Albisteak

Herritarrek etxebizitzen inguruan dituzten interes eta beharrak ezagutu asmoz inkesta bat jarriko du martxan Zestoako Udalak

Etxebizitza politikan aldaketak iragarri ditu gaur goizeko prentsaurrekoan Mikel Arregi alkateak. Gai estrategikotzat jo du etxebizitza politika. Beste zenbait herrik bezala, Zestoak ere duen kokapenagatik (kostatik gertu eta herri handiagoak ondoan) bertako gazteak eta belaunaldi berriak ondoko herrietara bizitzera joateko arriskua dagoela esan du etxebizitza politika egoki bat egiten ez bada.

Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailarekin lankidetzan

Orain arteko Zestoako etxebizitza politika promozio pribatuan oinarritu izan da orokorrean, baina alkatearen ustez, “bada garaia Zestoan beste perspektiba edo ildo berri bat lantzen hasteko” eta bide honetan, promozio publikotik etxebizitzak eraikitzeko proiektua lantzen hasi dira. Zestoako udalak bere kabuz egitea ezinezkoa dela gaineratu du ordea Arregik, baina bai beste erakunde batzuekin elkarlanean. Bide horretan, Eusko Jaurlaritzako etxebizitza sailarekin harremanetan jarri dira eta aukera ezberdinak lantzen hasiak dira. Aukera horietako bat alokairu sozialeko parke publiko bat eraikitzea da, nahiz eta badakiten gauza hauek luze joaten direla.

Horrelako proiektu erraldoietan sartu aurretik, Zestoako herritarren benetako eskaria ezagutu nahi da ordea. Etxebideren Zestoako datuak badituzte, eta badakite Zestoan batez ere alokairuko eskari handia dagoela, baina, datu zehatzagoak jasotzeko, inkesta bat egingo da aurreneko pausu modura.

Helburua belaunaldi berrien eta bizi proiektua martxan jartzear daudenen interesak ezagutzea da batez ere, baina, baita herrigunetik kanpo, auzo eta landa-guneetan bizi diren herritarren beharrak zein diren ezagutzea ere. “Herritarrei esfortzu txiki hori egitea eskatzen diegu, seguru baikaude etxebizitza politikarako proiektua lantzeko oso lagungarri izango zaigula”.

Inkestaren ezaugarriak

Datorren astetik aurrera bete ahalko da inkesta, otsailak 10 bitartean. Eskuz bete nahi dutenek Danbolin aldizkariarekin batera banatuko den orria bete beharko dute eta udaletxera eraman. Digitalki betetzeko aukera ere izango da. Horretarako estekak Udaleko eta Danbolineko webguneetan zintzilikatuko dira. Etxe bakoitzeko famili unitateko kide batek bete beharko du galdeketa. Inkesta etxeetan euskara hutsean jasoko bada ere, gazteleraz erantzun nahi duenarentzat izango da aukera udaleko harreran jakinarazita.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide