Albisteak

HAPO herritarrekin batera diseinatzeko parte hartze prozesua abiaraztea aho batez onartu du Udalbatzak

Maiatzeko Udalbatza egin zuten atzo, osteguna, arratsaldeko 20:00etan. Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) herritarrekin batera diseinatzeko parte-hartze prozesua abiaraztea aho batez onartu zuen Udalbatzak. Gorka Unanue EAJko zinegotziak aurkeztu zuen parte-hartze prozesua.

Bederatzi fase ezberdinetan banatuko da. Lehenengo fasean programaren aurkezpen ekitaldi bat egingo da. Ekainaren lehen edo bigarren astean egitea aurreikusten da. Bigarren fasean, diagnostiko dokumentu bat eratuko da, norbanakoei herriaren inguruko inkestak egingo zaizkie eta erakundeekin elkarrizketa pertsonalagoak egingo dira. Hemen lortutako emaitzekin dokumentu bat eratuko dute. Gainontzeko faseetan alegazioak egiteko aukera egongo, iradokizunak baloratuko dira eta dokumentua herritarrekin kontrastatuko da. Azkenik, behin betiko dodumentua osatuko da.

Mikel Arregi EH Bilduko kideak azaldu zuen plan honekin zestoarrak jabearazi behar direla herriaren etorkizuna nolakoa izatea nahi duten. “Horretarako parte hartzeko programa beharrezkoa da. Badakigu ez dela prozesu motza izango eta sukalde lan handia dago egiteko. Parte-hartze programa leun bat egiteakĀ  kezkatzen gaitu” adierazi zuen Arregik. EH Bilduko kidearen esanetan, “azpimarra belaunaldi berrietan jarri behar da eta errealitatera egokitzen den plan bat osatzea beharrezkoa da”. Amaitzeko, plan honen inguruko bilera guztietara deituak izatea eskatu zuen Arregik.

Josetxo Mendizabal alkatearen esanetan, “esfortsu indartsu bat egin behar dugu, plan honek garrantzi handia duelako”. Gai honetan bi alderdiak eskutik joan behar dutela azpimarratu zuen Mendizabalek.

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide