Albisteak
Hileta zibilak egiteko azpiegitura eskainiko du Udalak aurrerantzean
— 2021-03-26Zestoako Udalak ohiko udalbatzarra egin zuen atzo arratsaldean. Herriko udal ordezkariek aho batez onartu zuten udalak hileta zibiletarako azpiegitura bat herritarrei eskaintzea. Hala ere, zeresana eman zuen gai honek.
Mikel Arregi Ertxin alkateak azaldu zuen, Zestoan ez dagoela hilerrietako araudirik. Zerbitzu mota ezberdin asko daudela aipatu zuen eta epe motzean egingarria ez zela adierazi zuen, tartean, ezaugarri ezberdineko hiru hilerri ezberdin daudelako herrian. Araudi hori epe ertainean egitea aurreikusten dutela esan zuen baina hori egin bitartean, gauza batzuk erregulatu beharra zeudela: “Orain dela 50 urteko eredua dugu eta gauzak aldatu dira; besteak beste, azken urteetan hileta zibilek gora egin dute eta horiek egiteko azpiegiturarik ez genuen herrian. Orain hileta zibiletarako azpiegitura eskainiko du Udalak, Alonderoko kultur aretoa egokituko dugu horretarako”. Momentuz, doako zerbitzua izango dela esan zuen Arregik baina hilerrietako araudia osatutakoan, kuota bat ordaindu beharko dela.
Egokitzapenak
Orain arte, lur emateak udal brigadako langileek egiten zituzten. Orain, lur-ematea goizean bada, brigadak berak egingo du eta gastua Udalak hartuko du bere gain. Lur-ematea arratsaldez egin nahi bada, aldiz, ehorztetxeak kudeatuko du zerbitzu hori eta herritarrek ordaindu beharko dute. Alkatearen esanetan, elizkizun ondoren lur-emateko eredua “injustua” da: “Gorputza erraustea erabakitzen dutenek, gastu bat egin behar dute beraien poltsikoetatik edo asegurutik. Lur-ematea erabakitzen dutenek, berriz, maila batean gure baliabide publikoak erabiltzen dituzte. Hau justizia eta berdintasun kontua da, zergak herritar denok ordaintzen ditugun bitartean, herritar denok berdinak izan behar dugu eta hori momentu honetan ez ginen betetzen ari”.
Bestalde, gaur egun hiletetarako aseguruen kontratazioa “oso handia” dela esan zuen Arregik eta Zestoako lur-emateen ereduak aseguru etxeei diru hori kobratzen ez ziela uzten: “Maila batean, aseguruen lan bat egiten ari ginen, baliabide publikoak erabilita eta hartutako erabakiarekin, gauza batzuk ekidin egiten dira”.
Udal brigadako langileek lanorduz kanpo egiten zituzten lur-emateak eta azken 17 urtetan lan hori egiteagatik hobari ekonomiko “justifika ezina” zegoela azaldu zuen Arregik. Heriotzarik egon ala ez egon, urte guzti horietan hobari hori indarrean izan dela azaldu zuen alkateak eta lanordutatik kanpo sartutako orduek ere hobaria zutela. Arregiren hitzetan, “ez zen batere justua”. Hori kontuan izanda, zentzu horretan ere aldaketak egin dituztela azpimarratu zuen.
Garikoitz Mendizabal EAJko udal taldeko buruak azaldu zuen herritarrei hileta zibilak egiteko gunea eskaintzearekin erabat ados daudela baina lur-emateen inguruan hartutako erabakiarekin desadostasuna agertu zuen. Erabaki hori herritarrei adierazterako orduan “komunikazio falta handia” izan dutela azpimarratu zuen: “Erabakia herritarrei modu kaskarrean eta berandu komunikatu zaie. Bestalde, orain, lur emateak beste enpresa pribatu batek egingo ditu eta horri pribatizazioa deitzen zaio” gaineratu zuen.
Bestalde, Gobernu Batzarrean hileta zibilen inguruan hitz egin izana “gogoan ez zuela” esan zuen eta kexa hori adierazita, hurrengo batean horrelakorik berriz ez gertatzeko, informazio gehiago izatea eskatu zuen.
Egin zaitez bazkide