Otsaila 2026
— 2026-03-02Irakurri 279. zenbakia hemen.

Martxoaren 17rako greba orokorra deituta dago Hego Euskal Herrian, gutxieneko soldata propioa ezartzea eta soldatak hobetzea eskatzeko. Deialdiaren atzean ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuak daude, eta 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzea aldarrikatzen dute.
Zestoako greba komitetik jakinarazi dutenez, herriko hainbat eragilek bat egin dute deialdiarekin. Besteak beste, ondokoek agertu dute babesa: AEK, Eromen antzerki taldea, 3Z, Pentsiodunen Elkartea, Zestoako Mugimendu Feminista, Sare eta Danbolineko erredakzioa.
Bestalde, Zestoako Udaleko langileek batzarra egin dute eta grebarekin bat egitea erabaki dute. Era berean, San Juan egoitzako langileek ere greban parte hartzeko asmoa azaldu dute.
Hori dela eta, langileen batzarrean hartutako erabakiaren ondorioz, udaletxea, kultur etxea, liburutegia, gaztelekua eta kiroldegia itxita egongo dira asteartean.
Herriko merkataritzan ere eragina izango duela aurreratu dute: herrigunean zein auzoetan hainbat dendari eta tabernarik ixteko asmoa agertu dute egun horretan.