Albisteak

Hiru egunen ostean, Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa bihar amaituko da

Zestoako sei bizilagun epaitu dituzte aste honetan Donostiako Zigor Epaitegian, indarkeria matxistaren testuinguruan gertatutako auzi baten harira. Salaketa jarri zuen gizonaren esanetan, bikotekide ohiak eta haren inguruko lagunek bere integritate moralaren aurka jardun zuten, «hertsatze» eta presio egoerak sortuz. Defentsaren arabera, aldiz, auzipetuek indarkeria matxistaren biktima zen emakume bati eta haren semeari babesa emateko jardun zuten, elkartasun feministatik. Epaiketak hiru egun iraun ditu, eta bihar, aldeek azken ondorioak aurkeztuta, auzia epailearen esku geratuko da.

Lehen eguna, abenduak 16: akusazioaren bertsioa
Donostiako Zigor Epaitegian hasi zen Zestoako sei bizilagunen aurkako epaiketa. Lehen egunean, salaketa jarri zuen gizonak eta hark deitutako lekukoek hartu zuten hitza. Gizonezkoaren esanetan, «bikotekide ohiak eta haren bost lagunek beraren aurkako kanpaina bati ekin zioten, frogatu gabeko akusazio faltsuak zabalduz eta bere bizitza soziala hondatuz». Akusazio partikularrak bost urteko espetxe zigorra eskatzen du bikotekide ohiarentzat eta Zestoako alkate Mikel Arregirentzat, eta lau urtekoa gainerako auzipetuentzat.

Bigarren eguna, abenduak 17: defentsaren lekukoak eta Arartekoa

Epaiketaren bigarren egunean defentsak deitutako lekukoek deklaratu zuten. Haien esanetan, emakumea “beldur bizian” eta “egoera oso ahulean” zegoen, eta lagunek haren eta haurraren ongizatea babesteko jardun zuten. Saio berean, Maria Luisa Agirretxe Arartekoko letraduak adierazi zuen Zestoako Udaleko gizarte zerbitzuek ez zutela inpartzialtasunez jokatu, eta emakumearen lehen deklarazioko indarkeria matxistari buruzko pasarte garrantzitsuak txostenetik kanpo utzi zituztela.

Hirugarren eguna, abenduak 18: fiskalak atzera egin du

Gaur, hirugarren egunean, fiskalak espetxe zigor eskaera guztiak kendu ditu. Salaketa jarri zuen gizonaren bikotekide ohiarentzat absoluzioa eskatu du, eta gainerako auzipetuentzat, espetxe zigorraren ordez, zortzi hilabeteko isuna eskatu du (eguneko sei euro). Fiskalaren arabera, ez da egon salatzailearen integritate moralaren aurkako erasorik, nahiz eta «hertsatze» delitu bat egon daitekeela uste duen.

Bihar, abenduak 19: konklusio eguna

Bihar aldeek azken ondorioak azalduko dituzte, eta auzipetuek azken hitza hartzeko aukera izango dute. Ondoren, epailearen erabakiaren zain geldituko da auzia. Akusazio partikularrak bere horretan mantentzen ditu espetxe zigor eskaerak, eta epaiketako egun guztietan epaitegiko aretoa jendez bete da, auzipetuei babesa adierazteko.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 36 euroko diru ekarpena egiten duten 400 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide. Egin zaitez bazkide

Egin zaitez bazkide