Albisteak

Herriarteko Txapelketako final-laurdenetako itzulerako partidak jokatuko ditu Zestoak bihar, ostirala

Zestoako pilotariek aurrera jarraitzen dute Herriarteko Pilota Txapelketan eta dagoeneko final-laurdenetako fasean lehiatzen dabiltza. Pasa den larunbatean, maiatzaren 31n, jokatu zituzten joaneko partidak bergararren aurka eta hiru partidatik bi irabazita, aurrea hartu zuten. Itzulerako partidak bihar, ostiralez, jokatuko dira Bergarako Udal Pilotalekuan, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Joaneko partidetan, kadete mailan, Urrestilla eta Zabalak partida ederra egin dute eta 22-7 gailendu ziren. Jubenil mailan, Azkue eta Uriak ez zuten zorterik izan eta 22-9 galdu zuten. Nagusien mailan, berriz, Sasiain eta Odriozolak garaipena lortu zuten 22-14ko emaitzarekin. Oraingo honetan ere, joaneko partidetako protagonista berdinak izango dira Bergaran.

Bestalde, aipatzekoa da zestoarrek azken aldiz 1982. urtean jokatu zituztela finalerdiak, orain dela 43 urte, alegia. Beraz, finalerdietarako sailkatzea lorpen handia izango litzateke herriko pilotarientzat.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide