131. ‘Hermanotako’ eskola berria

Igande honetan beteko dira 90 urte Zestoako San Jose ikastetxea inauguratu zela. Jakina denez, maristei eman zitzaien ikastetxearen ardura eta horregatik ezagutzen genuen eskola hura Hermanotakoa izenarekin, alegia, maristak Hermanos Maristas zirelako. Ikastetxea egin aurretik ere, bi ikasturtetan eman zituzten ikasketak Zestoan maristek, eta udaletxeko areto nagusia erabiltzen zuten horretarako.

Kontuak kontu, 1928ko maiatzean, lursaila erosi zioten Alatxako kondesari, 5.500 pezetaren truke eta beste zati bat Blas Alkortari, eta berehala hasi zituzten obrak. Eginok ere eskaini omen zuen lursaila (Guztiok Bat zeneko inguruan?) baina garestiago, eta ondorioz, baztertu egin zuten hari erostea.

Ramon Cortazar arkitektoa izan zen proiektuaren egilea. Cortazar arkitektoak nahiko ezagunak ziren Zestoa aldean. Ramonen aitak, Antoniok (1823-1884), egin zuen 1855ean, eskola eraikitzeko proiektua, gaur egun Postetxea dagoen etxea. Antonio Cortazar ez zen nolanahiko arkitektoa. Berak diseinatuak dira, besteak beste, Donostiako zabalgune osoaren (gaur egun “zentroa” deitzen duguna) antolaketa-planoa eta Urumea ibaiaren gainean Santa Katalina zubia. Antonio Cortazarren seme Ramonek (1867-1945), berriz, Urolako tren geltokiak diseinatu zituen (gaur egun, monumentu izendatuak), tartean Zestoako bostak. Horrez gain, Donostian eta inguruetan makina bat etxebizitza-bloke proiektatu zituen, baita kultur eraikuntzak ere: pare bat aipatzekotan, Bellas Artes antzokia (1915) eta Printzipe antzokia (1922). Ramon Cortazar Foru Aldundiko arkitekto nagusia izan zenez, berari egokitu zitzaion Zestoako ikastetxea diseinatzea, eta urte batzuk geroago (1942) berak berregin zuen Udaletxea ere.

1929ko urtarrilean, eskola berria prest zegoen irekitzeko. Eta egun batzuk lehenago, inaugurazioa prestatzen hasi behar eta Blas Alkortari galdetu zioten zenbat kostako ote zen bazkaria; bakoitzarena 12 bat pezeta, erantzun zien hark. 43 lagunentzat enkargatu zuten janaria, baina, badaezpada ere, garbi utziaz, Cervantesen hizkeran, “que el gasto probablemente el calculado sería poco en comparación de lo que habría de cobrar si es que habría de ser a base de champagne”. Xanpainarekin, nola ba bestela!

Inaugurazioa urtarrilaren 20an, igandea, “solemnea” izan zen, garai hartako egunkariek diotenez. Lastima, bikarioa gaixorik eta obispoa berriz oso lanpetua, eta ezin izan zuten azaldu; bai, ordea, agintari zibilek, Gobernadore Zibil Enrique Chacón jenerala buru zutela. Primo de Riveraren diktaduraren azken urteak ziren eta inaugurazioko hitzaldiak oso kontserbadoreak eta erlijio kutsukoak izan ziren. La Constancia egunkari integrista eta gobernu eta alderdi liberalen eta abertzaleen aurkariak ikastetxe berriko zuzendari maristaren hitzaldi osoa jasotzen du, eta bada han perla finik: “La ignorancia sobre todo en materia de religión es y ha sido siempre la causa de la mayor parte de crímenes y disturbios sociales”. Ez ziren, beraz, epelkeriatan ibiliko ume eta gaztetxoen heziketan. Nolanahi ere, garai hartan ikasle izan ziren zenbait zestoarren iritziz, arrakasta dezente izan zuten herrian eta, antza denez, heziketa ona ematen zuten. Oniritzi horrekin bat egiten zuen Udalak ere; honela dio, esate baterako, 1938ko udal akta batek: “Lehendakariak jakinarazten dio Udalbatzari, beste kide batzuekin batera kurtso amaierako azterketak ikusi zituela, Maristek zuzentzen duten San Jose ikastetxean, eta oso iritzi baikorra jaso zuela, bertara joaten diren ikasleek lortutako kultura mailagatik eta han arnasten den aberri izpirituagatik; beraz, proposatzen du, eta hala erabakitzen da, bertako Hermanoei zorionak ematea eta bereziki Marcelino Alonso zuzendariari, azken ikasturte honetan lortutako emaitzagatik”. Akaso beroarena kendu beharko zaio zorion eta goraipamen horiei baina, tira, zaila da 90 urteko tartearekin orduko hezkuntza juzgatzea eta hortxe utziko dugu.

Baina ez gaitezen haritik atera; inaugurazioarekin ari ginen eta jarrai dezagun. Lehendabizi, kanpoko agintariei harrera egin zieten plazan. Musika bandak, Anastasio Alkortak zuzenduta, pasodoble bat jo zien. Hamarretan, mezatara joan ziren denak, eta ondoren, agintari zibilak aurrean zirela, segizioan joan ziren ikastetxe berrira musika bandak lagunduta. Gero, ikastetxea bedeinkatu, esan beharrekoak esan, eta udaletxera itzuli ziren bazkaltzera; “se celebró el banquete en el salón de actos de la Casa Consistorial, que fue servido por la casa Alcorta” (ez dakigu “a base de champagne” izan ote zen edo zerbait soilagoa). Bazkaria amaitutakoan, agintariek herriko su-itzaltzeko materialen probaketa ikusi zuten eta, jarraian, Unión Patriótica alderdiaren egoitza bisitatu zuten. Arratsaldeko laurak eta laurdenean, kanpoko agintariak beren herrietara abiatu ziren, eta hortik aurrera, gure egunkari elizkoiak ez du aipatzen erromeriarik izan ote zen edo ez (nola ez zen izango ba!).

* * *

Dirudienez, ez zen ohikoena erakunde erlijiosoen esku uztea irakaskuntza eta Gipuzkoan ez dira garai hartan horrela jokatu zuten herri asko. Historiagileak ez dira ados jartzen eskola erlijiosoek zenbaterainoko modernotasuna ekarri ote zuten hezkuntzan. Batzuen iritziz bakar bakarrik eskola publikoak eta Institución Libre de Enseñanza delakoak ziren berritzaileak. Beste ikerketa batzuen arabera, berriz, ematen du hainbat kongregazio erlijiosok ekarpen handia egin zutela hezkuntza sistemaren modernizazioan. Egia esateko, modernitatearen bultzatzaile nagusiak ez ziren garai hartan erakunde erlijiosoak baizik-eta herriko burgesia eta haiei zor zaie heziketari garrantzi handiagoa ematea, baliabide gehiago jartzea eta eskola berriak egitea. Haien nahia zen lanerako ikasketa teknikoak (lanbide heziketa) eskainiko zituzten ikastetxeak edukitzea herrietan, pixkanaka industrializatzen ari ziren tokietan jende prestatua edukitzea. Agian –beti ere Zestoari dagokionez– kontu hori ez da hainbeste sumatzen maristen garaian, baina bai, oso garbi gainera, ikastetxea Salletarren esku egon zenean. Haiek –jakina beranduagoko kontuez ari gara, 60 hamarkadaz– saiatu ziren Zestoan lanbide eskola (eskola profesionala) eraikitzen, gaur egun “txanpinoia” esaten zaion eraikina dagoen eremuan, baina ez zuten lortu.

Seguruenik –eta gai honek, hobeto ikertuta, artikulu oso baterako emango luke– erakunde erlijioso horiek oso zorrotzak eta kontserbadoreak izango ziren moral eta diziplina kontuetan baina nahiko aurrerakoiak Zestoakoa bezalako eskoletan ikasketa teknikoak ezartzerakoan.

Argazkia: Realidad egunkaria, 1929-02-18. Argazkia Cristina Hoteletik aterata dago.

La Constancia, 1929-01-22 (ikusi hemen)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide