Herria ixten?
— 2019-07-30Askotan pentsatzen dut buruari gehiegi ez eragitea dela onena baina hori ere ez da ba beti erraza izaten eta nirea martxan dabil egunotan. Betidanik irekita ezagutu dudan beste denda bat itxiko da laster gurean, okindegi bat kasu honetan eta ni penetan. Ez betiko ogia faltako dudalako bakarrik, geroz eta “betiko” denda gutxiago ditugulako Zestoan baizik.
Irudika dezagun gure herria dendarik gabe, eguneroko erosketak egiteko ezer gabe, ez harategi, ez arrandegi, ez okindegi, ez arropa dendarik, ez paper denda, ez etxe tresnarik, ez ezer. Kalera atera ere ez litzateke jende asko egingo, zertara?
Nolakoa litzake gure Zestoa? beti autoa hartu eta batera eta bestera erosketak egiten ibiliko ginake? dena izoztutakoa, kontserbakoa edo aurrez sukaldatutakoa jango genuke? erosketa etxe atarira ekarriko ligukete supermerkatu handietatik? edo dena Amazonek konponduko ote digu ba?
Ados, goseak hil ez ginateke egingo, baina hori al da gure herrirako nahi duguna? kale hutsak? hilak? Non geldituko da erosketa garaiko bizitza soziala? Non gertuko profesionalen tutorialak? Nora joango dira beti denda ixteko orduan presaka izaten diren bezeroak? nork emango dizkigu betikoa jatetik aldentzeko ideia berriak? nork zainduko ditu gure kaleak?
Zenbat galdera testu bakarrean. Ni ez nago neure buruari dominak jartzeko, neu naiz aurrena internetetik erosketak egiten, baina herrian daukaguna herrian erosteko ohitura ere badut eta hori ezin du mundu guztiak esan. Argi gorria ez dakit, baina laranja aspaldi piztuta dugula herrian esango nuke. Denak ixten ari zaizkigu eta betirako gainera. Bada garaia begiak ireki eta ohitura txiki batzuk aldatzen hasteko!
Egin zaitez bazkide