte behar diren aldaketak. Ez al da hobe
hasieratik ongi egitea? Handik metro gutxira dagoen Txikierdiko biribilgunean gertatu zena
gertatzea nahi al dute?
Gauzak honela, ospatzeko eguna izan behar zuena, atsekabez, adarra jotzen ari zaizkigunaren
sentsazioarekin eta instituzioekiko eta bereziki Zestoako Udalarekiko minez amaitu dugu
Arroan.
Ezkaizto Auzo Elkartea



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide